inprimatu
Larrazken Gau Batez
Izenburua:
Larrazken Gau Batez
Sinadura:
Jon Mirande
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mirande, Jon

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1956
Argitalpenaren urtea:
Alea:
epaila/iorraila
Orrialdea:
7-8

 

Larrazken gau batez

                   (edo «the mad pride of intellectuality»)

 

J.M.

 

                                                 Magadalenae dilectissimae meae

 

 Larrazken-gau bat zen izar gabea,

 Jarria nintzan sutondoan, hotz,

 Arrotz bat antzo jendartean motz

 Ezin garhaituz gogo-herabea;

   Ez alegera eta goibel ez,

 Goganbeharrez, egin zirelako

 Geiak, gizonak, hil-iruditako

 Joiterik landa Gauak hegalez.

 

   Ez zen izarrik, bainan begi zohar

 Lehen haur zena zegokidan so;

 Goganbeharrak egon ziran lo

 Emazte zela nendinean ohar,

   Hil zen phindarra zezanean phitz

 Ene sutoian haren soin zintzoak

 —Haren mihiaz (ustez) sormintzoak,

 Arimarenak, zegidala hitz.

 

   Odolak berhez gaduzka hargati

 Nahiz odolez biok garen bat,

 Emazte-haurra ez da niretzat

 Nahiz den nire izanaren zathi.

   Ene jorana zilhegi ez zait,

 Amets alpherra ezin aipha dirot,

 Bizi-nahian ez dakidan hirot

 Naski ahanzten dakiket noizbait?

 

   Arima-gauan argi zen ezkoa

 Hil du jelosez ene jakintzak,

 Dakialarik ene arimak

 Ez dugula alde othezko Jainkoa.

   Bainan aho ezti zuen, doi

 Zen haren soina goi-ametsotara...

 Zer naska dudan ariz jakin-ara!

 Zer hotza dudan, ba naiz bihoztoi!

 

                                                                       56.10.15

 

 OHAR:

         Neurria den aldetik, poema egin dut Zuberoako euskalkiaren indar-

 akzenta khonduan harturik. (Mintzai-jakitun zenbaiten araura, euskara kommunak

 ere delako akzent hori ezagutu omen du, lehenago). Hitz hizki-askodunetan,

 gehienean, azken-aitzineko hizkiak dakhar akzenta; sail hortako hitz zenbaitek,

 hargatik, akzenta azken hizkian dakharte, hala nola poeman: hegalez, —hitz

 mugatua delakotz: Gauak (bere) hegalez— niretzát, noizbáit, jakintzák, armák

 eta bihoztói.

         Poemaren neurthitzak hamar —edo hameka— hoindunak dira, aldizka.

 Geldiune bat dago borzgarren hoinaren ondotik, eta hoin hori akzentik gabe

 duzue bethi. Hamar-hoindun neurthitzetan azken hoinak akzent bat dakhar;

 hameka-hoindunetan, aldiz, ez.

 

 


inprimatu