Garbitokia
Dante
euskaratzailea: Igotz
I Kantua
MUIÑA:Musai deika. Olerkariak dioskunez, bidariak (Bergili'k) eta berak,
egun-urratzez ugarte baten daudela, Utika'ko Katon atzematen dute.
Garbitokira igoteko baimena du, ta itxasora doa Bergili'rekin. An, Katon'ek
esana egiñaz, Bergili'k aurpegia txautzen dio Dante'ri, baita ziizko gerrikoa
soiñeratu ere.
Urobeak zearka-naiez oialak jasoten ditu orain ene asma men-ontzixkak, gibelera
utziaz itxaso egiazki zakarra; eta bigarren erreiñu artaz dut abestuko, giza-
ezpiritua gardostu ta zerura igoteko gai egin oi danekoa. Zuzper bedi emen,
Musa deunak!, olerki illa, zeuona nauzue-ta; betorkit emen Kaliope bidera
laguntza eskeinka, zori gaiztoko Mike aiek bere barkamen-itxaropidea
galtzeraiño eratxita utzi zituen abots arekin, ain zuzen ere.
Sorkaldetiko zafir kolore leunak, egurats-kera geldia, leenzeruraiñoko
guztian garbi ixuria ta urtua agertu zitzaidan, oso atsegintsu, biotz-begiak
min-azi zizkidan arnas-aize bizigetik irten nintzanean. Maitasunera deragigun
izar diztitsuak sortalde guztia jarten zuen irripartsu, jarraika zetorkion
Arrai-moltsoa estalpe arturik. Eskuirantz nintzan itzuli, beste goi-buruan
begiak ezarriz, eta leen-gizonak ezik iñoiz ikusi gabeko lau izar ikuskatu
nituen. Eztitan zirudian zeruak bere argizko zirt-zirt betean. Oi iparralde,
leku its, ezin dituk ik tokiok ikuska!
Aiek begiratzea etenik, beste goi-bururantz biurtu nintzan pizkat,
dagoneko Gurdia agertuz zijoanerantza noski, ta neregandik urbilxe zaar bat
ikusi nuen, bakarrik eta begiramen-duin oso, seme batek ere aitari zor ez dion
ainbat, alegia. Luze ta urdiñez zuritua zan aren bizarra, zuriak baita bi
txerlotan ari bular-gaiñ erortzen zitzaizkion illeak ere. Lau argi santuen
erraiñuak, ainbesteraiño estaltzen bait zuten argiz aren aurpegia, eguzkia aren
aurrean ba'legokean nekusan nik. «Nor zerate zuok, ibilli dabillen ibaiaren
aurka, betiko espetxetik ospa egin duzutenok? jalgi zuen ark, bizar agurgarri
ura dardaraziz. Nork zuzendu zaitue ona? Edo nork argi egin dizue sulezeko
ibarra beti zurbilla iraun-azten duen gau naasitik irtetzeko? Barrenlegeak ausi
ote orrela? Edo-ta lege berriren bat eman ote da zeruan, gaiztetsiak nere
arpeetara etorri daitezen?»
Nire bidariak ordun oratu nindun eta itzez, eskuz eta kiñuz, belaunak
tolestu ta begiak beeratu nitzala, begirunerik lotsenaz adierazi zidan.
Erantzun zion ondoren: Ez natzaizu nere oldez etorri; emakume bat jatsi zait
zerutik, nere laguntza oni eskeiñi nezaiola, eskatu zidan. Ala ere, zure naia
dan ezkero gure izaera egiazkoa dan bezela azal dezaiguzula, ezin dezakezut
iñolaz ere nik ezer uka. Onek ez du oraindik bere azken gaua ikusi; bere
erokeriz, baiña, urbil-urbil ibilli zalarik, arte laburra gelditu zitzaion
biurtu al izateko. Esan dudanez, arengana bial ninduten gaizkatu nezan, eta ez
zegoen beste biderik sartu naizen au ezik. Gaiztetsi guztiak erakutsi nizkion;
orain, ordea, erakuts nai dizkiot zure zaipean txautzen diran ezpiritu aiek.
Luzea litzakit nola ekarri dudan onaiño esatea; goitik datorkit zu ikusi ta
zuri entzuteraiño ekarten lagun egin didan indarra. Ar ezazu adeiz beronen
etorrera: oso maitagarri dan askatasunaren billa dabil, beraugatik bizia utsean
eman duenak dakianez. Zerorrek ere ba-dakizu, argatik ez bait zaizun mingatz
izan Utika'ko eriotza, an utzi zenuen-eta egun aundian dirdaitsu agertuko dan
gorputza. Gugatik ez dira atzera laga betiko erabakiak; au bizi da, bai, eta
Minos'ek ez nau lokarriztatzen ezertan, zure Marzia'ren begi garbiak dauden
birundan naukazu-ta: au, oraindiño ere, zeuretzat euki daizula, biotz aundi!,
eska dago, itxura danez. Beronen maitasunarren, ar itzazu gure naiariak: utz
iguzu zeure zazpi erreiñuetatik ibilten. Geure esker-ona eramango diot berari,
zillegi utzi ba'zenigu an beean zure aipatzerik.
«Marzia esan zuen orduan, an izan nintzan bitartean guztiz bait zan
atsegingarri nere begientzat, eder naiz atsegin eskatzen zidan guztia egiten
nion. Orain, ibai zurbillaren andikaldean bizi dalarik, ez du aalik neregan,
gorputza utzi nuenean emana izan zitzaidan legeagatik. Ala ere zerutiko emakume
batek eragin eta zuzendu ba'zagiz, esan duzunez, ez duzu laztan-txera bearrik;
aski zait zuk aren izenean neri eska dezaidazun. Zoaz, ba, ta eizu beste onek
gerrira dezala eia-zume aratz bat, eta ikuz ezaiozu aurpegia duen loi guztia
itzungi arte, ez bait da egoki begi laiñoztatuekin aurkeztu dadin atseden-
tokiko aien artean lenengo dan arduradunen aurrean. Ugarte txiki urak, biran,
olatuak joten duten saietsetik, eiak dakartzi lokatz bigun gaiñean; ostoa
dakarren beste landararik, iraun dagianik beintzat, ez da gauza an bizirik
irauteko, uiñen eragiñera ez litzateke makur-aziko ta. Orren ostean, ezpei
emendik izan zuen itzulia; oraintxe berton jaikiz datorren eguzkiak erakutsiko
dizue igoera obea mendiari gaiñak artuz».
Au esanik ezkutatu zan; ni, berriz, ixil-ixil zutitu ta bidariari
urbildu nintzaion, nere begiak onengan jarririk. Bertatik asi zitzaidan
mintzoz: «Jarrai ene oiñatzai; biur gatezan atzera, zelaiune au emendik
beerantza azken ordarreraiño doakigu-ta».
Goiz-ugatsa, aurretik iges zioana, gaillenduz zeukan orduko egun-
txintak; urrundik oar bait nintzan itxas-ertzeko olatuen ukal. di eragiñaz.
Zabaldi bakartian zear genbiltzan biok, galdutako bide-zidorrera itzuli naiez
ibilli ta ibilli ta bera idoro arte alperrik dabillela uste duen gizonaren
antzean.
Ara, intza eguzkiarekin liskar-azi ta, toki aiñubetsuan bait dago,
gutxi-gutxika urtzen dan lekura eldu giñanean, nere maisuak belarxe gaiñ ezarri
zituen goxo-goxo bere esku biak zabalik, eta nik, ark nai zuenaz oar
nintzalako, arengana zuzendu nitun nere masail malkoz bustiak; eta berak egin
zuen, igurdizi leunez, sulezak ezaindu zidan kolore ura berriz ere gelditu
zedin agiriko.
Ondartza bakartira iritxi giñan gero, bere ur-gaiñ ibilli ta atzera
itzultzeko gai izan dan gizonik iñoiz ikusi gabeko ondartzara noski. Antxe
gerrikotu nindun besteak nai zuen bezela; eta, oi arrigarri!, landara umilbera
susterretik atera zueneko, beste bat erne zan bat-batez lengoa erauzia izan zan
lekuan.