inprimatu
Gaurko euskal olertia
Izenburua:
Gaurko euskal olertia
Sinadura:
Santi Onaindia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Onaindia, Santiago

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1967
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1967 III-IV Geldi ta itsu
Orrialdea:
121-131

Gaurko euskal olertia

 

A.O.

 

                           (Larrea'n, 1967'gnko. Olerti-egunean irakurritakoa)

 

         Gaur be, zortzigarren urtez, asmo eder batek eraginda alkartuak gara

 abegi oneko ontan. Ze asmok bultz-eraginda ete? Olerti eguna ospatzen dogu,

 poesi eguna, eder eguna nunbait. Eta Kristo Erregeren egunez ospatu be: Kristo

 eder ta olerki dogu; au ezin ukatu, Kristo berez bai yaku eder, eta Goiko Aitak

 be, izakiak oro ezerezetik egitean, Bere bitartez eder-dirdaitan jarri ebazan.

 Egun au, beraz, guztiz aukerakoa dogu Olerti jaia ospatzeko. Kristo Errege,

 olerti jai!

         Zer ete dogu olerkia? Itaun au ezta gaurkoa: antziña baten Grezia'ko ta

 Erroma'ko jakitunak be, ederrari buruz euren artean jardutean, sarri egiñiko

 galdera dogu. Gai oni begira, Platon eta Aristotele'k be ba-ebazan euren kezkak

 eta zalantzak. Eta orrela geroko gizaldiak zear. Antze ta arte guztiak ederra

 dabe, gauzakiak gure biotzari eragiteko daben gaitasuna daukie jomuga ta

 elburutzat. Zer ete da gaitasun ori, ederra dagian tasun eusgarri ori? Zer dan

 ez ba'dakigu be, iru adar ditula bai, esan gengike: erea, egia ta ona. Baiña ez

 gero edozelakoak: ederra sortu daroan erazko gaia dizdiz-argia da; era dizditsu

 bat, beraz, ederra da, baita egi dizditsu bat eta on dizditsu bat be.

 Antzelariak ederra dagi, eleiz bat, antzerki bat, miesa bat, poema bat.

         Poesi-artistari gagokiozala, olerkari dogu soiñu, ritmu ta adierazpen

 ederraren bitartez antze-poema bat dagiana; au da, ikusiz ta nabaituz itxura

 somakorrean ederra sortzen dauana. Ederra izadian batez be ikusi oi dogu,

 olerkariak batez be, ta barren guztia laster bero-galdatan jarri oi yako;

 berotasun ori eragikorra da, ta izadian ikusi ditun eder-erak bere irudimenean

 nastu ta eiorik, bere barne-bulko ta zauskadai era berezia emotera doa

 bertatik; gogo ta gorputz, bere «izan» osoa irakin azorik, era sentikorrez dagi

 ederra. Egiazko olerkari danak modu askotara burutzen dau bere lana.

         Begira: gaur gizarte olerkiari indarra emon bear yakola diñogu. Erri ta

 gizarteak, izan be, oso azi ta erabarritu yakuz aspaldi ontan. Or pabrika-

 langille bat: goizean, argia eten daneko, lantegira doa erdi baraurik,

 baserrian bizi baita; an daukaz mendi-barreneko etxe zurian bere emaztea ta

 semealabak, eta arei jaten emoteko lan egin bear. Zortzi ordu lan egin ondoren,

 illuntzean etxera dator, buru-makur. Lau seme-alaba daukaz, oraindiño txikiak.

 Danai zegaz jaten emonik ete dau? Lan gogorra, ta saria? Aita orren kezkak,

 buru-auste ta istilluak? Bide ertzean jarrita dagon olerkariak egunero dakus

 langille jator orrek bereak zaindu ta janaritzeko daroan bizimodu latza, eta

 larritasun orreik bereak ba'litu lez sentiduten dauz barruan; bizi-bizi jarri

 yako izate guztia, ta idazkortza arturik, antxe bertan, egundoko gizarte-

 olerkia eskintzen dausku, egiz, onez ta eraz, dirdiraz gaiñezka.

         Olerkari izatea ezta edozer gauza; naiz-ta iñoizka ezetsi ta bazter

 itxiak izan, kulturadun errialde gauzetan ondo artu ta txalotuak dira.

 Olerkariak dei bat izan dau, mekaniku, osagille, apaiz, legegizon, zinegille,

 naiz izarlari batek lez, barne-bultzada txotil bat bizitzan zear bide egiteko.

 Izan be, jatorrizko dei bipil barik ezin gengike arrigarririk apain burutu.

 Orren ostean, olerkariak, milla alderdi bakan, enparauak ikusi ez daroezanak,

 somatu ta igarri oi ditu izadiko gauzetan, bere argidu, izakera ta asma-

 indarrari dagokionez; onakoak sena dau zuzendari ta lau-lau arteak ditun

 eragozpen, sasi-bide ta nasmas guztietatik garaille urten oi da. Onakoak

 berezkoak ditu danak: gogapenak, iduriak, itzak eta esaerak. Izadiak eskintzen

 dautsazan gai ta itxura ederrak nahasi ta aldatuaz, ederrari dagokionez, beste

 zer barri bat osotzen

 dau, berezi ta bakana. Abaraskan lan dagien erleak lez, noski.

         Poesi-lanean pentsamentuak eta biozkadak, gogai ta sentimentuak

 daukaguz itz-korapilloz estutu ta jantzirik; ez edozelan be, txairo ta eder

 baiño. Artean eder-adierazpena deritxogu oni. Itz-joku bitartez, ba, argi ta

 garbi agertu bear dabez gogakizunak eta sentipenak. Emetik sortzen dira ondoren

 gizaldiak zear beti izan diran joera ta eskolak: klasikuak, erromantikuak,

 izadi-zaleak, jakintzazaleak, gero ta gizarte zaleak, eta abar. Naiz emetik

 naiz andik jo, olerkariak beti ta nainun bere gogakizunak eta biotz-zauskadak

 adierazteko izkera aparteko bat erabilli bear dau: jatorra, garbia, zeatza ta

 oskidetsua beintzat. Asko gaur errenka gabiltz arlo onetan, alderdi au

 jaramonik egiteke itxirik; antxiñako zarren gauzak ei dira olerki-izkeraren

 zeaztasunok; ye-ye ta Beatles'en garaian ei gagoz gaur, eta naikoa ye-ye ta

 beatles daukagu Euskalerrian be, musikan ez-ezik, idazleen artean be bai.

 Zorionez, baiña, ye-ye ta beatles'ok be zentzudun egiñaz doakiguz, eta euren

 lana, zarra barriagaz oreturik, lan baliotsua izango yakulakoan gagoz.

         Olerkariak bere idazkera jatorra euki bear dau: onek onela, arek arela,

 guztiak ez bait-gara bardin, naiz-ta kideko. Danok ez doguz gaiak alderdi bat-

 beretik begiratzen; baiña gauzai zein emendik zein andik begiak ezarri, naiz

 onek naiz arek bere gogai ta barru-zauskadak adierazo, olerkari-izena duin

 daroanak beintzat, bere pentsamentu ta sentikizunak beti antzetsu asmau ta eder

 azaldu bear dauskuz, ots, eratsu, bizi ta oskidetsu; bakotxak bere sena,

 izatezko zerbait idazlanean baitua itxirik; geure izatearen puska bat, ondar

 bat. Ortik sortzen da bakotxaren idazkera, au, Buffon'ek iñoanez, gizona bera

 da-ta.

         Izkera, olerki-izkera, barriz, bedi jagiago, darabilguzan gauzai

 dagokiena. Gauza eder batek askotan idurimena biztuten dautso olerkariari, ta

 biotza ixiotu, ta orren dardar-sua ezarten dautso izkerari, baketsu ta olako

 barik gagozanean baiño jagi ta ederragoa nunbait. Beraz, olerkariaren izkera

 azke, ausart eta jantziagoa da geienez. Ortik, ba, gai oni buruz gaur gure

 artean dakusgun zabarkeria parkatu eziña dirudi. Oraingo batzuen olerkiak, izan

 be, lerro txikietan barik, itz lauz lez jarraian idatzita jarri ezkeroz, itz

 askatuko izkera bera be aul ta jasik-eza aurkituko genduke.

         Laster igarri daroagu, baiña, zein dan gari ta zen txillar. Izadiari

 buruz, oler-erari buruz, guzti au sail zabala dogu-ta, zail yaku zein dan ona

 ta zein txarra jakitea; edo olerkaria bera dala, edo joera ta eskola au bestea

 baiño atsegiñago yakulako, guztiontzat egoki letorken olerki-bereizterik ezin

 gengike emon. Ez gaur ez iñoiz, lege-barruan ezin olerkia sartu: idurimenaren

 lana da-ta, txori egalari onek egoak zoztor barik bear dauz. Egazkadarik azkar-

 onena, olerkirik eder-bikaiñena dagianak egingo dau. Ta egazkada orren gomuta

 atsegin yaku; eta Pency Shelley olerkariak au iñoan: «Anima zoli zoritsuak bizi

 izaniko unekada eder alamenekoen gomuta da olerkia».

         Une ta momentu eder oneik, ostera, ainbat eratakoak izan daitekez.

 Ortik dogu olerkia ain nahasi, biur ta korapillotsu; bardin abesten doguz naiz

 umetxoen kanta utsak naiz giza-elburu ta Jainkoagazko ikuspenik sakon

 goitarrenak; gure izatean ditu bere susterrak, gure biotz-adimenak izan dituen

 dardara eder orrei era ta adierazpena emotera goaz beti. Biderik asko ditugu

 ortarako, ta erri guztiak, zarrenak be bai, euren biotz-adimenai beti erea emon

 izan dautsoe naiz musikaz, naiz dantzaz, naiz igiera berezidun kantuz. Gizonak

 beti izan dauz abesgai bere izkera, ludia, izkuntza, oiturak, bizi-lurra ta

 abar. Euskaldunok be ez gara onetan nagi ibilliak.

         Gai ta era ditu olerkiak. Muiña ta azala ete? Ba-leiteke bardin ez

 izatea. Zelan edo alan, orraitiño, itz egin bear. Azala bertsoaren erari be

 deitu oi dautsagu. Dana dala, gai biok, barnea ta tankera, bardin edo dendun

 ipiñi bear dira olerkian. Ontarako, barriz, munduko literatura guztietan bide

 ez-bardiñak erabilli dabez; ebertarrak mamiña ta soiñekoa, burutakizuna ta

 esaera, paralelismu edo biki antzez bardintzen eben; Europa'ko literatura

 zarretan beti soiñuen zartaz egiña dogu, azken baten neurri eredu batzuk

 asmatzea lorturik. Gero, gizaldietan, orrelaxe jarraitu izan zan. Gaurko bertso

 azke ta txuriak, alan be, lengo neurri ta metro zeatza azentu-neurri jareiaz,

 libreaz, ordezkatu dabe. Euskeraz egin ete daikegu olan? Euskerak ba-dau bere

 azentu berezia, mintzor-azentua; baiña nun ta zelan jarri jakitea guztiz zailla

 da. Auzi onetan, gaiñera, toki batetik bestera alde andia dogu (ikusi

 Altube'ren El acento vasco, Bermeo, 1932, 266 orr.).

         Ruben Dario —aurten dogu bere jaiotz-eunurteurrena— romantiku bidetik

 asi zanean, lengo lege, arau ta eredu askori muzin egiñik, bertso txurietan be

 ainbat jarduna dogu; bere olerki sutsuetan ainbat itz eta esaera zakar ditun

 arren, olerkierari dagokion doiñua ta gaiñerako legeak eztitu arbuiatzen. Orain

 euskeraz be naikoa ugari daukaguzan bertso txuri zaleok, ba ete dagie beste

 orrenbeste? Euskal esakunak eskatzen dauan doiñu ta azentu-bidetik ete dabiltz?

 Nik neuk, egia esan, eztot oraindiño begi ortatik so-egiteko lain asti artu,

 edo izan.

         Txuri-zaleok, gaiñera, ez dauskue rimarik be aintzakotzat jo gura.

 Euskeraz ez daukagu amaiantz edo erderazko asonantzirik, bai ostera azken

 bardin edo rima deritxoguna. Azken-bardintze au ez dala gurea ta sasira bota

 bear litzakela, esango daustazue. Ba al dakizue gero gurea eztanik? Rima au

 folklore olerkitik datorkigu, bear daba. ErdiAroan, neurria aberastutearren,

 latin neurtitzetan erabilten asi ziran, eta gero, pizkaka-pizkaka, latiñetik

 sortu ziran izkuntza guztietara zabaldu zan. Eta Prantzi-eguzkialdeko

 trobadoreak, bertsolariak, euren izkuntzaz bertsoak biribiltzen asikeran,

 Europa'ko beste izkuntza guztietan be modan lez jarri eben dalako rima. Eta

 orrelaxe rimaz idatziak ditugu Dante'ren jainkozko Antzerkia, Shakespeare'n

 drama, trajedi ta antzerkiak, Goethe'ren Faust, Lope de Vega'ren poesi-lan

 apaiñak... Gure poema eder Euskaldunak be bai, ta len ta orain euskeraz idatzi

 diran olerkirik geienak. Gizaldi onen asieratik lez, alan be, munduko

 literatura geienetan asiak doguz bertso txuriz idazten, azken-amaitze bardin

 bagako ahapaldietan, rima albora itxirik. Zer au ondo sakondu ezkero, izan be,

 neurria, azken bardintze ta beste antze-mañok ez dira olerki-lanaren apaingarri

 baiño.

         Guri, jakiña, aldatz gora egiten yaku barrikeri au, ta ezta komeni be

 neurri, rima ta gaiñerakuok bazter iztea. Itz lauz idatzia ta neurtua zelanbait

 bereizi bear da, ta ba-dakigu, ori ezta lortzen iñolaz be lerro luze-motzetan

 jarriaz bakar-bakarrik. Musika, dantza ta olerki, irurok antzeko, ta arte

 izatekotan, neurria bear dabe: olerkiak, itzetan ezpada, doiñu ta azentuetan.

 Eta guk ez ete dogu gero naitaezkoa? Diñoenez folkloretik artua bada, emen

 daukagu guk geure euskera zarra, Europa'n zarrik bada, izkuntzak sailkatzean

 indoeuropeatarren artean be sartu eziña, gaur euskal lur onetan eta lenago,

 kondaira zarraren altzoan, Pirene alde guztian, txuntxurrez txuntxur, andik eta

 emendik, mintzatzen zana. Ta orduan Provenza'n, Tolosa aldean, Bearne'n eta

 Kataluiña'n eta abar arat-onat ebiltzan trobadoreak artu-emon betea eben,

 ziurrik asko, Iruña'ko, Baiona'ko ta Euskalerri osoko bertsolariakaz. Rima-era

 ori, beraz, areik oneikandik artua izan leikena da. Bestetik, gure antxiña

 bateko esaera, atsotitz, supitu ta itz zarrak, geienak beintzat, bikoak dira,

 rimaz ondo oskidetuak.

         Barrikeri guztiotan, ba, kontuz ta zentzunez ibilli bear dogu. Edozein

 auzi ta gairi begira, gizadiak aurrera dagi; azken urteotan, euskaldunok be,

 industri ta salerosketan berariz, oinkada biziakaz aurrera goaz; era askotako

 lantegi ta pabrikaz osoan bete yakuz len baketsu ziran lautada ta menditarteak.

 Izkuntzan eta eleder-barrutian be aurrera jo bearra daukagu. Baiña zelan?

 Bakotxak nai dauana esan eta egiñaz? Au anarki ta naspil itzala litzakigu; gure

 euskeraren ondamendia, lurperatzea ziur-ziur: itxas zabalean, oialak aizetan,

 ames urdiñak eraginda aurrera jo bearrean, zurrunbilloan ez buru ez argi bira-

 biraka ibiltea. Ontziak aurrera jo bear dau, aurrera beti, argi-jariotan,

 aurretiaz begiz jotako kaira eldu daiten.

         Norbaitek esan daikegu: «Ta bide egiteko itxas garbirik ezpa-daukagu?»

 Ez dot uste ain illun zetan ibilli daukagunik. Naiz-ta oraingo gazte askok ez

 jakin —batzuk ez dabe nai, beste batzuk ez dabe ikasi—, euskal arloko itxas

 zabala naikoa argi egoan urte batzuk dirala; gaur ez ditugun aiñako buru argiak

 edegia egon be. Gerora nastua da gure euskal itxasoa. Au esan bearra dago:

 gaurko batzuk, buru arro ta zut, eztabe aro aren ezer jakin nai. Baiña lengo

 lan eder guztia ezin daikegu, lengoa dala-ta beste barik, destañez albora

 jaurti. Zein arlotan jazo da ori? Aurretikoena oiñarri arturik aurrera segi,

 bai; bestela, lengo dana ezetsi ta errekara botarik, zer egingo ete? Gabiltzan

 buruz ta zentzunez geure euskal arloan. Literaturan, egia esan, lengoak

 bakarrik aitatzeko, Etxepare, Oihenart, Gazteluzar, Axular ta abar, idazle

 trebeak izan ditugu, baiña orrein ondoren be, geure egunetaraiño, zenbat idazle

 ta olerkari bikain! Gaitezan beti bakotxari berea emotekoak. Orren lanak albora

 iztea munduko literaturan gaillen diran Omer, Bergili, Dante, Shakespeare,

 Cervantes, Goethe ta olakoak saiets iztea litzake. Ut!, ut! , ez olakorik,

 gazteak! Bestera, orrein edertasunak xurgatu ta norbere trebetasunari

 dagokionez gauzak atonduaz, segi beti aurrera, goi-zear doan arranoaren

 pareko.

         Gaur literatura guztietan daukagu onako zerbait, olerki-saillean batez

 be. Alemania'n bertan, zelako nastea! Errusia'n, Itali'n beste orrenbeste.

 Olerkirako be giroa bear, eta gizaldi ontakoa ezta onena, norbere eritxi ta

 biotz-zauskadak askatasun osoz agertu ta on-txarraren mugak zentzunez

 bereizteko. Illunetan lez bizi gara, urteak eta urteak dirala, eguzki zabalaren

 erraiñuetatik igeska lez, eta orrela ezin ba gauzak diran moduan azaldu ta

 adierazo. Naste onetan batzuk, ezin-bestean edo, konforme dagoz, beste batzuk

 ez. Eta emetik sortzen da gaurko gazte askoren larrimin, ezin-egon eta kezka

 bizia. Gizarteko gauzen ibillera ta aunitz gizonen jokabidea ez yakuz atsegin;

 zarrak, urte askoren oar-ikasiz, eztala errez ba-dakie okerrok zuzentzea; euren

 indar-kemenak be, urteen sortaz, igali-zugatz gaillak lez, gero ta geiago

 beeruntz makurtuz doaz. Gazteak, ez dabe olako experientzirik eta gizartearen

 egoera iarria ikusiaz, zerbait egin nai dabe: konformismu orren kontrakoak

 dira, ta protesta kantak asmetan dabez pitean-pitean. Baiña onek naikoa zeregin

 damotse euren asmoetatik pitintxo bat aurrera aterateko. Au da gaur munduan

 —eta literaturan— dakusgun agerpenik beiñena. Gizarteak sarri izan dauz onako

 kinka ta une larriak, baita izango be. Gaurkoa ezta txikienetarikoa be, mundua

 an ta emen osorik aldatuaz doakigula dirudi-ta. Itxarokizuna, alan be, bego

 argitsu, ta geroak esango dau garai onek munduari zelako mesedea ekarri

 dautson.

         Bakotxa bere garaiko seme dala esan daroagu. Gu be orrela gara. Bizi

 dan uneari bakotxak itxi oi dautso zerbait. Olerkiari buruz, zer itxiko

 dautsagu guk gaurko gizaldiari? Ona ta txarra. Gizaldi ontan olerkari onak izan

 ditugu, baita erdizkoak be. Ba-doguz edozein literaturatan buru-zut agertzeko

 lako olerkiak, baita ganora andi barik egiñak be. Olerki ederrok gizaldiz

 gizaldi iraungo dabe, besteak barriz urteen laiño-zurrunbilloan amilduko. Gure

 inguruko literaturan gaur, espaiñeraz, bilbotar Otero (1916) ei dogu eder

 zintzoen, eta txiletar Neruda bigarren, baiña ez ain argi ta zintzoa; Otero'k

 labur, sakon, bizi, gaurko munduaren larrimiñez gaiñezka, idazten dau; Neruda

 zozial auzian laiño urtsu tartean mamu antzera dabilkigu: gaztelar olerkari

 biok maite dabez gure olerkari gazteak. Baiña ba ete dakie oneik gaur modan

 daukaguzan olerkari bion gun-mamiña xurgatu ta urrupatzen? Or untzea! Bekie,

 zori onez, ta lan ederrak burutuko dabez.

         Garaiko semeak izanik, geuk be garai orri zerbait erantsi ta emon bear

 dautsagu. Or gure arloa, or gure lana. Gaur gure artekoaren antzeko igiera bat

 izan zan Italia'n be, gizaldi onen asieran. Joeratsu ziran olerkariak, baiña

 batek be asetzen ez. Batzuk «erromantikuen» azkena abesten ebelarik, besteak

 etorkizun zale, «futurista» agertzen ziran. Bigarrenok aldaketa ta erreboluziño

 osoa nai eben olerki-saillean: gaurko gizona, gaurko tresna ta tramankuluen

 aurrerapen ikaragarria abestu. Igiera onen sortzaille zan Marinetti'k eta onen

 jarraitzailleak «itzak azke» eben euren elburu, eta andik eta emendik, jo ta

 ke, bultziak, egazkiñak, tarrantak, xispa ta xispa-sua, odola ta zakarkeria,

 gaia ta biurrikeria abestu eben.

         Arein aurretik Prantzia'n be Jules Laforgue'k, Gustave Kahn'ek eta

 Stuart Merill'ek beste orrenbeste egin eben, bertso txurian murgiltzerakoan

 berariz. Baiña etziran iñolaz be Marinetti baizen joanaren porrokatzaille

 agertu; onek, ba, zirt eta zart, ezetariko logika barik, bere ondatze-jokoan

 ekin eutson aspertu barik; 1909'garrenean jaurti eban «agirian» ez eban ezertxo

 be zutik izten; «artea ezin daiteke sua, indarra ta zuzenik-eza baiño izan»

 iñoan. Alan be, ainbat auts arrotu ta sugar itxartuz gerotar igiera onek

 Italia'ko edestian izaniko ondoren zabalagaitik be, futurismuak ez eban

 benetako olerkaririk emon al izan. Euren olerki-lanak, olerki baiño agiri

 geiago ziran. Gizartea aldatu nai zan, beingoan aldatu be, ta ezarian ezarian

 politikara jo zan. Egiaz, aurretikoen mituak ondatzean, zer egin eben

 barritzaille areik? Beste mitu batzuk, euren aldetikoak asmau. Orrela jazo oi

 da naste ta matxinada guztietan, naiz gizartean naiz literaturan.

         Orixe berori egin nairik gabiltza gu be. Mitu batzuk geunkezan, pizkat

 erdoituak ziralako edo, ez yakuzan eder. Beraz, beera mitu gogaikarriok Ederto,

 motell! Aspaldiko oroigaillu eder dan monumentu bati barrenua jartea erreza

 dok, edo pikatxoi bat artu ta ekiñezko zartadan lurrera botatea, erreza dok.

 Baiña orren ordez beste bat eregiko al dok? Or koxka, or istillu! Ori

 egitekotan be, jo egik lenengo lurra ta jaso alboan barri ederrago bat, eta

 orduan eratsi zarra. Bitartean ez daukak eskubiderik zar ori lurreratzeko. Gaur

 eleizetan be barriztatze asko dakusguz, baiña norbaitek lengo erretaula ta

 santuak kendu ta gero ezer ipinten ezpadau, au esan oi da: «Ergel, apurtzea

 errez; gaitz barria jartea».

         Euskal poesian batzuk banaketa au burutu dabe: olerkariak eta «poetak»;

 italiar «illunabarreko» ta «geroko»-en antzera nunbait. Banaketa au etxat

 atsegin, garbizale —obeto, itxura-zale, era-zale—  ta mordoillozaleen artekoa

 baldin ba'da. Olerkari ei dira Lizardi'ren garaikoak, poetak oraingo aizetan

 nasai dabiltzanak. Eta garbizale auzi ortan beste ertzai —nortzuk obeak eta

 abar— baketan itxirik, itz barri edo neologismuai buruz au esan bear dautzuet:

 izkuntza guztietan, Orati'gandik asi ta gaur arteño, eskubide oso-zabala izan

 dabe olerkariak, itz barriak eta esaera txanbeliñak asmetako, baita gure

 euskeran aditz-laburtua, sintetikua erabilteko be. Olerkian, gaur eta beti, itz

 gitxitan esannai ugari sartu ta kokatu gura izaten doguz. Ortarako, beraz, bedi

 itz-barrizale ta aditz-labur zale euskal olerkaria. Askatasun orri eskerrak,

 olerkariak izan dira mundua mundu izkuntzak obetu ta erriak goi-maillatu

 dabeezanak.

         Goi samarretik eta maixu antzera esana izan arren, ona gure artean

 aspaldi danik bala-bala dabillen zurmurruari erantzuna emonik. Alkar artu ta

 gogo onez askotxo egin geinke kultura ta literatura-sailla jaso ta edertzeko.

 Dagigun olan, etorkizunari begira.

 

 


inprimatu