Gizakia, etorkizunerako lore irekia
Martin Iturbe Balda
UDABERRIA
Itsasoko orruak baretzen doaz
argi berriak, besarkada epelez,
Izadi goibeldua muxukatzen duen neurrian.
Otzaren luzeak ikaraz dardaraka zekarzkian
adar soilduak
ale berrien jabe izango zireneko itxaropena
ebatsi zienez gero.
Eguzki nagusiaren ahalmen gartsuak
zarpildu ditu, ordea, behin berriro,
elurte bildurgarriak erne zituen zalantzak.
Mendi-egaleko babes goxoan itsatsirik
begixuri jeiki zen baserri urtetsuak,
alaitasun-algaraz
ireki dizkio, zirrizkun aberats daramazkian
leho artesituak,
argi-printzetan albixtari datorkion
eguzki osoari.
Urteen luzeaz zaharturik zetzan seaska laburra
loredun esnatu da, gaur goizean,
itxaropen elbarrituak naigabeturik zeraman
andre harek
haur erne berria biziaren jabe biurtu duen orduan.
Etxeko txoko bakoitza
pesta-oihuz lehertu zaigu
jostaillu bizidunak etxeko erregetza
eskura duenaren pozetan.
Ongietorrizko txaloz ezin asperturik dabil,
bere burua «AMA» biurtu duen emakume zorionekoa.
Ixiltasunaren egopean gorde ezin zituen
dardara geldigaitzak
pozaren ume biurtu zaizkio, ama berriari,
begi oparoetako malko ugarietan.
Poza eta zalantza
alkarri korapillaturik dagoz
amaren amets-kabi sakonean.
Arrigarria da, amak,
ixil otoitzezko marmarretan
etorkizunari dagion orrua;
Izpiz izpi,
gerta aiñean jakin beharko direnak
ezkutuki zaizkio gizaki presatiari;
hala ere, guztia jakin nahiak
eragin zorrotza du gure buruetako ari ezkutuentzat.
Seaskak baleki amaren berri!!!
Haurrari itsatsi ahal balitzaizkioke
amaren amets mugagabe hoiek!!!
Aingeruaren beraren zelaiak ere estuegiak dira
jaio berriarentzat «sari» daitezen
ama asekaitzaren iritzietan.
Goi-gallurretako errege izatea dagokio
ama guztien ume bakoitzari...
Urrutiak ez du esirik...
Amaren begietarako haurrak dakarren
edertasunak
eguzki beraren edertasuna
illunpearen senide biurtzen du!
Zer ote dauka gorderik etorkizunaren giltzak,
gaur goizean aize guztiak pozetara dardaratu dituen
gizaki erneberri honentzat?!
UDA
Ama aundiak eskeñi zion itzaletik
lur azpiko zaiñ eskutuetaraño xurgatu zuen
azkurri osasungarria
landare errotuaren aho irekiak.
Eguzkiaren beroaz nagusitu da
udaren esku trebea.
Landaretxo makalen bildurrak
lore ugariz aberastu dira
beroaren aginte goxoaren eragiñez.
Erauntsi zakarrak zarpil dezake, bai, oraindik,
begiratu biguñez argia besarkatzen ikasten ari den
landare goiztarra.
Sukaldeak ba du naikoa kezka
haur bixiak
behar ainbateko sendotasunez
oiñak lurrari
itsatsiko ez ote dizkion zalantzatan.
Xamurragoa zen seaskaren besarkada,
guztia besterenetik oparotasun neurrigabean
landare berri harek guztia ahora zuenean...
Nor bere buruaren jabe izateaz
nor berak erabakiak artzera arrixkatu beharra
ez da nolanahiko auzia.
Amaren ametsak «egia» biurtu behar badute,
adar kimatuaren samiñez,
lur berriari itsasten eta han bertan errotzen
joan beharko dute
jaioberri izatea atzean utzi zuen
gizaki haren ahalmen ernalkorrak.
Poz eta itxaropen berri baten albixtea
eskeintzen dio
egunak egunari.
Bere izan soillean gelditzen den landarea
eriotzaren maiztar daiteke;
Lurraren ezeak eta eguzkiaren epelak
babes bizigarri dariote, ordea,
bakoitzak bere egitekoa beteaz
guztien arteko edertasunez gaiñezka dedin Izadi ongillea.
Egun batez,
amets minberatuen albotik,
gerriondo berriarentzat mentu-gai dator
ordura arte,
amarik ezean,
arnasa gal zezakeana.
Amaren azken agurra, malko eta zotiñ,
asaba zaharrez bedeinkapenaren antzera
eragin zorrotza gertatu da semearentzat,
semeak, berak,
bere indarren ahalmenez,
aledun biur ditzan
kimu berritara lehertzen daramazkian
gazte-amets-erasoak.
Bijoa aurrera, gau illunean bada ere,
jomuga arrotzetarako bidea oinpean borobildurik
daraman ibilkari ausarta.
UDAZKENA
Bero kixkalgarrien orruak
epelezko magalera makurtzen doaz.
Igalien ugariaz nekatutako adar ongilleak
aski dute, orain,
eguzki xamurraren besarkada biguña.
Eguzkia, nekatu antzo,
urrutiko mendi-ertzean etzan guraz dager;
beatz luzezko argi-izpi gorriz
damaie bere azken agurra
ortzi urdiña zaintzen gelditu diren
odei-multzo zuriei.
Esker onez gorde nahi luke, besarkada estuan,
argiaren erregek txertatu dion
emaitza sutsua.
Atsegin zaio katu beltxari
udazkeneko arratsaren egalean
adarrari itsatsita jarraitzeko indarrak galduaz,
betirako bide ertza laztandu duten
ostro orbelduak ehoturiko ohe biguña.
Orbelari darion usai igartuak
badirudi itxaropen guztien atariak
utsaren magalera murgilduko geranaren
epaia erabaki duela.
Itxurak ez du, ordea,
auzirik erabakitzen.
Biziaren mamia gorderik gelditu da
zugaitz sendoaren sabelean.
Zaharzteaz, orbel ugari
garai batetan
maitagarri zitzaizkion
ostro biguin ugari
baztertu behar ukan ditu zugaitz iduri den gizakiak.
Aldakorra eta aurreratzaillea da gizakia.
Geldiaren egonak, burnirik gogorrena ere
erdoi biurtzen duela ezin aaztu daiteke.
Gizaki erdoitua baño birao aundiagorik nun ote?
Uda beroko bide kixkalgariak igarotzeaz gero
zokora gelditu diren orbel igarren albotik,
bizitza oparo baten aberastasuna
aberaskirik gaiñezkatuena bezela
jaulkitzen da.
Ongia egiñaz nekatu ez den gizaki-soiñak
ez du zokorako ere balio; gogaitgarri da guztiz.
Bidegalduei eskua luzatuaz
izerdi ernalkorrez
bizitzako uda igaro duenaren soiñak
ba du eskubide,
orbel izpiak utziaz
gaztetako ostro orlegi,
garai hartarako beharrezko ostroak
orbel izpiak utziaz, bai,
ba du eskubide
bizitzaren mamia ondorengoei eskeintzeko.
Eriotz illunaren ordez,
bizitzako mami hori azi estuetan borobildurik
gordetzen du gizaki osatuak,
ondorengo Gizaldiek ernegai ziurra
harengandik xurga dezaten.
Haur txikia seaskara ernetzekoan
amaren buru asekaitz hartan sortu ziren
amets ulerkaitzak,
ama il ondoren loratu dire
fruitu iraunkorretara.
Zoritxarrekoak,
gizatasun jatorrari uko egiña,
sortu zituzten ama haien ametsak
erdoi-girora itsatsi zituzten
orbelezko gizakiak...!!!