inprimatu
Andere haundi
Izenburua:
Andere haundi
Sinadura:
Daniel Landart
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Landart, Daniel

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1982
Orrialdea:
7-8

Andere haundi...

 

D. Landart

 

 Andere haundi, andere haundi

 Andere haundi bat iduri

 Itzuli-mitzuli...

 Begi-keinuka, ardura deika

 Andere hori ari zait neri

 Itzuli-mitzuli

 Dena tripustelkeri.

 

 Andere haundi, andere haundi

 Haundi bezain itsusi...

 Itsusi, itsusi:

 Suge eztena, zaia beltzak

 Heriotzearen hortzak

 Andere hori, andere hori

 Ezin dezaket ikusi

 Baita zinez beldurgarri.

 

 Andere horri, andere horri

 Iheska nabil, iheska

 Noiztenka, noiztenka...

 Baina ba dakit, ba dakit garbi

 Bihar edo etzi

 Andere horren beso artera

 Beharko dutala erori...

 Erori, erori.

 

 Andere horrek, andere horrok

 Behin betiko

 Bereganatuko nauenean

 Egun batean

 Ez dut nahiko

 Lorerik

 Nigarrik

 Are gutiago Laudoriorik.

 

 Ehortz nezatela. ehortz nezatela

 Langileak, LANGILEAK

 Ehortz diren bezala:

 Xume-xumeki; xume-xumeki.

 

 Eta zilo barnean

 Geldituko naizenean

 Bakar-bakarrik eta hotz-hotza

 Hotz-hotza

 Zuen bizitzak segi beza,

 SEGI BEZA!

 

                                                                   1975/5/26-an

 

 


inprimatu