inprimatu
Barne mortuak
Izenburua:
Barne mortuak
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
30.zk.
Orrialdea:
18-20

Barne mortuak

 

Itxaro Borda

 

 I

 

 gaua jausten denean hiri bortizki balakatuz,

 oihuak ezpainetan leher-zorian

 antsiak eramaiten gaitu

 karrikaz karrika

 amodioaren itzal ximelduaren urratsetarik,

 ostatuetako altzo keztatuetarik

 soinu gogorrak jazartzen zaizkigu,

 oldartzen

 behialako antsia

 desira itsu bihurtaraziz,

 maite zaitut maite

 oihua ezpainetan leher-zorian

 dabilkigularik

 ixiltzeko keinua marraztuz

 nitarik urruntzen zara

 bapatean akiturik

 karrikaren erditik desagertzeko,

 sabel leun eta eztiak

 ez bide dira guretako...

 

 II

 

 ukamenak ilundu begientzat

 jadanik

 ikustezinak bilakatuak gara

 nehork ez gaitu kurutzatzen

 edo/eta

 sahetsetik iragaiten zaizkigunean

 ez digute agurrik luzatzen,

 ez bagina bezala,

 egunerokotasunaren ausikia salbue

 maitalerik ez daukagu

 asetzen goaz

 alabaina

 guziek badakite

 maitasunaren oinarrizko

 baldintza sohakoetan

 dela bermatzen,

 eta ukamenak ilundu begientzat

 dagoeneko

 ikustezinak bilakatuak gara.

 

 III

 

 sortu arau,

 burdinazko ataparrak purruskatzen

 zizkiguten ametsak,

 baina

 gure ametsak

 airearen antzekoak ziren

 behar-gorri, lehia zorrotz,

 uhargi

 eta menderakaitz.

 halatan,

 amets haiek

 larru minberak

 azuzkuluz

 urratzeraino

 ahurrean

 tinkatzen genituen,

 altxor.

 

 IV

 

 eskuak eta eskuen itzalak barne,

 harriaren lakarrean

 juntatzen dira,

 otoitzez bezala,

 ekaia heztearren.

 eta eresien

 baheetarik

 ihes dihoatzilarik

 eskuek eta eskuen itzalek barne,

 lakarra laztanduz

 harria

 zeharkatzen dute

 gero bila

 otoitzez bezala.

 

 V

 

 sekula ez dugu trenik hutsegin,

 altzeiruzko mamu zaratatsuek

 haragia erdiz-erdi ebakiarren;

 ohe hertsien bakardadean, umekien gisa

 amaren sabelean

 kukubilkaturik

 izenik gabeko gunea onhartu dugu beti,

 gogoz kontra izanagatik

 sekula ez dugu trenik hutsegin

 kaiertzean dudati geratuz gero.

 mina are latzagoa zatekeela

 sinestera helduak ginelako!

 

 VI

 

 garapen iragarriaren sareetan

 lekurik ez dugunok

 hargatik

 oinez

 jarraituko dugu,

 desertu idorretan

 zango-zola lardeskatuak

 orbaindu arte.

 zure soa, zure eskua,

 zure ezpainen plegu minbera,

 gidari xume bekizkit,

 pentsamendu doieko

 argizpi kuttun,

 are urrunago eraman dezagun

 garapen iragarriaren sareetarik

 kanpo

 deramagun

 ibilbide

 itxuraldatzailea.

 desertu idorretako

 errautsek

 betazalak, biloak, soinak

 lurrez

 estaliko dizkigutelarik,

 salbatunean,

 noizbait

 ez ote gara

 elkar ezagutuko?

 


inprimatu