Artzainaren bertsoak
Juan Kruz Igerabide
Ardizaintzen ibiltzen zela banekien, baina eskola utzi zuenez geroztik ikusi
gabe neuka. Ongi gogoratzen naiz nola oinez etortzen zen eskolara, ahal
zuenean. Askotan ikusten nuen sukaldeko leihotik azken malda, malda baino
gehiago amildegia, jeisten: makurturik, pauso txiki txiki eta ikaragarri
azkarrak emanez. Oso ikuskizun ederra zen: haren ankak, gurpil bihurturik,
ziztu bizian jeisten ziren; alkondara puztu puztu eginda, besoak zabal zabal,
haize guztia besarkada batez irentsi nahi bailuen.
Gaur goizean, etxean atejoka agertu zaidanean, juxtu juxtu ezagutu dut:
Ba al daukak sagardo pixka bat, edo oraindik kanikatan jostatzen
segitzen duk!
Sagardo eta gazta atera diot eta kanika-apustuak gogoratu ditugu: nola
berak apunteria hobea zeukan, baina nola gehiegi arriskatzen zuen eta,
azkenean, nola nik irabazten nion. Gogoratu dugu baita ere nola niri harrika
egiten erakusteko haren eginahalak alferrikakoak izan ziren, eta tankera
honetako beste zenbait berriketa ibili dugu tartean. Oraindikan ere miresten
dut nola harrika atzeratzen zuen hark elizako erlojua; "zer ordutan nahi duk
jartzea", eta ez dakit nola arraio moldatzen zen baina esandako orduan utziko
zizun erlojua harrikada batez edo biz; gero, apaizak harrapatzen zuenean
sakristiako giltzarekin jotzen zuen buruan.
Leihotik baratzera begiratu du; zozo mokohoria ilarretan pikardia
egiten ari da. Jiratu eta begira jarri zait peto peto:
Bertsuak eskribitzen omen dituk.
Harritu egin nau. Ez nuen espero gai hori aterako zidanik. "Zerbait
aritzen gaituk" esanez erantzun diot. Ondoren, patrikatik kuaderno tolestatu
bat atera du.
Zerbait eskribitu diat eta hik paperan dotore jartzea nahi niake.
Ez diot erantzun. Begiak jetsita, mintzatzen hasi zait, nola bera beti
basoan ibili izan den eta, jakina, emakumerik ez... behin edo behin bai, baina
inor tajuzkorik ez...
...tiendakanpainakin jendea joaten dek hara noiz edo noiz, eta gazta
edo ardiesnea erosten zidatek. Eta hola. Eta behin, ba, neskagazte bat etorri
huen gazta erostera eta... ez nauk emakume kontuan zeharo inuzentea, baina...
holako begirik ez diat inoiz ikusi, mote, holakorik ez... Geroztik, ahal izan
dudan guztietan joan nauk hura ibil zitekeen lekura; berarekin dantza egitea
lortu diat: dantza, hi, begi haiek ondo ondoan nituela.
Kontakizuna hautsiz, bertsotan ea noiz ikasi duen galdetu diodanean, ez
daukala kantatzeko abilidaderik esan dit, baina etxean kopia zahar asko eta
asko ikasiak dituela txikidandik, eta berriak sortzea ere asko gustatzen zaiola
ardiekin dabilenean.
Ahal dudana egingo dudala agindu diot, bere "amoriyua" adierazteko
bertsuak txukun txukun jarriz. Ihintza oraindik esnatzen ari zen txistuka
maldan gora aldegin duenean.
Makina elektrikuan pasa eta paper dotorean bidaliko dizkiot.
Begiradatxo bat eman diet koplei eta kantu ezagun batean oinarriturik daudela
konturatu naiz.
Glosa
I
Zure begiyek,
ene maitia,
badute biyek
dirdin eztiya,
zeru kolore
miresgarriya,
izarren parre
zoragarriya.
Zure begiyek
ene maitia
isurtzen dute
lurrun argiya.
Zuri begira
dago eguzkiya,
zuri begira
dago ilargiya.
II
Elur leunetan
gorde ziraden
nini borobil
uzkurti oyen
asmo gardenak
esna ninduben
leyo goiztarra
sortu baino len.
Elurretako
sare gordian
goizargiyari
zeuden guardiyan.
Aize epelak
urtu zun jela
eta piztu zan
kimu zimela.
III
Zure begiyak,
erle kabiyak,
orratz gorriska
arrigarriyak,
zerun txintxilik
tente jarriyak,
ortzerraiņuben
arrapariyak.
Zuri so daude
arrats gordian
andre lorien
gerri gorriyak.
Zure begiyak,
erle kabiyak,
maindire zuri-
tan eskegiyak.
IV
Zure begiyak
arratsaldian,
larrosen plazan
pasiatzian,
aiziarekin
ziztu biziyan,
osto galdubei
segiz aidian.
Arnas mototsak
betazalian,
argi gorriyen
su itzaliyan.
Zure begiyak,
ene maitia,
badute biyek
dirdir eztiya.