Egun sentia
Anai Olabeaga'tar I. Salletarra
I
Laño me-zuriz estalirik
datza goizean ludia.
Gorderik dago begientzat
bere edertasun guztia.
Mendi, baso, baserri zarrak
lotan; ta esnatu gabia
gure urretxindor maitia,
II
An-urrutian sumatzen da
laxter degun Egun-sentia.
Argi-gorria barreiatuz,
goraka doa Eguzkia.
Berarekin dator Eguna,
guztiontzat bizi berria;
pozik, alai da Izadia.
III
Maindiri zabal zuri-gorriz
estaltzen du izartegia;
atzian itzalik geldituz
illargi begibil aundia.
Amaika izar diztiratsu
utzi dute garbi bidia,
bai-dator Eguzki-erregia.
IV
Ara emen Eguzki, emeki
edatuz urrezko jantzia.
Maitale, biotz bero-guri,
laztantzen du lili zuria.
Maiteki samurrak esnatu du
kutun lilluragarria,
jarioz jori ats-eztia.
V
Aize-epel kabian deika:
«Emen da Egun-ataria.
Lozorro utzi, esna zaite,
zatoz urretxindor neria.»
Oe goxo-biguña laga,
Luma-arroz aztindu nagia.
Aidean murgil da txoria.
VI
Urrutiko baso illunak
sumatzen du bere etorria
suspertuz, eta txaloka artzen
Errege agertu berria.
Jaurtikiz baso sorgiña,
artzen du jantzi orlegia,
zorabiatuz maitalia.
VII
Biziki lilluratu nauzu
Egun-senti zoragarria!
Neretzat edertasun utsa,
lurriñ estitsu, abestia.
Jaunaren izpitxo bat zera,
nere baitara bidalia.
Gora beti Jaun-egillia.