inprimatu
Zazpi olerki
Izenburua:
Zazpi olerki
Sinadura:
Bitoriano Gandiaga
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Gandiaga, Bitoriano

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1961 IV
Orrialdea:
256-259

Zazpi olerki

 

B. Gandiaga

 

—l—

 

 Xirimiri txanka meia,

 nora barik ta bustia,

 baso aldetik agertu da gaur,

 artzaiek tontez jaurtia.

 

 Arre-argi zabaldia,

 loratuten elorria.

 Erlustu barri teillatu zaarrak,

 garbi, bidean, arria.

 

 Laiñoen aurtxo mengelto,

 mokoti eta xitalko,

 negarrez dabil, zer oker egin

 ez dakiala, luzaro.

 

 Eta txoriek kantari

 eta jendea lanari.

 Ta xirimirik, geldo ta geldi,

 zer oker egin ez daki.

 

—2—

 

 Txoriek asi dira,

         diztikor ta garden,

         ots urrezko ariez

 eguratsa josten.

 

 Zenbat argi aidean,

         zenbat urre zuri!

         Udalen-goiz barrenen

 gordin eta barri!

 

 Nun-nai txori alaiak,

         nun-nai milla txori,

         atsegiña, mokuko

 babilletan, argi.

 

 Kantu zuzen-zuzena

         azken kizkurragaz,

         kantu arro ernea

 amai leunenagaz...

 

 Zugaitzen ninientzat

         txirtxirta-fiufi!

         —Ametsezko maindirak

 aizetan gorantzi—.

 

 Zugazti, barriz ama,

         kimu ta abar gorri,

         esmeral gozatsuzko

 begiok edegi!

 

 Jantzi zaitez oparo

         loraz eta orriz.

         Txoriek maitasuna

 ezkutau-nai dabiz.

 

 Eta txirtxiru-fiufiu,

         txirtxiru-fiufi,

         kantu-aril zuria

 goiz garbitan, naasi.

 

—3—

 

 Iturritik ur eta ur.

 Potingoa kizkur.

 Zaratea beti bat:

 garbi, leber, samur.

 

 Pagadian bi ardi,

 bi iretargi-zati.

 

         * * *

 

 Pagadian iturri...

 ardi ta iretargi.

 

—4—

 

 Iturri menditarra

 ira gazte-pean.

 Ardiek ba-dakie,

 nun dagon; artean.

 

 Iturriak zidarra,

 irak esmerala.

 Oi, edertasunaren

 eder eta apala!

 

—5—

 

 Txoritxu buztan-gorri

 teillatuz-teillatu

 eguna argi daneko,

 kantuz zer diñozu?

 

 Zerk zarabiltz urduri,

 dardara leiatsu,

 zeure jardun goitarrez,

 ain arnas-urratu?

 

 Ai, arlote biozkor,

 arlote barritsu,

 ain kantuz ugari ta

 ain kontuz gabetu,

 

 ez al deutsu ardura?

 Guztiok dakigu

 Aurtongo kabia be

 klaustroan daukazu.

 

 Zein zarean zu orma

 auez maitemindu.

 Klaustroa, prailleari

 ainbat, laztan iatsu.

 

 Klaustroa zein dan kabi

 eta kantu leku!...

 Prailleok zeuk legetxe

 maitatuten dogu.

 

—6—

 

 Amets batek darabiltz.

 Ba-doaz. Ba-datoz.

 Klaustroko ibilgoetan

 ego asko dagoz.

 

 Ego asko dagoz.

 Airean, airean!

 Intzentzuaren lurrun

 ganduen antzean.

 

 Ganduen antzean.

 Gandu meiak gero!

 Ikusteko meiago

 sentitzeko baiño.

 

 Sentitzeko baiño.

 Sentitu. Orixe!

 Klaustroko ibilgo zaarrak,

 egakiz ain bete!

 

—7—

 

 Santuen aleluia

 entzun dot zeruan.

 

 Zerura begitu dot.

 

 Gurari bat daukot

 begien lekuan.

 

 


inprimatu