Kaxkabera
Juan Kruz Igerabide
Inork kasorik egiten ez bazion ere, maite nuen benetan agure xahar
hura. "Hori burutik jota zegok; horrela jarriko haiz herori ere" esaten zidaten
lagun eta familiakoek. Baina, berarekiko solasa oso laket zitzaidan. Jakina,
haren hitzak ez ziren zeharo zentzuzkoak; beste dimentsio batetan isuritakoak
zirela esango nuke; neri, ordea, atsegingarri egiten zitzaidan haren mintzoa.
"Ilustrazio kixkurrezkoa", zioen.
Badakit Kaxkabera (hala deitzen zioten) literatotzat hartzea trufagarri
izango litzatekeela askorentzat, baina beraren omenez, berriki hila bait da,
grabaturik daukadanaren zati kuttun bat argitara eman nahi nuke. Bere erotasun
xamurra ez ote zen gure mundu hau baino zentzudunago?
"Begira motel: zerurik ez zegok. Ilargiaren inguruko ezerezko loresoro
batetara joaten dituk hildakoak, ezerezko bihurtzen direnean. Mundu fisikoaren
ezerezaz ari nauk noski, eta badakik.." zioen. Bihoakio, ezerezko arrosa sortan
tolesturik, izarretaraino doakeen oroitzapen hau.
(Grabaketa)
"Txistu zorrotzak
kilimatu zidan bularra
errainu beroz.
Arantza eta asunaren
toleste desesperagarriak
sasibidetan zehar ninderaman.
Ahape kuxkurtuaren zaintzaile tristea
ezpain kizkurtuak hozkatuz,
hitz bahituen burdinlanga,
letagin izoztuak.
Eta tartetatik kopla errenak,
eriak, eroak, aldegin nahiez...
Katearen betazala
Mailuaren azkazala
Gure dotea
Borondatea.
Martxoko lore azkarrak
Hosto gazteen batzarrak
Oilarrarena
Goizeko pena.
Apur dezagun ustea
Zabal zabalik atea
Erein artoa
Maite astoa.
Zure aurpegi garbia
Artizarrak igorria
Begi ņabarrak
Zapi goiztarrak.
Zopa gosaltzen eroa
Sutatik dator beroa
Ireki lotsa
Miatu poltsa.
Zerua panpox da jazten
Txoriak dantzan jolasten
Itsu harria
Ilun argia.
Eguzkiaren mototsa
Kanpandorretik ahotsa
Nora zoazte
Oilanda gazte.
Jaio ginaden errenak
Satsaren usain beltzenak
Koplaren penak
Min zorrotzenak"