Baga ziren
Ernest Alkat
Azkenik egin, euri nigarrek, aments hutsetan galduak
Gazteak etxen, sarta berriak, apal apalik buruak
Amak haurrari, orroitarazten, ikastolako orduak
Nola asmatu, bi lore gazte, zauzkigula urrunduak
Beren biziko, udaberritik, eraman ditu neguak.
Lore guziak, bezala zuten, bizitzen udaberria
Alaitasuna, nasai hedatuz, eskainiz beren irria
Paregabeko, baratzea zen, bientzat Euskal Herria
Zabaltzen zuten, oroz gainetik, Euskara maitagarria
Sekula santan, ez zadin agort, hizkuntzaren iturria.
Begiak zauzkit, orai bustitzen, iturriaz orroitzean
Errobi zoan, beti bezala, bide luze ta hotzean
Hormak zituen, denak margotzen, zoritxar haren goizean
Zer zinioten, gazte maiteak, zuen azken solasean
Norentzat ziren, azken agurrak, betirako urruntzean.
Uda bertan, oso polita, Arrosako herri hori
Garaztar gisa, dantza jauzitan, beheiti doa Errobi
Nola onhartu, bi andereņo, bertan zirela erori
Hor zuendako, beti badauzkat, bertsu xume bat edo bi
Bainan erreka, gaur nola deitu, Errobi edo hil hobi.
Ixtripuaren, iluntasuna, margotzen zuen lanoak
Bi xori gazte, bereganatzen, ezin asmatuzko loak
Ez jakinen, beren lanetan, ari ziren etxekoak
Kantuz ta oihaz, zoin alegera, ikastolako xokoak
Ez ziren berriz, harat helduko, beren bi andereņoak.
Berria laster, zabaldu baitzen, ixuri ziren nigarrak
Nola kontsola, Lasa aldean, ikastolan zauden haurrak
Etxekoeri, nola eskaini, esperantzazko indarrak
Euskal zeruan, pizten zirela, maite gintuen izarrak
Bi zerbitzari, galtzen zituen, Seaskak eta Euskarak.
Betidanikan, edozoinentzat, ixtripua da latzgarri
Nolaz orduan, nolaz horiek, galdezka gaude elgarri
Jadanik guti, agertzen dira, herriaren zerbitzari
Iduri luke, mundu osoa, gure aurka dela ari
Berriro biga, horrela geituz, luzea zen zerrendari.
Urrundu dira, gure artetik, bainan ez dira galduko
Hasia zuten, sail ederrari, ezin dute egin uko
Urruņa eta, Itsasu ere, hartzen ditugu lekuko
Eguneroko, borrokarekin, herria da salbatuko
Ta zaek erain, hazi sanoak, laster dira loratuko.
Seaskak aurten, hogoi urteak, alaiki ditu ospatzen
Ezagutza bat, hartze duela, hasiak dira ohartzen
Ikastoletan, ate guziak, ari dituzte zabaltzen
Udaberriko, iguzkia da, gela guzietan sartzen
Lasan nigarrek, busti karpetak, dituelarik xukatzen.
Zuentzat egun, andereņoak, marrazki bat dut eginik
Oporretarat, Garaziraino, biak zireztela jinik
Oto berri bat, badut zuentzat, olentzerotan ukanik
Lore gorri ta, xuri berdeak, gelan baditut emanik
Zatozte laster, berriz gu ganat, Bemadeta eta Monik.