inprimatu
Txoriaren begietarik... esperantzara
Izenburua:
Txoriaren begietarik... esperantzara
Sinadura:
Markel Arizmendi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Arizmendi, Markel

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
18.zk.
Orrialdea:
24

Txoriaren begietarik... esperantzara

 

Markel Arizmendi

 

 1

 

 Udaberria, aro berria,

 negu hotzaren geroztik,

 txorikumetxo sortu nautenez

 hegoak dantzan dabilzkit,

 mementuoro jaten dihardut

 ene amaren mokotik,

 begi hertsiak zabaldu ditu

 eta izarrak dakuskit,

 zein legokeen lurra behatuz

 hegada luzez ortzetik!

 

 2

 

 Zohardipean dager mundua

 zohardipean natura,

 hegats trinkoek gogor astinduz

 garamatzate zerura,

 eguzki izpiz, haize ferekaz,

 bai nagoela, gustora...

 baina begiek halabeharrez

 so egin dute mundura,

 harridurazko ikuskizunaz

 nagusitu zait tristura.

 

 3

 

 Non ote dira behialako

 pagadi eta haritzak!

 euren ordezko pinadietan

 hedatuz doaz sasitzak,

 zikinkeriaz estali gaitu

 ibai ertzeko langintzak,

 higuin zorrotza sortarazten du

 urari darion bitsak,

 negarrez dagi gure barnean

 kolpeka dugun bihotzak!

 

 4

 

 Mendiko saia, arrano edo

 lautadetako usoa,

 hegalariok atsegin dugu

 euskaldunaren mintzoa,

 aspaldidanik entzun ohi da

 honen hizkuntza gozoa,

 baina tamalez urratuz doa

 arbaso haien altzoa,

 ene lagunok, ez da makala

 solte dabilen otsoa!

 

 5

 

 Itsas hegirantz luzatu dugu

 hegalariok bidea,

 uhin sarkorrez jolas ari da

 gure Kantauri berdea,

 goratabehera harrigarrian

 ikus daiteke jendea,

 gogo bizitan aritzen dira

 nekez lortzeko xedea,

 halatan ere ez da makaltzen

 itsasgizonon fedea.

 

 6

 

 Urrundik ere goxo iduriz

 emakumearen xarma,

 lanpostuetan eta bizitzan

 galtzaile marka darama,

 oraindik orain emea bada

 gizartearen marama,

 bidezko ote gogoratzea

 hainbatek sarri esana...

 "Herri askeak ezin du jasan

 ezein injustizi zaina"

 

 7

 

 Gau ilunean adar luzetan

 pausatu dugu nekea,

 lo sakoneko amets berotan

 tristerik dager pakea,

 hainbat langilek pairatzen baitu

 haundi-maundien legea,

 langabetuen ezpain estuan

 irria ez da merkea,

 gutti batentzat eskaintzen baita

 zoriona ta ospea.

 

 8

 

 Egunsentian gure kantuek

 zenbat duten iratzarri!

 nekazarien usadioa

 guk hala dugu ekarri,

 mende luzetan laia ta goldez

 bidea bazen ezarri,

 gaurko egunez deusik nahi bada

 hautsa iharrosi sarri,

 ea geroa eskuratzen den

 indar emanez elkarri.

 

 9

 

 Hots zakar batek iratzarri nau

 jarria zaigun orduan,

 txori bainintzan hegaz egin dut

 ametsaren inguruan

 gauza ederrak berehalaxe

 bukatzen dira munduan,

 urte luzetan preso naukate

 gizatxar baten moduan,

 askatasuna nahi dudalako

 nago kartzela barruan.

 

 10

 

 Damutasunak ez du izango

 gure artean lekurik,

 sakabanatu edo kolpatu

 bide hori da alferrik,

 ametsen bidez jaso baledi

 txori berrien kanturik,

 herri zahar honen etorkizunak

 ez luke beste biderik.

 Herri askea izanen gara

 ez izan inoiz dudarik!

 


inprimatu