Sexti'ri
Horati
Udaleneko aize bigunak Negu gordiņa du jaurti,
Ta itxas-barnera saka ditue ontzi zingilak alaiki.
Ardiak ez du eder ukuillu, goldalariak ez sua,
Onezkeroan lantzurda izoztuz ezta zuritzen soroa.
Venus Kitere or dantza-buru, illargi dala urbiltzen;
Grazi ta Ninpa'k neurrika dute, oin-arin, lurra zapaltzen.
Atertu gabe, era berean, lan dagi Vulkan goriak,
Kiskaldu nairik Kiklope'tarren sutegi nekez ausiak.
Orain egoki zaigu burua jaztea mirto muskerrez,
Edo-ta lurrak or-emen jori eman dizkigun goiz-lorez.
Gaurkoz eder da, oian beltzetan, Basajaunari iltzea
Bildots urruza naiz aume dala bere zorizko e-kea.
Balbe zurbillak, oi Sexti! berdin jo oi ditu txiro-txabolak,
Edo erregeen ate jaiki ta dorre dirdaitsu garbalak.
Bizia oso laburra dugu, ta itxaro aundiz nor saia?
Gauak bertatik ertsiko zaitu, ta ipuien sutik nork aizka?
Noizbait Pluton'en etxe larrira erortzen baldin ba'zera,
Nekez zotzean aal izango zuk ardo-erreiņu aukera;
Likida zure maite ederrakin ezingo luzez jolastu,
Naiz-eta onek eundaka neskatx maite-txinpartez ixetu.
Pirra'ri
Horati
Quis multa gracilis...
Gazte eder ori nor duzu, Pirra,
usaiez dana joria?
Atsegin-lore, zuri joa du
beraren biotz goria.
Orrentzat ote, urre dizditsu,
apaindu zuk illedia?
Baiņa zoria duzu txit zital,
maiz dakusgu oin-koloka:
eta askotan -bai ta orrek ere-
negar egingo oiuka,
itxas-aizeak ikusirikan
naspil-ekaitzez orruka...
Oi! orrek orain, pozaren mende,
zure eder dirdaiz ustetsu,
lizunez bigun, maitegar-gainka,
beretzat bakar nai zaitu;
ta zure gogo iraul-zitalak
zer aize dun ez ulertu.
Nik ez nai orla... eta leenikan
-ikus elizan ol deuna-
itxas-jainkori eskeiņi nion
ene soiņeko kutuna,
zure liskarren ur ezaiņean
oņoiz ondatu nuena.