inprimatu
Reading baitegiko leloa
Izenburua:
Reading baitegiko leloa
Sinadura:
Oscar Wilde
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Bingen Ametzaga)
Egilea(k):
Ametzaga Aresti, Bingen

Wilde, Oscar

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1954
Argitalpenaren urtea:
Alea:
11/12
Orrialdea:
169-172

 

Reading baitegiko leloa

(The Ballad of Reading Gaol)

 

Oscar Wilde

 

euskaratzailea:

Ametzaga'tar Bingen

 

                                   Azalpena

         Ona emen, irakurle euskaldun ori, Oscar Wilde ospetsuaren olerki onena,

 ta, Frank Harris'ek dionez «Ingelando'ko poesi guziko bolado onena», euskeraz.

         Bere oitura gaiztoek ondatuta, baitegira yo zun Wilde'k. Antxe zegon,

 oiñaze ta garbaietan bizi garratza zeramalarik, eta Charles Thomas Wooldridge

 zeritzan Erregearen Zaldizko Zaiña (Royal Horse Guard) bere emaztea il zula ta

 baitegi ortan urkatu zutenean, Wilde ren biotz apaldu, minduan errukia, erruki

 barne ta garbia sortu zan eta olerki-lore eder au eman zun.

         Ba-dantzugu balada ontan, Chesterton'ek esan zunez, «Zuzenbide ta giza-

 anaitasunaren alde oiu barnekor bat». Miña ta eriotza ditugu emen, bururen

 buru, baiña bai errukia ta egia ere. Wilde, emazteal il zun eta beti zerura

 begira zegon baitegiko aren alabearraz bat egin eta, ura urkatu zuten arteko

 egunetan, aren ersturaz berberaz bizi izan zan. Erstura edo larritasun ori dugu

 bere poema onen erdi-muiña.

         Lelo edo balada au euskerara itzultzean, neurtitzez asi nintzan

 aurrenean. Laster ulertu nun, ordea, eziña zala ingeleraz dun soiñu berezi,

 aztueziña beste izkera batez emotea. Itz-lauzko itzulpenera yo dut, beraz,

 Wilde'ren esanari alik zintzoenik yarraituz ta aapaldien bereztea gordetzen

 dudala. Neurri ta amaikidez erantzita ere, ba-ditu euskeraz, nik uste, drama-

 zirrara emateko bear diran indarra ta biotzondoa.

         Izkera landu guzietan ain irakurri ta ezaguna dan ezkero, gurean ere

 beste ainbeste izatea on dukegula iduri zait. Eta or duzute nire lana,

 euskaldun adiskideok.

                                                                       A. tar B.

 

I

 

 Ezzun bere txamarra gorria yanzten, odola ta ardoa gorriak baitira, ta ba-zan

 ardo ta odol aren eskuetan illarekin arkitu zutenean; maitatu ta bere oean

 sarraskitu zun emazte gaisoa.

 

         Ba-zebillan baitegikoen artean yantzi arre, zarrpildu batekin; buruan

 txano bat zeukalarik; eta ibilkera zailu ta alaia zun, iduriz; ez dut iñoiz

 ikusi ordea, egunari ainbeste leiaz so egin dion gizonik.

 

         Ez dut bein ere ikusi atxilloek zeru diotsaten estalpetxo urdin orri,

 ta bere zillarrezko aize-oialekin noragabe zioan edozein odeiri begi ain

 leiatsuz so egin dion gizonik.

 

         Ba-niñoian beste arima erratu batzukin, beste moltzo batean, gizon ark

 txiki ala aundirik egin ote zun nire buruari galdez, ta mintzo batek susmurtu

 zun nire atzean: «Urka-bearra da lagun ori».

 

         Ene Yainkoa! Zartez, baitegi-ormak eurak kordokatu bide ziran, ta nire

 gaiñeko zerua altzairu gorizko oskol bat biurtu zan; ta gogo mindun bat ba-

 nintzan ere, nik ezin oartu nire miñik.

 

         Bakarrik nekin zein gogoeta estuk laster zeragion aren urratsari, ta

 zergatik so zegion begi ain leiatsuz egun distitsuari; gizon ark maite zuna il

 zun eta orrexegatik zan il-bearkoa.

 

         Gizonek oro, ordea, zer maite ta ura iltzen dute —entzuzute guziok!—

 batzuek begikaldu samin batez, beste batzuek itz eztitsu batez, koldarrak musu

 batez, gizon bioztunak ezpata batez!

 

         Batzuek gazte dirala beren maitea iltzen dute, batzuek zarrak dirala;

 batzuek lizunkeriaren eskuz iltzen dute, batzuek Urrearen eskuz; onberaenak

 aizto bat darabil, illa laster otzitu dedin.

 

         Batzuek maiteegi dute, batzuek gutxiegi; batzuek saldu egiten dute,

 beste batzuek erosi; batzu negar ugariz ari dira, batzu asperenik gabe; gizon

 guziek maite dutena iltzen baitute, guziak argatik il-bearrak ez ba'dira ere.

 

         Guziak ez dira eriotz lotsagarriz iltzen, aalke beltzezko egun batean,

 ez dute ere urka-billurra lepo inguruan artean, ez arpegi gaiñean il-zapia, ta

 ez dauzkate oiñak utsartean dantzatzen solairuan zear.

 

         Guziak ez dira bizi gau ta egun zaintzen duten gizon isillekin,

 kuzkuzka dagozkionak negar egin nai ta otoi egin gogo dunean; kirika

 dagozkionak urkabeari bere arrapakiña ostuko ote dion beldurrez.

 

         Ez dira artatsean esnatzen beren gela irudi izugarriz yosia ikusteko;

 zuriz yantzi Apaiz dardaritsua, Amabi latz, illuna, Espetxe-yauna soiñeko

 beltz, diztiratsuaz ta Alabearraren betarte laruaz.

 

         Ez dira lasterka yeikitzen baitegi-soiñekoa berriz yanzteko, osalari

 zakar bat pozten daiño edozein kirio-aieru berri oartuz, tik-takak maillukada

 izugarriak diruditen erloyu bat batez-artean daukala.

 

         Ez dute ezautzen, biurkariak, bere baratzain-zorroekin, ate azaldua

 zabaldu ta, gaurgero egarririk ez dezazun, iru larru-ugalez lotu zaitzan baiño

 len, zintzurra legortzen dizun egarri gozagaitz ori.

 

         Ez dute burua makurtzen Il-Otoitzen irakurtzea entzuteko, ezta beren

 gogoaren larriak illik ez daudela dasaienean, ez dute beren il-kutxa topatzen,

 urkabe nardagarrirako bidean.

 

         Ez dute zerua begiztatzen leiarrezko sapai txiki baten zear; ez dute

 otoizten, buztiñezko ezpaiñez, beren nekelarria buka dedin; ta ez dute oartzen

 Kaipa'ren musua, beren masail dardaritsuaren gaiñean.

 

II

 

         Sei astez ibilli zan gure atxilloa baillan, bere soiñeko arre

 zarpilduaz ta txanoa buruan zeukala; zailu ta alai zirudin aren ibilkerak,

 baiñan ez dut bein ere ikusi egunari ainbeste leiaz so egin dion gizonik.

 

         Ez dut iñoiz ikusi atxilloek zeru diotsaten estalpeño urdin orri, ta

 bere illeun altzituak narrazean zeramatzin edozein odei alderrairi begi ain

 leiatsuz so egin dion gizonik.

 

         Ez zitun bere eskuak bigurtzen, Etsimen beltzaren elizan Itxaro

 aldakorra sortzeko alegiña egiten duten gizon ergelek bezela; eguzkia begiratu

 ta goizeko eguratsa edan besterik ez zun egiten.

 

         Ez zitun bere eskuak bigurtzen, ez zegin negarrik; ez zan gogoiltzen ez

 etsitzen; aizea edan egiten zun, bai, ark osagai osasuntsuren bat bai'ledukan;

 aoa zabalik, eguzkia edaten zun ardoa bai'litzan.

 

         Ta ni ta beste moltzoan orron genbiltzen gogo mindun guziak, geronen

 gaizki egiña aundi naiz txiki zanez aztuta, urkatzeko zeukaten gizona

 begiztatzen genun txundioak artuta.

 

         Aundia baitzan ibilkera ain zailu ta alaiz ura igarotzen ikustea, ta

 aundia zan ark eguna ain leiatsu begiratzen ikustea, ta are aundiagoa, alako

 zorra ordaintzekoa zala gogoratzea.

 

                                     * * *

 

         Areitzek eta zumarrek baitauzkate udaberrian ernetzen diran orri

 atsegiñak: baiña sugegorriek orzkatu-erroak ditun urka-abea beltzuritsua da;

 ta, eze ala legor, igalia ekarri dezan, gizon bat il bearra da.

 

         Giza-kume guziek billatzen duten eder-egoitza ori dugu leku goiena:

 nork nai luke, ordea, urkamendi gaiñean kalamu-lokarriz estekatua egon eta,

 eraillearen urka-billurra lepoan dularik, bere azken soa zeruari egin?

 

         Gozoa da arrabita-soiñutan dantzatzea Maitasuna ta Bizia eder diranean;

 txirul eta ereskiñen soiñutan dantzatzea atsegin eta bikaiña da: ez da gozoa,

 oin zailuz aizeari dantza egitea!

 

         Onela, begiluze ta uste ertunaz, ura begiztatzen genun egunean-egunean,

 gu guziok alaxe amaituko ote giñan gure buruari galdeka, iñork ere ez baitaki

 bere gogo itsuak zein inpernu gorritara yo dezaken.

 

         Azkenik, gizon illa ez zan geiago ibilli atxilloen artean, eta yakin

 nun kai beltzeko giltzape bildurgarrian zutik zegola ta iñoiz ez nula aren

 betartea berriz ikusiko Yainkoa'ren mundu goxo ontan.

 

         Gure bideak elkar arkitu zuten, ekaitzean zear ondorako diran bi ontzi

 iduri: baiñan ez genion elkarri keiñurik egin ez itzek, esanenik ez genula; ez

 baikenun elkar arkitu gau gurenean, egun lotsa-garrian baizik.

 

         Baitegi-arresi batek inguratzen giñan biok; bi gizon galdu giñan;

 gizarteak bere biotzetik iraitzi ginun eta Yainkoak bere arduratik; eta Obenari

 kuku dagion burnizko arteak atzituak giñan.

 

III

 

         Zorrdunen baillako arriak zakarrak dira ta arresi ezatsua garaia da;

 antxe artzen zun eguratsa gure gizonak, berunezko zeruaren azpian. Bi

 zaintzaille zitun aldamenetan, ilgo ote zan bildurrez.

 

         Edota, gau ta egun bere larriari kirika zegiotenakin eseri egiten zan,

 eta negar egiteko yeikitzen eta otoizteko uzkurtzen zanetan kirika zegozkion;

 berak urkabeari arrapakiña apiztuko zion bildurrez kirika zegozkion.

 

         Espetxe-yauna zorrotza genun araudi-aginduetan; Atxeterrak eriotza

 yakintza-egin bat baizik ez zala esaten zun; eta egunean birritan Apaizak

 agertu ta liburuxka bat uzten zun.

 

         Eta gizon ark, egunean birriz, pipa artzen zun eta txopin bete

 garagardo edaten; bere gogoa bipil zegon eta ez zun bildurrerako zirkillurik;

 eta maiz zion pozik zegola urkatzaillearen eskuak urbil zitulako.

 

         Baiña zaintzaille batek ere ez zun bekokirik gauza ain bakana zergatik

 zion ari galdetzeko; zaintzaille izatea yazo zaionak bere ezpaiñetan morroillo

 bat ezarri ta arpegia mozorro biurtu bear dulako.

 

         Bestela, biotz-beratu liteke ta zuzpertzeko ta urgazteko alegiñak egin;

 eta, zer legike Giza-Errukiak Eriotz-giñen Saizuloan? Zein onginaizko itzek

 lagun legikeo anai baten gogoari orrelako lekuan?

 

         Buru-makur eta alderoka, Zoroen Ibiltzan ari giñan baillaren inguruan.

 Ezer ez zitzaigun; ba-genekin Txerrenaren Taldea Bera giñana. Ta buru

 murriztuek eta berunezko oiñek zomorro-dantza alai bat egiten dute.

 

         Gure azkazal motz, odoltsuez bikedun soka zeatzen genun; ateak igorzten

 genitun, solairuak marroskatzen eta eskudel dirdiratsuak garbitzen; eta,

 lerroka-lerroka, oltza zurikatu ta zalapart egiten genun suillekin.

 

         Zakuak yosten ari giñan, arriak zatitzen, laztabin autsuari bira

 eragiten; latontziak yotzen, eresiak oiuka ta lantegian izerditan ari giñan,

 baiña gizon bakoitzaren biotzean Izua zetzan isil eta geldi.

 

         Ain geldi zetzan eta, egun bakoitzean, itsasbelarrez beteriko uin bat

 iduri narrezten zan; eta ergelari ta zitalari begira dagon zori mingotsa

 aztuxea genularik, egun batez, lanetik itzultzean, illobi ideki berri baten

 ondotik igaro giñan.

 

         Obi larua, ao-zabalik, izaki bizi baten eske zegon; buztiñak berak odol

 eskatzen zion aspaltozko bailla egarriari; ta ortzargia edertu baiño len

 atxillo bat urkabean kulunka ariko zala ulertu genun.

 

         Bereala sartu giñan, Balbe, Izu ta Izangoari gogoa zurt; Urkatzaillea

 igaro zan errenka aizaroan zear bere zorrotxoarekin; eta atxillo bakoitza darda

 gaiñean zan bere zenbakidun illobira ziri-zira zioala.

 

                                     * * *

 

         Gau ontan igargu utsak Beldurrezko itzalez yosi ziran, eta burni irian

 gora ta bera, entzun ezin genitun urrats isillak ari ziran; eta izarrak

 estaltzen dituten burni-langaen ostean arpegi zurbillak kirika bide zeuden.

 

         Gizon ura, larre atsegin batean etzanda ametsetan dagona bezela zan;

 Zaintzailleek ura lotan ikusi ta ezin ulertu zuten, biurkariaren esku-eskuan

 egon eta nola egin lezakean lo ain gozoa.

 

         Ez dago lorik, ordea, iñoiz negar egin ez dutenek egin bear dutenean

 negar; orrela gu —ergela, ebaslea, zitala— amaigabeko gau artan atzarri

 geunden, eta, bere esku min dunen gaiñean narraz, iñoren izua sartu zan

 burumuin bakoitzean.

 

         Ene! iñoren erruaz min izatea izugarria da. Obenaren ezpatak barrena

 zulatzen baitzenigun bere eskutoki edenduraiño, ta guk ez isuri-odola zala ta,

 berun urtuzko negarrak egiten genitun.

 

         Zaintzailleak, beren pieltrozko oski ta guzti, ate itxien ondotik ziri-

 zira zioazan, eta kirikatuz ba-zekusazten, begiak zurturik, irudi auskarak lur

 gaiñean; eta iñoiz otoitzik egin ez zuten gizonak otoitzean ari zirala ta

 arriturik zeuden.

 

         Gau osoan otoitzean ari izan giñan belauniko, illotz baten erostari

 zoroak! Gaberdiaren galdor urduriak, zerraldo baten gaiñeko galdorra zirudin;

 ta Barnearen zimikoak, belaki batean isuri-ardo garratzaren kutsua zun.

 

                                     * * *

 

         Oillar arreak yo zun, oillar gorriak yo, baiña eguna ez zetorran; eta

 Izuaren tankera makurrak kokoriko yartzen ziran gu geuntzan zokoetan, eta gauez

 dabiltzan mamu gaiztoak oro gure aurrean yostatzen bide ziran.

 

         Ziri-zara igarotzen ziran ariñik, laiño artean bidaztiak iduri;

 biurketa ta bira gozoko errigodon-dantza batez irri zegioten illargiri, ta,

 urrats gizatsuz ta lerdendi iguingarriz, mamuak ba-zetozan deira.

 

         Itzal meiak, eskuz-esku, aieruz ta keiñuka igarotzen ikusten genitun;

 iratxo-iskanbillaz, zarabanda bat dantza zegiten inguruan; ta txoraska

 madarikatuek arabikoak egiten zituten, aizeak ondar gaiñean bezela.

 

         Txerporlari-yauzkak egiñaz, oin muturretan dantzatzen ziran: baiña

 Bildur-txirulez betetzen zituten belarriak, mozorro-dantza izugarrian ari

 ziralarik, eta goraki abesten zuten eta luzaro, illak iratzartzeko abesten

 baitzuten.

 

         «Aufa!—oiu zegiten—«Mundua zabala da, baiña aztal billurtuak errenka

 doaz! Ta bein edo berriz kurkuluxa botatzea zaldun-yoko bat dugu; ez du

 irabazten, ordea, Oben'arekin yokatzen ari danak Alhearen isilleko Etxean».

 

         Ez ziran aizezkoak ain pozik yauzika ari ziran sorkari zakarro aiek:

 bizia oinbillurretan zeukaten eta oiñak lokabe ezin yoan ziran gizonentzat, a,

 Kristo'ren zauriok! biziak ziran eta ikusteko izugarriak.

 

         Inguruka, inguruka, valtz-dantzan eta biraka ari ziran; batzu

 dantzakide parresamurrak bezela; beste batzu, goizoillanda-ibilkera ikasiaz,

 zurubian gora zioazan; ta irri zorrotzez ta saiets-so legunez lagun genitun

 gure otoitzetan.

 

         Goiz-aizea intzirika asi zan; gaua, ordea, ez zan yoaten; itzalmatatsak

 arilkatu zun bere aiñezka aundian azken albaiñuraiño: ta otoitzean ari

 giñalarik, Eguzkiaren Zuzenbidearen bildur giñan.

 

         Aize zinkuriñatia baitegiko arresia inguratzera etorri zan: altzairuzko

 txirringa itzulkari bat antzo, miñutuak narrezten entzun genitun arte. Aize

 zinkuriñati ori! zer egin ote genun orrelako etxezain bat edukitzeko?

 

         Azkenik, langaen itzala, berunezko sare bat iduri, nire ol-oearen

 aurreko orma zurituan agiri zan, eta Yainkoa'ren goizaldi bildurgarria non-edo-

 non gorria zala yakin nun.

 

         Seiretan gure gelak garbitu genitun: zazpiretan oro zan isillik, baiña

 ego altsu batek baitegia betetzen bide zun susmur ta dirdariz, Eriotsa'ren

 Yauna, arnas-otz, sartua baitzan iñor iltzeko.

 

         Ez zan sartu purpur-apaiñez yantzia, ez zaldi zuri, arin baten gaiñean.

 Iru neurkin soka ta ol lerrakor bat ditu aski urkamendiak; beraz, Aintzindaria

 laido-lokarriarekin etorri zan bere isilleko egiñena betetzera.

 

         Aizaro zikiñezko lokatzean zear aztamuka doazan gizonak bezela giñan:

 otoitz bat asperatzeko bekokirik ez genun, ez gure larria lasaitzeko; ba-zan

 zerbait illik gu guziongan, Itxarobidea illa genun.

 

         Gizonaren Zuzenbide uzua baitoa bere bidean barna, aldera gabe: argala

 iltzen du, indartsua iltzen: bere ibilbidea eriozgarria da ta, burnizko orpoz,

 sendoa iltzen du, aideiltzaille biotz-gabea!

 

         Zortziak yotzea igurikitzen genun; mingaiñak oro likits zeuden egarriz:

 zortzietako dangada gizon bat aiñeneko egiten dun Alabearraren dangada baita,

 ta Alaberra'k ba-darabil urkabillur bat gizon on eta gaiztoenarentzat.

 

         Zeiñuaren zain egotea besterik ez, geneukan. Eseri egin giñan, beraz,

 geldi ta isillik, aran bakartuan arriak iduri; biotz guziak, ordea, tintin ari

 ziran, arin eta yarraiki, zoro batek yotako arratza iduri.

 

         Bat-bateko kaskaz, baitegiko erloyuak aize dardaritsua yo zun, eta

 etsimen algabezko intziri bat yeiki zan baitegi guzitik, zingira izutuek

 legendunen etzanguan entzuten zuten oiua bezelakoa.

 

         Eta amets baten leiarrean gauza izugarrienak dakuskigun bezela, abe

 beltzitutik eskegita zegon kalamuzko soka koipetsua ikusi ta urkatzaillearen

 billurrak karraisi batez irato zun otoitza entzun egin genun.

 

         Ta gizon ari deadar ain mingotsa eragin zion oiñazea ta aren erredura

 gorriak eta odol-izerdiak iñork ez zekizkin nik bezain ongi; bizi bat baiño

 geiago bizitzen danak, eriotz bat baiño geiago il bear baititu.

 

IV

 

         Gizon bat urkatzen duten egunean ez dago elizkizunik. Apaizaren biotza

 eriegi dago edo bere arpegia zurbillegi, edo ba-du begietan idatzia iñork

 begiztatu bear ez duna.

 

         Eguerditsu arte euki giñuten itxirik, beraz; ta ordun ezkilla yo zuten

 eta zaintzailleek gela guziak ideki zituten beren giltz txirrintsuez ta

 burnizko zurubian bera yoan giñan, nor beraren inpernutik.

 

         Yainkoa'ren egurats gozotara atera giñan, ez, ordea, oi bezela; gizon

 onen arpegia zuri baitzegon bildurrarren, eta orren arpegia auskara, ta ez dut

 iñoiz ikusi eguna ainbeste leiaz begiratu duten gizon betillunik.

 

         Ez dut bein ere ikusi baitegikoek zeru diotsagun estalpe urdin,

 txikiari eta, askatasun zoriontsuz, yitoan igarotzen zan edozein odeiri begi

 ain leiatsuz so egin dioten gizon betillunik.

 

         Baiña, ba-ziran gure artean buru-apal zebiltzanak, baitzekiten berena

 artu ezkero, guziak il bearko zirala; ark gauza bizi bat ez baitzun il, aiek,

 aldiz, zandu bat il izan zuten.

 

         Bigarrenez oben dagiñak gogo il bat iratzartzen baitu oiñazerako, ta

 bere il-yanzki zikindutik idoki ta berriz odoluts-erazten du, ta odol tanta

 larriak odoluts-erazten dizkio, ta alperrik odoluts-erazten.

 

         Tximuak edo narritariak bezela, gezi okerrez apainduriko yantzi

 nabarmenaz; ba-genbiltzan bira-biraka isilik aspaltozko bailla labaiñean barna;

 ba-genbiltzan isilik, bira-biraka, ta iñork ez zegin itzik.

 

         Ba-genbiltzan bira-biraka isilik, ta gogo uts bakoitzean zear, gauza

 izugarrien oroia erasotzen ari zan, aize ikaragarri bat iduri; ta Laztura'k

 gure aurretik bide zegin, eta Izua genun atzetik narrezka.

 

         Baitegi-zaiñak, yanzki berriak igandeetako apaiñekin zitutela, buru-

 arro zebiltzan gora ta bera, beren aberetaldea begiratzen; guk, ordea, ba-

 genekin, beren oskietako karebizitik, zelako lanean ari izanak ziran.

 

         Illobi bat aozabal egon zan lekuan ez baitzegon illobirik: loi ta

 ondarrezko une bat soillik, baitegiko orma gorrotagarriaren ondoan, eta latsun

 bizi metatxo bat, gizon ark il-yantzia eduki zezan.

 

         Gizon gutxik eska lezateken il-yantzia baitu zorigabeak! barne-barnean,

 baitegi-bailla baten pean, larrugorri aalke geiagorako, datza, oiñak

 billurretan, eta garrezko izara batean bildua.

 

         Ta anartean, latsun gartsuak aragi-ezurrak yaten ditu; ezur auskorra

 yaten du gauez, ta aragi biguiña egunez; aragia ta ezurra aldizka yaten ditu;

 biotza, ordea, etengabe yaten du.

 

                                     * * *

 

         Iru urte luzetan ez dute an errorik ez azirik ereingo; iru urte

 luzetan, leku madarikatu ori elkor eta soil izango da, ta zeru arrituari so

 egingo dio erantzute gabeko begikaldu batez.

 

         Gizeraile baten biotzak erein edozein azi ustelduko zula uste dute. Ez

 da egia! Yainkoa'ren lur ona gizonek uste baiño obea da, ta arrosa gorria are

 gorriago garatuko litzake, ta arrosa zuria zuriago.

 

         Aren aotik arrosa gorri-gorri bat! aren biotzetik zuri bat! Nork esan

 lezake, ba, zein bide bakanez Kristo'k bere naia ageri egiten dun, erromesaren

 ue legorra Aita Guren aundiaren begien aurrean loratu zanetik?

 

         Baiñan ez arrosa zuririk, ez gorririk ez ditekez baitegiko aizetan

 loratu; arriak, legarrak, suarriak ematen dizkigute an; yakiña baita liliek

 eztitu dutela batzutan gizon bakun baten etsipena.

 

         Beraz, ez arrosa gorria, ez zuria ez dira iñoiz osto-ostoka eroriko

 baitegi-orma likitsaren ondoan dagon loi ta ondar une onen gaiñean, Yainkoa'ren

 Semea ororen alde il zala esateko baillan dabiltzan gizonai.

 

         Ala ere, nai ta nondiknai baitegiko arresi likitsak inguratua egon, eta

 burdiñetan dagon gogo bat gauez ibilli ez ba-diteke ere, ta lur ain gaiztoan

 datzan gogoak negar egitea besterik ez ba-dauka ere,

 

         gizon errukarri ori bakean dago edo ba-dagoke laster: ez da ura zoratu

 dezakenik, ez dabil Laztura alderrai eguerdian, ez baitauka Eguzkirik ez

 Illargirik ura datzan lur argi-gabeak.

 

         Abere bat urkatzen dan bezelaxe urkatu zuten: aren gogo izutuari

 atseden eman lezaioken requien bat ere ez zuten esan, baiña lasterka eraman eta

 zulo batean ezkutatu zuten.

 

         Apaiza ez da belaunikatuko otoi egiteko aren illobi laidotsuaren

 ondoan; eta Jesu-Kristo'k obendiai eman Gurutz donetsiaz ez du zantzutuko ere,

 gizon ura baitzan Kristo'k yaregitera etorri zanetako bat.

 

         Baiña, ongi dago guzia; Bizia'ren muga berezietan gaindi igaro baizik

 ez du egin: eta iñoren negarrek beteko dute arentzat Errukiaren ontzi

 aspalditik ausia, galduak baitituke erostari, ta galduak beti ari dira

 negarrez.

 

V

 

         Ez dakit legeak bidezkoak diranentz. Baitegian gautzazanok orma sendoa

 dala besterik ez dakigu; ta egun bakoitzak urtebete dirudila, egun luzeak ditun

 urtebetea.

 

         Auxe ba-dakit, ordea; lenbiziko gizonak bere anaiari bizia kendu ta

 gizarte its au asi zanetik, gizonek Gizonarentzat egin edozein Legek alea bota

 ta galtzua bildu egiten du, aizegille txarrenaren bidez.

 

         Ba-dakit au ere —ai ba'lekite orok!— gizonek eraiki edozein baitegi,

 aalkezko buztiñerrez eraikia dala, ta burni-langaz inguratua, gizonek beren

 anaiak nola oiñeztatzen dituten, Kristo'k ikusi dezaken beldurrez.

 

         Burni-langaez mazkaltzen dute illargi ederra ta eguzki onbera itsutzen:

 ta on dute beren Inpernua estaltzea, ez Yainko-Semek ez Giza-Semek bein ere

 ikusi bear ez lituteken gauzak egiten baitira artan.

 

         Egin zikiñenak, iralka edentsuak iduri, ongi garatzen dira baitegiko

 aizetan; Gizonaren ona, orixe agortzen da soilik eta zimeltzen an. Larritasun

 zurbilla dago ate aztunen zaindari, ta Etsimena dugu begirale.

 

         Goserazten baitute mutiko izutua, gau ta egun negar eragiten dioten

 arte: makala astintzen dute, tentela zeatzen, eta zarra laidotzen; eta zenbait

 zoratu egiten dira, ta guziak gaizto biurtzen, eta batek ere ezin itzik esan.

 

         Bizi geran gela estu bakoitza iroldegi zikin, illuna da. Ta Balbe

 biziaren arnas kiratsak burnisarezko leiatilla mututzen du, ta Irritsa ez,

 beste guzia auts biurtzen da Gizatasunaren tramankuluan.

 

         Edaten dugun ur gaziak loi nardagarri bat bosatzen du, ta aztagaetan

 aztatzen duten ogi garratza, igeltsu ta latsunez beterik dago, ta Loa'k, etzan

 nai ez dularik, badabil begi-izu ta Aldiari oiuka.

 

                                     * * *

 

         Baiña naiz Gose argala ta Egarri muskerra liskartu, sugegorria

 sugetzarrari buruzki bezela, axola gutxi digu yanariak; egunez goratu arri

 bakoitza, gauez gure biotz biurtzeak, orretxek izoztutzen du ta iltzen eten-

 gabe.

 

         Beti biotzean gauerdia ta gelan illunabarra, txirringa-kiderrari

 eragiten diogu, edo soka urratzen dugu, zein bere inpernuan, eta isiltasuna,

 burniorizko yoale baten soiñua baiño askoz izugarriago zaigu.

 

         Ta bein ere ez zaigu giza-aotsik ondoratzen itz ezti bat guri esateko:

 ta atean zear kirika ari dan begia gogor ta errukigabea da: ta guziek aztuta,

 usteltzen ari gera, usteltzen gogo-gorputzez.

 

         Ta onela, Biziaren burnizko katea erdoitzen dugu, txartu ta bakartuak:

 ta zenbaitek birao dagite, ta zenbaitek negar, ta zenbaitek aiotsik ez: baiña

 Yainkoa'ren betiko Legeak onak dira ta arrizko biotza austen dute.

 

         Ta gelan naiz baitegiko baillan austen dan giza-biotz bakoitza,

 Yauna'ri bere altxorra eman eta, legendunaren etxe satsua akara bikaiñenaren

 atsonez bete zun arako ontzi ura bezelakoa da.

 

         Ene! biotzak ausi ta barkamenaren bakea irabazi dezaketenen zori ona!

 Bestela, nola ondu dezake gizonak bere asmoa ta bere gogoa obenez garbitu? Non,

 biotz ausi batean baizik, sar liteke Kristo gure Yauna?

 

                                     * * *

 

         Ta eztarri ubel, anpatua, ta begi il, tinkoak ditun gizona ba-dago

 Lapurra Parabisuratu zuten esku gurenen begira; ta Yaunak ez du biotz ausi ta

 garbaidun bat arbuiatuko.

 

         Legea irakurtzen dun gorrizko gizonak iru asteko bizia eman zion, iru

 aste labur bere gogoaren burrukaz bere gogoa garbitzeko, ta aiztoari eutsi zion

 eskua edozein odol tantaz ikuzteko.

 

         Ta odol tantaz ikuzi zun eskua, aiztoari eutsi zion eskua; odolak

 bakarrik ikuz baitezake odola, ta negarrek bakarrik osa dezateke: ta Kain'ena

 izan zan orban gorria, Kristo'ren elur antzeko zantzu zuri biurtu zan.

 

VI

 

         Reading baitegian, Reading iriaren aldean, aalke-obi bat dago, ta ba-

 datza artan garraren ortzek yandako gizon errukarri bat: izerkari gartsu batean

 datza ta aren illobiak ez du izenik.

 

         Etzan bedi an isilik, Kristo'k illai dei egin arte; ez du alperrikako

 negarren edo aizezko asperenen bearrik: gizon ark maite zuna il zun eta

 orrexegatik il bearra zan.

 

         Baiña gizon guziek zer maite ta ura iltzen dute, entzun au guziok!

 Batzuek begi-zizta samin batez, beste batzuek itz legunkari batez; koldarrak

 musu batez, gizon bioztunak ezpata batez!

 

 


inprimatu