inprimatu
Aberria, Hendaian 1975
Izenburua:
Aberria, Hendaian 1975
Sinadura:
Martin Ugalde
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ugalde, Martin

Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3.zk.
Orrialdea:
27

 

Aberria, Hendaian 1975

 

Martin Ugalde

 

 Errusiarrak ba dute aberria,

 nahi gabe edo nahita;

 itxurak egin behar, hau Europa baita.

 

 Amerikanoak ere ba dute berea,

 diruz betea eta zabala,

 hura, Amerika baita.

 

 On deiela, gu ez gara zabal-aberats-gorriaren inbiriz.

 Horiei besten aberria bost

 (bost bonba!)

 ajola!

 Baina geuri geurea, ohizko pobrea ere falta.

 

 Irlandak irabazia du, erlijioa dela-ta;

 Afrikarrak, dozenaka, askatasun-goseaz aseak dira;

 Txipre eskasak ere berea lortu du ofiziala, urez inguratua dagoela-ta;

 eta Guianak: han oso bero baita;

 Luxenburgok beti edo izan du: txikia baita;

 israeldarrak ere bai, Jainko zaharra eta gainera arraultzak dituzte-ta;

 euskaldunok,

 ba dugu erlijioa,

 ba dugu askatasun gosea,

 ba dugu ura ere, sobera,

 ba dugu udaran eta odolean ere bero, dirudi,

 eta ba gara, gainera, jaiotzetik txiki;

 eta ba dugu Jainko zaharra oraindik bizirik,

 (hil nahi dutela!!...)

 eta hala ere ez dugu aberri baten ezagutzik!!

 

 Egitazko ezagutza, diot;

 ez kinkaileritakoa,

 ez ahopekoa;

 gutxienez bananeroak duten neurrikoa.

 

 Aberria,

 zer da aberria?

 Lurra?

 Mendia?,

 Jaioterria?,

 Ura?,

 Laiñuzko zerua?...

 Ez!

 Hori ba da Ernio, Andoain jendez hutsa, Kantabria eta Bidasoa;

 hori goi-goiko lainoa da,

 baina laino hutsa,

 animarik gabeko gorputza.

 Geuk,

 gizonak, gizakiak!, izateko,

 behar dugu sentitu,

 herri baten arnasa,

 egia,

 askatasun arnasak esanarazten dizuna.

 

 Baina, zer da egiazko Aberria?!

 Asmakizun hauxe duzu aberria:

 Baduzu, zer falta zaizun ez dakizu;

 ez baduzu,

 orduan sumatzen duzu falta!

 

 Ez duzula konprenitzen?

 Urean dihoan amorraiak ez daki ura zer den,

 baina zizarez jantsitako amuari kosk egin

 eta arrantzalearen saskian dihoan amorraiak, bai!

 

 Euskaldunok aspaldidanik ba dakigu Aberria zer eta zein den.

 Hasieran ez genekien zergatik,

 gero bai,

 izen-abizen eta guzti.

 

 Aberri honen alde egin du borroka

 hainbat gudarik,

 eta oinazez, tiroz eta frentean: "ai, ama!"

 esan eta,

 "¿qué te pasa?"

 esaten dizutenean

 animan atximur bat sentitzen ez baduzu,

 zaude lasai,

 hilik zaude eta;

 pakean zagoz, ez duzu askatasun faltarik

 Edozein uretan igeri egiteko arrain ustela zara,

 ez duzu zure aitonamaren haizerik behar arnas hartzeko;

 haize-ustelak sabela bete eta,

 puztuta,

 igeri bezala,

 zabiltza...

 

 Zaude lasai, zuri ez baizazu,

 beste gizon askori bezala,

 Aberriarik falta,

 euskararen egarria ere, eta batez ere, Aberria baita.

 

 


inprimatu