inprimatu
Olerkia
Izenburua:
Olerkia
Sinadura:
Abel Enbeita
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Enbeita, Abel

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1991
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1991
Orrialdea:
195-197

Olerkia

 

Abel Enbeita

 

 Hau ez da olerkia,

 hau ez!

 Zer bada?

 Lo ezinik dabilen harkatza,

 Zerbalt idaztean lasaitasuna

 sentitu nahi duen indarra,

 indar latza...

 Hemen BERA da ardatza ..

 

 Ez, hau ez da olerkia,

 olerkia arte bat da.

 Hemen, ordea, arteak,

 BERA baizen artea,

 ihes egin du...

 Hauek bihotzaren zartadak dira,

 artea galdu duen blhotzaren

 zartada korapilotsuak,

 askatu nahi duten korapilo

 lotuak, presoak...

 

 Blasta... eta blasta gertatu zen...

 Egun gozoa,

 argi zegoen,

 hura giroa...

 Eta... blasta!

 Dena ilundu zitzaidan...

 Irriparrezko sua, humorearen ardatza,

 poza zen BERA...

 Eta... blasta!

 Dena goitik behera,

 matrail hezurrean, gogor,

 eman zidaten,

 horrenbeste ote nuen zor?

 llusio bizia zen,

 bizitzaren bizi nahia...

 Bazuen garaia!

 Baina... blasta!

 Bizitzari heriotza gainditu zitzaion,

 gauak irentsi zuen,

 berez argia zena,

 argi indarra...

 Gauak eztali zuen dena.

 Eta... blasta!

 Hustua, galdua,

 malko erreka

 bilakatu nintzen...

 Mundu madarikatua!

 Gorputz atalak,

 atal guztiak,

 min egin zidaten,

 bihotzak eztanda,

 irten, korrika hasi...

 Ihesi zijoan lagunaren bila...

 bazijoan ihesi...

 korrika egiteko gogoa

 sortu zitzaion.

 

 «Aita...» esan zidaten...

 Lau begi, lau ispilu,

 ez zuten ulertzen tutik...

 Negar zotinka, lehertuak

 baina zutik...

 

 «Aita lasaitu,

 Ama joan zaigu...

 baina ez du sufritu...»

 

 Bi kimu gazte,

 ederrak, gordinak,

 bizi izateko bi arrasoi...

 maitasunak eginak...

 Baina txertatu, laztandu, maitatu

 eta bizi izan zituanak ihesi...

 

 «Aita lasaitu...»

 Ez nuen sentitzen

 amorrua besterik,

 amorrua sortu zitzaidan,

 zerbait hausteko gogoa,

 derrigorrezko gogoa...

 Baina zerbait horrek ere

 ihes egin zidan

 

 Lagunez inguratua,

 babestua, maitatua nintzen...

 eta ez nintzen ezer,

 inor sentitzen...

 Bakarrik,

 bizia edo hila,

 ametsetan ala itzarrik,

 nola nengoen?

 Ez nekien...

 Triste...?

 Ez! Ez zen tristura.

 Hiztegiek ez dute

 hura deszifratzeko hitzik.

 Nola nengoen ordea?

 Hutsik!

 Bizi? Zertarako...?

 Bizia zenak ihes egin badit...

 Zertarako...?

 Sostengua hautsi bazait...

 Zertarako...?

 Merezi ote du?

 Bizia! Bizia...!

 

 Ba ote dago bizirik...?

 Bertsoak entzun nituen...

 HARK maite zituen bertsoak!

 Zeruan IZAR bat gehiago

 bazela esan zuten;

 Klabelin eder eta usaintsuarekin

 parekatu zuten...

 Denak maite zuten,

 maite gintuzten...

 Baina nik ezin nuen

 bertsorik egin;

 malkoek ez zidaten

 IZAR berria ikusten utzi;

 klabelinari ez nion

 usairik hartu,

 ez nintzen geldi egon,

 eta ibiltzean nekatu... Z

 entzu gabeko automata

 bihurtu nintzen...

 Dena zijoan ihesi,

 eta ezin geldiarazi...

 

 Txalaparta hotsa!

 Jendetza...

 «zurekin gaude...»

 «gogor eutsi...»

 «Aurrera...»

 «Semeengatik...»

 «HARK horixe nahiko zuen...»

 Besarkada bakoitzarekin

 lotuta zijoazen hitzak...

 Eta nik,

 entzuten banituen ere

 ez nekiala entzuten nituen.

 «Eskerrik asko...»

 Eztarri korapilotsuak ahal zuenean

 erantzuten. .

 Hitzak...

 Hitz kontsolagarriak,

 neuk neure lagun bati esango nizkionak,

 eskertzekoak...

 Haizeak eten gabe

 errepikatzen zituen hitzak,

 lagunen lagundu nahiak zotinez esanak...

 eskertzekoak,

 eskertzen nituenak.

 

 Baina egunak ilun jarraitzen zuten,

 eta dute...

 Maiz laburregi eta ezti

 bihurtzen ziran gauak

 laztu eta luzatu egin dira;

 burukoak busti,

 ezin berotu...

 HAREN tokia hutsik!

 Ez ninduen besarkatzen,

 laztantzen...

 Arnasa beroa, HAREN arnasa beroa

 geldi zegoen...

 Ez nuen entzuten hitzik...

 HAREN hitz gozotik...

 HURA falta...!

 Zertarako bizi..?

 Ba ote du zentzurik...?

 Eta berriro ere haizearen oihartzuna...

 «Aurrera.. »

 «Semeengatik...»

 Eta abar... eta abar...

 Buelta eman eta negar...

 

 Lagunak inguruan...

 galdezka:

 «Zer moduz?»

 «Anaia, koinata, Ama, Etxean...?

 «Nola semeak...?»

 Erantzun...?

 Nola erantzun?

 Neuk ere ez banekien...

 Ondo... Gaizki...?

 Ez nekien nola zeuden,

 nola nengoen...

 

 Ez naiz sentitzen,

 dena falta zait,

 hutsik nago...

 Ahaztu, beste zerbaitetaz

 pentsatu nahi nuke,

 baina ezin dut...

 Kozkordu, edan,

 irrintzika hasi nahi dut,

 baina alperrik, ezin dut. .

 Toki guztietan dago...

 «HOri ez egin...»

 Goxo-goxo, irriparrez,

 errepikatzen dit...

 Heldu nahi nioke,

 besarkatu indarrez...

 Baina haizea da,

 BERE gogoaren haizea,

 maitasunezko haizea...

 Deitzen diot,

 baina ez daukat erantzunik,

 eta ezin diot heldu...

 Zenbat maite dudan nik...!

 Dena den hortxe dago,

 sentitzen dut...

 Haizea da...

 Bizitza madarikatu hau!

 Eta ezinak inundatzen nau

 Baina HAREN gogoak,

 HAREN arnasak,

 HAREN biziak neregan dirau.

 Ez diot agurrik egin,

 ez eta egingo ere,

 ez diot egin nahi...

 Ez da joan,

 neregan dirau

 Nahiz eta ez ikusi,

 amorruak,

 ezinaren amorruak,

 barrenak hautsi,

 malkoak sarritan

 matrailetan saltari,

 alperrik da guzti hori,

 hortxe zaude...

 Nahiz eta dena bihurtu hautsa,

 berriztatu ezina

 hortxe zaude,

 neregan zaude

 eta maite zaltut,

 benetan maite zaitut,

 inoiz baino gehiago maite zaitut!

 

 


inprimatu