Besta biharamoneko poemak
Jakes Ahamendaburu
I.
Nik ez dut idazten
gehiago denborarik
galdu nahi
eta irudiak, usteak
sortzen zaizkidan bezala
nahi ditut kantatu
gauzatu
Ai zure irri eztian
izarrak milaka baleude
Zuk, zure izangoaz
ba ote daukazu griņarik?
Noiztik diraki itsasoak?
Nork derra erorka
dabilala denbora?
Nik ez dut gaur
poesiarengan, gizonarengan
gehiago sinetsi nahi
ezenez gauero zure izanaz
jabetzen diraden
nire neurririk gabeko
musu ixiletan baizik...
II.
Ilunaren barreatzeaz
dai dai dai
ginen trufatzen
Ilargi xuriari
genegion kanta
gaba luzearen
ma ta laztan erdian
bertsoen oldarrez
doinu hilezkorrez
izar azpitan
izar argitan
ortzadar nabarraren magiari
euri beroaren hunkiari
sasoien etenean
gure bakarrean
Ilunaren barreatzeaz
dai dai dai
ginen trufatzen
III.
Irri ixila
ihes abiatu zitzaion
mehe-meherik
Ezpainak loturik
begia geldirik
hutsa zintzilik
mihiseak zimurtu zituen
bustiaren bustiz
eskuak tinkatu zituen
berak ez zakien
hutsa bete nahiz
eta haizea gelditu ezean
nigar egin zuen
xorientzat, nehorentzat
gure mundu ergelatik
hain unun eta batera urbil
begi lehorrez
desira puskatuez
agertu eta sekulan urratzen ez den
beste irri baten eske
fereka lizunkoiek bakarriik
apaltzen dakiten
nehoizko, inongo, ahozko
irrits erotikoen egarria
bakar bakarrik
gauaren sahetsean
betikotz autista.
IV.
Ez! ez ikusiarena
ezin dut gehiago egin...
Oro kanta
dena amets
maitez luzatu eskua
oldez ebatsi musua
guzia dut ikusten
begiz begi, soz so
den bezala
Noiz bada zaukula
gaua egun eginen
eta ahantzea oroitza?
Uste zorakorrak ere
indar ta beharrez
beti dirade
noizbait nonbait
urratzen, ahalgabetzen
Alta nehor gutik
ez dauku galdetzen
zonbat nigar faltsu
dauzkaten gure begiek
zonbat miru daukan
hegada batek
zonbat mirail
gure euskaltasunak
Ez! ez ikusiarena
ezin dut gehiago egin...
V.
Ez nazan sobera maita
nire lagunak goiz batez
eskaini zidan
bere musurik ixilena
Orduz geroz ditut
bustirik gabeko
musuak
gehienik maite...
Ez nazan sobera ames
nire lagunak gau batez
kondatu zidan
bere ametsik lizunena
Orduz geroz ditut
gabarik gabeko
oroitzarik gabeko
ametsak
gehienik maite...
VI.
Haize hegoaren bortxuz
erroz gora joan
mila pagu zaharren ziloetan,
ustez zoriontsu eta berez
hain-triste dagotzin
poeten eskutan,
geroaz axolatzen ez den
neska txikiaren kokinkerietan,
iraultzazko ele-meleen artetik
hara hunaka doakigun
gudari izengabeen memorian,
oroitzeaz beti beldur diraden
maitale berextuen
musu berrietan,
nork bada ukatuko dio
gure eskuari lotzea?
nork bada ukatuko dio
gure bihotzari jotzea
nork bada ukatuko dio
gure hizkuntzari sortzea?
ez poetak
ez gizonak
ez izanik
gure nortasunaren baitan
sinesten ez dutenek
noiztik?
aspalditik ezin dute
gure etorkizunaren ogitik murtatu...
VII.
Begiz ezin asez
bihotza pilpika
ortzira dago begira
neska ttipia
Soa ihes
begi zoroz
ortzira begira
neska ttipia
eta ortzia hunki ezin
hedoizko esnea jasta ezin
jasta ezin
neska ttipia
begia ikus ahal urrun
ortzira begira
neska ttipia
eta han,
gainez gain,
izartxo bakar bat
gelditu zen
hain triste bere ertzean
Geroztikan,
neska txkaren begitan,
han,
ortzea bera baino
ainitzez gorago
hedoi xurien ordez
ikus zitezkeen
izartxo mutxurdinaren
urrezko ezteiak
mila su, mila izpi
neska ttipiaren begiek distiaturikan
Nigarra begitan
ortzira dago begira
neska ttipia
hain bakar
bere ertzean
hain triste
bere gauean...
VIII.
Gaur, nire ganbaratik
ezin jalgi
Kanporan, lurrez lur
udazkenaren lehen alga erreak
eta kanporan beti, hurren
asto zaharraren marruak
dirau mudurri
eta Errozateko izartegian barna
biolin danbolin
haize leunez maitamin
abailtzean ezindurik
arrats heldua ari zait
gauaren hari ausartenarekin
puntu egiten
eta astoaren manuak dirudi
ortzetik xuren jalgia
ortzantz urrunduarekin lauhazka
amets hutsaren aldarri
nire fantasmen eusgarri
nire ganbaratik ezin jalgi...