Horati'ren odak
(III'garren sailla)
Horati
euskaratzailea: Aita Onaindia
XVI{TITULUA}.{TITULUA}Mekena'ri
GAIA:Dirua ez dugu edozer gauza, len eta orain berak baititu iriki ate guztiak.
Orati'k Mitologi'tik eta Edesti'tik arturiko gertatu te ulerbidez poliki
azaltzen digu gai au, poema lirain onetan. Urreak ipiñi zuen Danae Jupiter'en
eskuetan; bere bitartez lurralde zabalak menderatzen dira, saldukeri aundiak
egin ere bai; azaletiko dizdiza ekartzen digu, baiña ez iñolaz ere gure
barrenak opa duen zort ona. Orati'ri beintzat etzion eman, zeruak nai zuenez
erdiko maillan jarri zuelako pozik bai zaigu agertzen oda onetan.
Inclusam Dancen turris aenea...
Gau-maitaleengandik naikoa jagona
zeuzkaten bai Danae atxilo artua,
borontzezko dorreak, ate txit sendoak
ta zakur zaindari zurbillak:
5 neskatx izkutuaren jagole Akrisi
bildurtiz Jupiter ta Venus ixekatu
ezpalira. Auek bait-zekiten bidea,
Jainkoa urre itzuliz, egoki.
Gezilari erditik joan oi da urrea,
10 tximista erorteak adiña kementsu
altzak ere puskatuz. Gerkar aztiaren
etxea lukurrez zan aitu.
Makedar gizak uri-ateak doaiez
arraildu zitun, eta errege buruak,
15 bere etsaiak, eratsi; doaiak uzkaltzen
ditu ontzi-buru ezkaitzak.
Diru ugarituari ardurak jarraitzen,
ta geiagoren miñak. Zaldunen ospea
zeran Mekena, iguin izan nun burua
20 lar gora nabari jartzea.
Nainork, diru-griñari uko ein neurrian
jainkoen eskutik du artuko. Billoisik,
ezer nai eztutenen gud-oiñera noa,
iges, aberats-sailla lagarik.
25 Aberatsago nauzu etxeguntza utzian
nere aletegian bildu ba'nu baiño
pulletar langilleak, on artean txiro,
areatzen duen guztia.
Aprika joriaren jabetza duenak
30 ez daki ur garbi latsak, idi-lan gutxiko
basoak eta uztaren erantzun ziurrak
zori utsa dakarzkitela.
Kalabri'ko erleak eztirik ez eman
arren, nire ardoak lestrigoni-suillan
35 zaartu ez, eta txima ugaririk prantses
pentzeak niretzat azi ez:
Nigandik alere urrun ezeuki nekaitza,
ta geigo nai ba'dut, ez didazu ukatuko.
Diru-gosea itorik ditut ordainduko
40 obeki zerga ñimiñoak;
bai, Aliate'n ala Migdon-alorrakin
bilduta baiño obeki. Asko nai dutenak
askok uts eman. Ongi da Jainkoak,
esku urri, naikoa emana.
Oarrak. 2. Akrisi, Argos'ko erregeren alaba; aitak, au da, Akrisi'k, bere
alaba, billoba baten eskuz ilko zala azti baten bitartez jakiñik, burnizko
dorre baten izkutatu zuen, ate ta zaindariekin inguraturik, seme-alabarik izan
etzezan; baiña Jupiter'ek, dorre barrura ur antzo ixuririk, errege-alaba
onegandik seme bat izan zuen, Perseu zeritzan.11. Anpiarao dugu azti ospetsu
au; Adrasto bere anaia, Argos'ko errege. Aberaskien euki-miñak ondatu zion
etxea oso-osorik.13. Pilipo dugu au, Makedoni'ko errege, bere kemenez eta urrez
gerkarren aginterririk geiena menderatu zuena.31. Gaurko Digenza, Orati'ren
udetxea zegoen tokiko Bandusi urestatzen zuen errekaztoa.33. Kalabri'ko erleen
eztia oso eder-etsia zan.34. Au da, txantxil baten, ots, Formi'ko pegarrean.
Lati'n, Kanpani'ko itxas-ertzeko uri oni gaur Mola di Gaeta lenago lestrygum
zeritzaion, Lamo'k, lestrigondarren bakaldunak jasoa izan zalako.35. Gali
Alpes-emendikoa, bertako ardien illea txuri-txuria baitzan, Po ibaiaren alderdi
bietakoena batez ere.41. Aliate, Lidi'ko errege, Kreso'ren aita, 617-
560'garren urteetan, Kriso'ren aurretik, bizi izan zana.
XVII. Eli Lamia'ri
GAIA:Oda au olerkariaren jolasketa besterik ez duzu. Bertan goratzen du Eli
Lamia'ren jatorri argia, Formi'ko len-errege izan zan Lamo'ren ondorengoa
noski; gure kondaira-orriak diotenez, uragandik bai dator lamitarren izena.
Eli'ri diotsa egun onak gozatu ditzala, sendi ta jopu guztiekin bere zoria poz-
pozik jaituaz.
Aeli, vetusto nobilis ab Lamo...
Eli, Lamo zarreko gizon aundikia,
emendik ei dakarte, ba, len-lamitarrak
eta auen ondorengo etorki guztiak,
edestiak dionez, deitura bizia;
ta Formi'ko muruak ark jaso zituan,
5 uagandik dakazu zuk ere odola,
ta Marika ur-egalez luzatuaz doan
Liris lurralde nasai guztian nausi izan.
Biar, Euro'k sortazi ekaitz loka batek
10 Orri askoz ereingo du usa, t'alperriko
alokaz ondartzea, belatxinga zarrak
bere euri-igarkizunez ipui ezpa-dio:
Al duzuño zamatu zeure sukaldea
egur leorrez; biar ardoaz atsegin,
15 eta, lanik ez duten otseiñak taldeko,
bi illabeteko esne-txerriño batekin.
Oarrak.7. Kanpani'ko itxas-aldeak Marika izena zekarten, lurralde ontan errege
izan zan Kirke'gatik, onen eriotz ostean batez ere.8. Liris, gaur Garigliano,
ibilli nagian Marika'ko ur-ertzak miazkatzen ditun ibai.9. Euro, neguan
eguzkialdetik datorren aizea.11. Egazti au, irureun .bat urtetan bizi izaten
zala esan oi zuten lenago; bere kua-kua ta urubia euria iragartzen ornen du.
XVIII. Paun'i
GAIA:Olerkariak Paun jainkoaren babesa eskatzen du bere zelai ta alorrentzako.
Bere lur zear biotz-bera igaro ditela; ez dezaiola kalterik bere talde
samurrari, esker onez beterik eskeintzen dizkio, ba, aume bat, ardoa ta ke
usaitsua. Lotazilleko gauez ospatzen duten jaia marrazten du. Faunalia deitu
jaiak alere otsaillaren amairuan ospatu oi ziran; orixegatik, Orati'k emen
zeazten digun jai au Mandela auzokoa edo izango zan.
Faune, Nympharum fugientum amator...
Paun, Ninpa igeslarien maitale kartsua,
zatozkit otoi biotz leun nere mugalde
ta soro zabaletaz, ez jun nere talde
txikiari on egiteke:
5 aume guri bat illik baita urtero jausten,
Venu'ren sendi-ontzian ezta peit arnoa,
ta aintziñako opamaiak aterge du ixurtzen
ke-moltso ugari usaitsua.
Zelai belartsuan jai dagi talde denak,
10 lotazilleko nonak zutzat itzultzean:
auzoak lanik gabe, idi geldiekin,
jai dagi pentze ta larrean.
Otsoa dabil bildots ausarti artean;
zuretzat du oianak edatzen ostoa;
15 jorratzaillea pozik da oiñez irutan
ertsi dulako lur-zorua.
Oarrak.1. Paun, Marte'ren seme, alorretako jainko. Uste zanez, Arkadi'tik
Itali'ra igarotzen zan otsaillaren amairuan, eta emendik ara lotazillaren
bostean; eta bai etortzean bai joatean, jai bereziak egin oi zitzaizkion.3.
Izan mesedegarri nere aume ta bildots tipientzat.10. Lotazillaren
bostgarrenean, zuri eskeiñitako egunean, abere guztiak jauzi ta gora dagite
beren bazka-lekuetan.15. Jorratzailleak berak ere pozik aurkitzen ziran, olako
jaietan, egunean iru aldiz dantzatzeko astia izan oi zutelako.
XIX. Telepo'ri
GAIA:Akar dagio txantxetan bezela Telepo'ri, onek bada aintziñako kondaira
guztietan ixillik uzten du orduko bizitza pozkor eta atsegingarria. Kodro,
Inako, Eak'en etorria ta Troia'ko gudaketak gogora dakarzki, baiña ez du ezer
ere aipatzen orduko ardao ospetsu, ezkotegi samur eta jolas-etxeetaz. Auek ere
eztira ixil-zulo uztekoak.
Quantum distet ab Inacho...
Inako'gandik aiten erri alde iltzeko
izukor ager etzan Kodro'ganagiño
zenbat urte lez ziran jun galdetzen duzu,
t'Eako'ren sendia ta Ilion sakratu
5 ondoan izaniko gudate gordiñak;
baiña ez diozu, ez, zegan dan erosten
Kio'ko ardo suilla; nork epeltzen duen
suarekin ura, zein etxetan t'ordutan
Peliño'tiko otzaz askatzen naizen.
10 Ekatzu bizkor, ume, txol betea Illargi
berriaren deduz, gau-erdiaren deduz,
bai Murena aztiaren omenetan ere!
Edariak, iru naiz bedatzi txikito
txit egokitan bear dira naspillazi.
15 Musa bakoiti zale dan koplari zerbelak
irutan iru ontzi ditu eskatuko.
Liskar-izu Esker'ak, aizpa billuzekin,
irutik gora ukutzen eztizu utziko.
Txoro ibiltzea, eder zait. Zergatik eten
20 berezinti-txirul ots bizi gozatsuak?
Txistu-lirak zergatik mutu, zintzilika?
Esku utziak iguin nik; edaztu larrosak;
entzun bei ots zoroa Liko bekaiztiak,
baita arekin aier dan auzokoak ere.
25 Zu nai zaitu, Telepo, Errode egokiak,
ille-eder, ta Arrats-izar diztirakor ide.
Ni Glizere'n maite-su illak nau erretzen.
Oarrak.1. Batzuk diotenez Inako'k eraiki zuen argibutarren aginterria; beste
batzuen iritziz, asmakizun bat eztugu besterik.2. Kodro, Atenai'ko errege izan
zan. Bein, doritarren aurkako gudan zebillela, goi-argiz jakin zuen alderdi
bietatik buruzagia iltzen zitzaion erriak irtengo zuela garaille. Ta zer egin?
Kuku-marro jantzi, ta etsaien arteko gudari batekin burrukaturik, onek ilda
erori zan. Eta orrela beretarrai eman zien garaipena.4. Eako'ren ondoren edo
sendiko Peleu, Telamon, Akile, Neoptolemu, Aiax eta Teukro izan ziran.7.
Grezi'ko ardoen artean entzute zabalena Kio'koak, Lesbos'ekoak eta Tasos'ekoak
zuten.9. Peliño mendiak ziran Kelano zingira biratzen duten Apenino aldekoak;
gaillur auetatik putz-egin oi zuen aizea zan, Erroma'ri buruz, danetan
ozkirriena.12. Murena, il-berritan egin bai zuten azti edo igarle. Erromarren
artean ospe aundikoak ziran aztiak, eta auxe zan beren egitekoa: egazti ta
olakoen azterketaz geroa aurrez iragarri, ta ametsak, izkutu-esanak eta zantzu-
ikuskariak estalgetu.17. Eskerrak iru ziran: Aglaia, Talia ta Euprosiñe; ta
soiñez lau-lau, ots, apaindura barik ibilli oi ziran.
XX. Pirro'ri
GAIA:Pirro'k, biotzez maite zuen gazte bat, Nearko, beretik au laztan zuen
neskatx baten besoetatik kendu nai du; olerkariak, ordea, ezetz diotsa,
Aprika'ko leoi-eme bati legoikumak lapurtzen dizkionak bezelako arriskua izango
lukela-ta. Neskatx au, ba, Pirro'k Nearko beregandik urrutaziko ba'lu, leoi
kideko izango litzake, berea duen arrapakin ederra zaintzeko. Gerkar olerkari
batzuen anizera egiña dugu poema au.
Non vides, quanto moveas periclo...
Ez dakusu, Pir, zein gal-zoriz dizkiozun
lapurtzen Getuli'ko leoiari kumak?
Aurki, lapur ez-ausart, iges zu joango,
utzirik burruka gordiñak:
5 Aurrez eingo dioten gazte talde erdian
Nearko urena indarrez kentzen bera doake.
Alkar-jotze izugarri, arrapakin jabe
nor, zu ala au, izango ote dan.
Zuk geziño bizkorrak gertu bitartean,
10 ark zorrotz ortz ziurrak; eta diote liskar
artekariak esku-arra ipiñi zula
aren oin billosaren pean,
ta aize leunez otzitu zula sorbaldea
ille usaitsuak naro barraia lekuan,
15 Nireu bezela eder, edo-ta Ida urtsuan
ostutakoa bezin lerden.
Oarrak.15. Nireu'ri buruz Omer'ek onela dio: «Nireu, Aglaia ta Karope
erregeren seme; Nireu, Akile gurenaren ondoren, Ilion'go arresi azpian
burrukatu zuten gerkar guztietan ederrena» (Iliasena, II, 671).16. Ganimede
dugu Ida'n, Troade'ko mendi urtsuan, Tantalo'k lendabizi ta Jupiter'ek gero
indarrez ostua.