Itxasoari begira
Olabeaga'tar Iņaki
Zuri begira nauzu aspaldi,
lilluraz bete eziņik.
Mugarik gabe zera, itxuraz;
biotz aundiagoa nik.
Besoak luza ta luza nauzu
ezin atxitu muturrik.
Oso zabal, aiņ luze, txit sakon
izanez, ez dezu ertzik.
Itxaso,
itxaso,
ez izan
aiņ arro.
Zure azal garden ta limuri
ager zait ispillu urdiņa;
egunez dizdiratzen duala
eguzkiaren zirkiņa.
Illargi borobil, zurbil gauez
kaskaundi zuri egiņa.
Zabal zazu zure luze osoan
nere biotzaren miņa.
Itxaso,
itxaso,
bare egon
luzaro.
Aundia zera ikaragarri
zure luze-zabalian.
Jaungoiko begipen bezin aundi
begien indarrian.
Beti irikirik dituzu ta
beti zerua azalian.
Nere animak orrela ba-luke
Jaun irudia muiņean.
Itxaso,
itxaso,
begira
gorago.
Ur azpian ez zaude, Itxaso,
geldi; arrai mota ugari
dute, zure errai illunpean
beren aiņ maite sorterri.
Ok danak dira arrantzaleentzat
ogi bide ta janari.
Zoritxarrez, baita sarri ere,
betiko atseden toki.
Itxaso,
itxaso,
ez izan
aiņ gaizto.