inprimatu
Txillardegirekin kafea hartzen Parisen
Izenburua:
Txillardegirekin kafea hartzen Parisen
Sinadura:
Itxaro Borda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Borda, Itxaro

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
18.zk.
Orrialdea:
17-18

Txillardegirekin kafea hartzen Parisen

 

Itxaro Borda

 

 I.

 

 txoriek amodio sasoinean zeruaren

 urdina labantzen dutenean

 bakearen harrobietan

 beleak borrokan.

 desastre arrunten globoak suntsiturik

 hilotz etzan

 bakardadea zer den ez dakiten

 jenden artean negarrez

 garagardoak ezin edanez.

 

 II.

 

 munduko madarikatuen

 zerrenda koloretsuetan

 sartzen gintuzten

 hizkuntza beltzegia

 genuelakoan.

 presoak

 isolamendu zeldetan

 presoak.

 

 izarren ihesaldietan

 gosea hedatuaz lurra

 lapurtzen ziguten

 auhena samurregia

 genuelakoan.

 presoak

 isolamendu zeldetan

 amnistiarik ez

 guretako

 reggae.

 

 III.

 

 aizu

 Jose Luis

 zer edango duzu?

 - bierra bat...

 - kafea eskaintzen dizut

 diruz labur nagoelako.

 

 aizu

 jose luis

 zer idazten duzu?

 - lumpenliteratura...

 - nik ere aspaldi honetan

 ez dut besterik egiten.

 

 aizu

 jose luis

 sartre aurkitu ahal dozu

 mutualitateko geletan?

 - oraindik...

 - hemen omen dabila bazter

 aberatsak ere nahian.

 

 aizu

 jose luis

 zer gordetzen da haizeaz

 bestaldetikan?

 - mendeko barbaria...

 - kartzela emparantzako

 bantustan berrietako harrietan.

 

 aizu

 jose luis

 ba ote da treinik etxera

 eramango gaituenik?

 - bai...

 - beste kafe bat

 jose luis

 aizu.

 

 IV.

 

 zuek

 hegoaldeko aberkideak

 ez ezazuela iparraldea

 ahantz

 bi estado zentralistekin

 zinez

 negoziatzen hasiko

 zaretenean.

 ordua etorriko denean

 gogoan har ezazue

 ez garela bakarrik

 babesleku

 paseia leku

 uda leku

 ez egin

 irlandesek ulster ingelesen

 meneko utzi zutenean bezala

 beren independentziaren

 truke.

 orain

 diogu

 euskadiizenik mereziko duen

 herririk ez dela izango

 nafartarrik

 lapurtarrik

 zuberotarrik

 gabe.

 edo betiko

 gabe geldituko gara.

 

 V.

 

 bururaino joan beharraren premia

 ezezta dezagun

 bide eskasetan galduko gaituzte.

 

 oloaren gustu kiretsean ihaurika

 hil gaitezen hil

 jatera emango digute ase artean.

 

 VI.

 

 sartaldetik datozen hedoien artetik

 ainaren hegaldi arinak dakuskit

 arats apal lasaietan.

 oihuka has nitake baina ondikozko

 hasperen gordeak oro higatzen

 zaizkit gauaren mortuan.

 esperatzerik badea ?

 

 laparreko elorria eskutan dut hartzen

 geroaren mikatz dardaratiaz

 herabeki betetzeko.

 ainaren hegaldi arinak dakuskit.

 negar gogoarekin irri gogoz nago

 ortzeak hondorik ez duelako.

 esperatzerik badea?

 

 ipular dudakorretan denbora pasatzeko

 haragi puskak bortizki plegatuz

 atzoko arpegi hotzak

 astiro arrakonposatzen ditut

 ordea satorren egunerokotasunean

 nehor ez duket ezagutzen.

 esperatzerik badea?

 

 haize hormatuak ur gosez dauden artadi

 zabalak aspertzen laztantzen ditu

 bihiak irinaz hustuz betiko.

 lurrean etzanik arresten dut behineko

 amodioaz sangreatzen nautela

 eta hire gorputzaz asekaitz ibiltzen naun.

 esperatzerik badea?

 esperatzerik badea?

 


inprimatu