inprimatu
Gabonak
Izenburua:
Gabonak
Sinadura:
Luis Baraiazarra
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Baraiazarra, Luis

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1985-1986
Orrialdea:
326

Gabonak (1985)

 

 Kalez-kale zorion

 emanez elkarri; (bis)

 kanta-algaraz

 nahi dugu, beraz,

 Gabon iragarri. (bis)

 

 Beti bezala apain

 alaituz begia,

 aurtengo Gabon festak

 hemen daude ia.

 Denok pozez jartzea

 da umeon lehia,

 etxetara zabaldu

 Eguberri deia. (bis)

 

 Jaiotzak betetzen du

 egun hau urtero,

 erregaluz beterik

 dator Olentzero;

 Gabon ta Urteberri,

 Erregenak gero...

 jo dezagun pozarren

 soinu ta pandero! (bis)

 

 Belengo Umetxoa

 da gure altxorra

 zeruak eman digun

 maitasun sarkorra;

 entzuten ari gara

 musika jatorra:

 Aingeruen txirula,

 artzainen danborra. (bis)

 

 Umore freskoz dator

 haize hozkirria,

 ea loratzen zaigun

 ahoan irria;

 jolasti-aurpegiaz

 hor Eguberria,

 ariman egin digu

 pozezko zirria. (bis)

 

 Laster garai hobeak

 badatoz, agian

 Gabonek piztu duten

 zorion argian,

 herrientzat bakea

 batasun harian,

 hori nahi genuke

 guk jaion atarian. (bis)

 

 


inprimatu