inprimatu
Populuei agur
Izenburua:
Populuei agur
Sinadura:
Huy Cān
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Lucien Etxezaharreta)
Egilea(k):
Etxezaharreta, Lucien

Huy Cān

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
30.zk.
Orrialdea:
64-68

Populuei agur

 

Huy Cān

 

 I

 

 Walt Whitman, pizten bahintz

 Nolako agurra eginen hioke munduari,

 Nolako agurra populuei?

 Hire abots ferdearekin nazioak agurtu hintuen,

 Hire abotsaren usain onarekin eta belar hostoen daldaran,

 Papo iletsu eta bizar loratuzko pentze haunditik ateratu abotsarekin,

 Agurtzen hintuen.

 Hire demokrata abots handiz agurtzen hintuen.

 Bainan Walt Whitman,

 Orain haute populu askatuek maite,

 Orain dituk agurtu behar abots

 berriarekin.

 Populuak sekulan baino azkarrago,sekulan baino biziago dituk,

 Walt Whitman!

 Populuak lur hontan berriz sortzen ari dituk,sekulan baino

 sustraituagoak.

 Ongi sustraituak, populuek munduko gaztetasuna egiten die.

 Populuek berritz Lurraren freskura egiten die.

 Hozitze haundientzat onak diren berotasun gozoa

 egiten die ere.

 Aa! Populuak! Walt Whitman!

 Munduaren osasun dituk, iguzkiak sekulan berotu duen

 odol gorrienaz gorritu odola,

 Bere hamar mila urteetan zutik jarria den munduaren bizkortasuna,

 Betiereko gaztetasunari itzuli munduaren gaztetasuna.

 Populuak munduaren pentze handi dituk.

 Walt Whitman, mendi zelaiak ikusi dituk,

 Ibai eta itsasoen abots haundia entzun duk,

 Eta hire abotsa ortzia bezala mintzatuko duk,

 Itsas sagaioaren gisa,

 gaineko haize kosmikoa bezala.

 Munduko ur bildu guziak baino sagaiotsuago,

 egun populuak ikusiko hintuzke,

 Populuetarik jalgitzen den haize haundi hori entzunen huke

 gizakiaren goietarik

 ufatzen duen haize haundi hori,

 Nazio berpiztuen arnas naturala den

 haize haundi hori.

 Planetaren klima berri horretan hire bular zabala

 neurri berri batzuetara zabal litaikek.

 Longitudeak eta latitudeak hurbildu dituk.

 Populuak elkarri hurbildu dituk,

 Lur haundiago baten egiteko,

 Lur gazteago bat jendeek gaztetu duten

 mundu batean.

 

 II

 

 Walt Whitman, munduko su mendi itzaliak

 agurtzen hintuen: eta Vesuvioa eta Etna;

 Hire bularrek seguraz ere munduko sabelaz erretzen

 ari diren su horiek piztu nahiko zituzketeian.

 Bainan gaur hire bular lasaituek senditzen ote ditie

 populuen su mendiak, populuen Etna eta Vesuvioak

 kontinente guzietan piztuak

 eta su mendi beltzak, eta su mendi horiak,

 eta berdin su mendi xuriak.

 Ez duka Lurra beroxago senditzen?

 Ez duka senditzen bere ardatza pixka bat fitexago

 itzulika ari dela gure martxen erritmoan?

 Jainkotasunaren ideia sortu zituzten lekuak

 agurtzen hintuen.

 Bainan egun zer ospe handiagoarekin ez hintuzke agurtuko

 populu ideia baiezten dituzten tokiak,

 Nolako harrotasunez ez huke agurtuko

 jendearen baieztea.

 Nolako pasione eta zorionarekin hire eztarriak

 eta hire mihiak ez ziztean kontatuko

 askatasun kantu berriak,

 Kantu bestela sakonagoak, Lurraren martxa

 bezala diren kantuak,

 Gaur martxa ezin geldiarazian jarriak diren

 esklabo bularretan lehenago preso ziren kantuak.

 Kantuak jendeen aintzinean joaki direlarik

 basa eta erakargarri.

 Oi! Walt Whitman, gizaki ideia bera

 mila aldiz berritua duk; oxigeno berri bat

 airean erretzen ari duk.

 Odol berri bat zainetan taupadaka zabilak

 eta giza ekaia nahasi eta ihaurtua duk

 Humanitate gaztea kantari, eta gizakien kantua

 gazte bihurtzen,

 Poza eta entusiasmoa gazte bihurtzen,

 Sendimendu zahar horietan inongo Darwin batek

 agertu mutazioak balira.

 

 III

 

 Populuak, Walt Whitman, Lur hain zahar eta hain gazte honen

 lore hoberenak dituk

 fruitu hoberenak,

 Populuak altxatzen ari dituk biharko uzta aberatsen

 hazi onak bezala.

 Eta hi, Whitman, lur hontan etzan haizena

 hihaur hazi on bezala,

 Entzuten dituzka populuen martxa haundiak

 munduaren bizkarrean

 Ekuadorretik Poloetaraino, Poloetarik Ekuadorreraino!

 Entzuten dituzka Pazifikoaren,Itsas Indiarraren, Atlantikoaren

 orrialde haundien firfirak

 liburu berria itzultzean!

 Sekulan ez duk gure Lurra hain okupatua eta alaia izan

 bere kurtsan,

 Populuek, lehen, sukaldeetan - orhoit hadi

 Langston Hughes! - nagusientzat

 platen prestatzea baizik ez zitean egiten;

 Orain populuak munduko etxe haundian

 nagusi sartzen ari dituk.

 Berrantolatzen ari die - goitik behera - bizi hau

 lehen hain gaizki moldatua.

 Populuek ez die gerla asmatu, Walt Whitman,

 Bainan azken gerlak eginen ditie harekin akabatzeko,

 Populuek hartuko die gizakiak sortu su guzia beren eskuetan,

 Munduko kolore guzien berregiteko, biziaren koloreak

 berregiteko.

 Ez dea egia,Walt Whitman, populuak beti

 lurrontzi eta zeramika egile onak izan direla,

 - Hirea ere, eta enea beste hainbeste,

 edo berdin gehiago -,

 Kolore eder galduak berrasmatzen jakingo die

 eta berriak sortzen

 Akabatuko die jainko eta demonioen

 ilunabarraren griseria hori.

 Lurra itzulikatuko duk beti jendeen eskuen artean

 lurrontzi egile baten errota erraldoiaren gisa,

 Eta Lurra bera ontzi eder bilakatuko duk

 urna greziar guziak baino ederrago.

 Unibertsoaren orretik jendearen eskuak

 edertasun umak jalgiko ditie.

 Populuek ez die gerla asmatu, bainan gerla

 beren gauza bilakatua duk, Walt Whitman.

 Populuek adiskidetasuna asmatu die eta adiskidetasuna

 jendeen bihotzean geldituko duk.

 Populuen bihotzean adiskidetasuna egonen duk

 hazi on baten gisala,

 Populuek gizakia berrasmatuko die

 gizakiak sortu jainko guziak baino ederragoa.

 

 IV

 

 Agur beren etorkizunaren jabe diren populuei!

 Gure mendea ez duk akabatzekotan, Walt Whitman

 heren on bat gelditzen zaiok

 denbora galduaren berreskuratzeko.

 Bere azken ibilaldia mendeen bidetan

 ibilaldi ederrena izanen duk.

 Populuak, zuetarik asko oraindik gose zarete,

 oraindik hotz duzue, ikaran zarete,

 Lurraren gerriari zintzilik

 Unibertsoko xinaurri hori, beltz, xuri.

 Populuok, independentzia eta libertate gose gara oraindik.

 Noiz arte gizaki bizi sakrifizioak

 mundu hontan izaitea gatik baizik?

 Agur populuei, beren problema eta esperantzei,

 beren gudaldi eta garaipenei,

 Agur beren heroe hil eta biziei,

 diamantea bezain iraunkor

 eta jada bezain garbi direnei.

 Aa! Munduko leihor bazterretarik

 nola ferdetasun eta freskura haizea altxatzen ari den!

 Zuek zarete ene arimaren eguraldi,

 ene mihiaren sapore,

 Jusaren jusa zarete, harmonia berrien pizle

 ixiltasun bihotza.

 Kanta dezagun populuen kantu zahar eta berria,

 Kanta dezagun gizakiaren adimen zahar eta berria.

 Oi, hi, Poesia, jende eta populuen ezti,

 agur hiri ere!

 Giza erle kofoin handia hegal kolpe handiz

 aireztatzen ari da

 eta hazi irin eta eztigai berriez betetzen.

 


inprimatu