inprimatu
Zer gizonak!
Izenburua:
Zer gizonak!
Sinadura:
Xabier Iratzeder
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Diharce, Jean

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1950
Argitalpenaren urtea:
Alea:
9/10
Orrialdea:
7-8

 

Zer gizonak!

 

Iratzeder

 

 Dena begi zagon mutiko bat nintzen...

 Orhoit naiz eguerdi batez Atharratzen.

 Gizon horiek ikusirik, aditurik, miretsirik:

 Zer gizonak!...

 Argi zabaltzerik ez da hain argi eta su,

 ez itsano uhainik hain tiraintsu,

 ez eta Euskal-mendirik hain gorarik,

 nola baitziren gizon horiek... gizon

 Ikusten ditut oraino xutitzen,

 mintzatzen, kantatzen,

 Aitzol, Eizagirre eta Monzon.

 

 Ikusten ditut heien behakoak,

 aditzen heien mintzoak, heien kartu beroak

 Aitzol! barneko suak jana,

 Eskual-arimari osoki emana.

 Aitzol eta Eizagirre,

 besoak zabal ta bihotzak zenbatez zabalagoak,

 mendiz hunaindiko jendeari

 oihuz eta kantuz ari.

 Aitzol, Eizagirre eta... Monzon.

 Eskual-gazten argi, eskual-lurreko arimadun lore hura,

 guri oihuka, othoizka, deihadarka:

 Herriari pilpira, Herriari eskuara

 indar guzi-guziez ginezon

 atxik eta begira.

 

 Zer gizon bihozdunak!

 Zer gizonak!

 

 Mutiko'bat nintzen:

 buru guti nuen, ausarki biotz...

 Ilhundu arte, entzun-ta-behaka,

 egon nintzaioten;

 eta bihotza, egun kartsu hartan,

 barne barneraino zitzaitan

 eskual-suz bethe behin bethikotz.

 

 Bethe, bai, eta laster... eritu...

 Gizon horiek asmatu eskual amets beroa,

 gizon horiek altxatu paregabeko Gazteria

 gizon horiek eraiki Eskual-Herri, berria

 gerlak bet-betan baitu

 nahasi eta erhaustu...

 oi, gerlaren eta herraren dantza-zirimolen orroa!...

 

 Iragan dire iragan

 trumilka, oroka eta chehaka

 mendi zelai dohatsu hoitan

 herra eta gerla pegi-gorria,

 herra bere su beltza aztaparretan

 eta Gerla denen erhausle ikharagarria.

 Iragan dire iragan

 hil-dantza errabian:

 eta kantuz ta irrintzinaka zabaldu agoak.

 Eskualdun gazte lerdenen agoak,

 lur odoltsuen, erhauts gorrian,

 etzan ditu, barneko hatsez hustu

 herra ta gerlaren izigarrizgo fandangoak.

 Iragan dire iragan

 eta eskual-erhautsen artetik

 eskual-odolaren khe-lanhotik

 ikusi ditut hain gizon ziren gizon horiek,

 atsegabek, bihozminek, kurutze-besarka odoltsuek

 gizon baino gizonago, handiago, ederrago eginak...

 Zer gizonak!

 

 Iragan dire, egun beltzak iragan

 eta egun horien lazgarriko trumilak

 ez ditu eihartu heien neurrigabeko bihotzak,

 ez eta histu, ez eta hoztu heien su eta amets zabalak.

 Ikusi dut Aitzol fraiden artean ameska...

 eta joan da, bere gazten azken hil-deiak entzunik;

 joan da eta hil... heien odolean bere odola emanik,

 Eskual-erhautsean bertzen amodioz auhenkatuz: Barka!

 

 Ikusi dut ere

 zorigaitz-aizeak Herritik kanpo ufatu

 mundu zabal guzirat barreatu

 Gernikako Haitz biphilduaren ostoen artean

 ikusi dut Eizagirre.

 Eskual-zorigaitzak, atsegabeak eta herioa

 iragan zitzaizkon barne-barnean;

 Halere... agurka eman dauzkit lehen bezala

 bere beso zabalak, bere irri zabala

 eta bere bihotz zenbatez zabalagoa!

 Ikusi dut eta, Herritik kanpo, hil da ixil ixila,

 hiltzeraino eraikiz odokoen Eskual-Herriaren Geroa.

 

 Ikusi dut, Lapurtar besta batean, Monzon,

 hauts beltzen artetik doan arimadun sugarra,

 galerna ihurtzurien ondoko ortz-adarra,

 herio-musuak, Jainko-besarkak zerutu gizona iduri.

 Bazkari eta kantuen artean zagon,

 urrunerat so, gogoetan ari...

 Ikusi dut Monzon...

 «Zeri pentsa zaude, zer duzu gogoan?»

 — Hamar mila ziren, hamar mila gazte

 «Loiolako etx-aintzinean, oso garbi ta dena sineste.

 «Jainkoa zuten bihotzean, haren argia behankoan:

 «Bake-gizonak ziren, bortxaz... gerla gizon!...»

 

 Agur, Aitzol, Eizagirre eta Monzon!

 Zuen ametsa, zuen sua ez da histuren,

 Zuen Eskual-Herria, Eskual-Herri berria ez da hilen.

 Zu hil-aintzin, Aitzol, bai, hiltzer zagon;

 bainan orai zainetan, harroka-hezurretan sartu dio

 zure eta gazteen odolak

 eskual-su, eskual-amodio,

 lurraren bularretik hartaz baitire haziko

 gure zelai mendietan hemendik goitik sortu beharrak.

 Zuen hiltzeari esker, bizi da bizi behin bethiko.

 Zuen barkamendu nasaiari esker, akabo herrak,

 akabo eskual-semen arteko arrozkeri eta gerlak.

 

                                 * * *

 

 Zato, Monzon, zato Olhetako larretarik zaldiz,

 joan-egunez eta gerokoez luze mintza gaiten.

 Igan, zu eta Aitzol bakez egarri jin zinezten

 maldu saindu eta ixil huntara.

 Zato eta igan, Orhi, Larrun ta Jaizkibel ikusiz,

 gauden elgarrekin eskual-arimari begira.

 Igan, sar dakizkigun eskual-bazterraren gozoa,

 mendi-harroken indarra eta itsas-orroa,

 zeru-zolaren zabala eta oihan intzirekin aize hegoa.

 Igan, begiak lanho, gain huntakoak kantari,

 sar dakizkigun eskual lurpean etzan guzien hatsak

 eta, odoltsu erori, gazte-behako guzien ametsak.

 

 Igan, igan, Monzon,

 Mundu zabaleko eskual-jendeari

 oihuka gauzkion:

 «Ihes-bidetan, bortxaz eta ilhun, Herritik urrundurik,

 xuti, altxa burua, utz auhen eta doluak.

 Gerlak zaurtu, gerlak erhaus peratu Eskualdungoa,

 odolean ta nigar-errekan iragan eta,

 garbiturik, barnaturik, zabaldurik baitoa...

 xuti, altxa burua, jauz-egin, Herriari buruz kanta!

 

 Ihes-bidetan, diru-bidetan, Jainko-bidetan,

 mundu-bide orotan joan eskual-semeak,

 ez uka, bainan ixur! heda, erein, haurren ta elgarren baitan,

 zainetan dabilkizuen eskual-amodioa,

 bat dagon, muga ororen gainetik ere, eskualdun jende osoa.

 

 Herriko eta kanpoko eskualzaleak,

 maita, funski maita;

 eta ez, bakarrik, eskualki josta, eskualki zurruta.

 Maita; eta ez jasan ez neurririk, ez mugarik, ez itzalik.

 Maita, biotza mundua bezein, Jainkoa bezein zabalik.

 (Eskual-seme bakotxak bi Herri dituela:

 Eskual-Herria eta Mundu zabal.)

 Maita eta ibil, izarrez goitikoari so,

 erresumatzez eta hilkeri guziez ezaxol, bainan Eskualdun.

 Ibil mendez mende, ibil itsasoz itsaso,

 mundu guzikoen anai eta Jaun Goikoa laguna.

 

 Ibil eta noizbeit, maitatzearen bortxaz,

 eskualdungoaren zabaltzearen zabaltzeaz,

 sartuko zaizte, sartuko gare, irrintzinaka ta kantuz,

 Mundu-bazter guzietarik goiko eskual-xokoan.

 Sartuko, ilhunbe ta herio guziak gaindituz,

 hemen maitatu eskual-itzaletarik izaite egiazkoan:

 Zeruetan den Mundu Berriko Eskual-Herri bethierekoan.

 Sartuko eta iganen, osteka, ibaika, uhainka;

 

 Aitzol, Eizagirre, Morzon eta oro

 elgarri besarka, elgarri goreska,

 oro dohats, oro kantuz ta kantuz,

 osteka, ibaika, uhainka, irrintzinaka

 iguzkien Iguzki den Jainko-Gizonari buruz.

 Iganen, bai, iganen lanhoz lanhho, lerroz-lerro;

 eta... zeruetako athe-bazterretan bildurik,

 ukurturik, harriturik,

 Aingeruek —nik uste—

 igaiten adituz eskual-bihotz, kantu eta irrintzinak

 elgarri erranen dute:

 Zer gizonak!»

 

 


inprimatu