Pacem in Lapurdum
Itxaro Borda
I.
gaztelu zahar blues.
ahoak, oihal trikolorez tapaturik.
hiri aberatseko karriketan barna.
larrunbat arratsaldez.
beti eskatzen.
beti kolpeak biltzen.
urdin beltzez jantzirik dabiltzan
orden zaintzale harmatuak,
gaz negar ekarleak
erromesak gu gara.
xuri garrailez apaindu burgesen
komentario zorrotz zuzenak,
hau ez da Libania
ahots demokratak.
gorriegi ixurtzen da matrakaz jo
kidearen kopetatik odola,
giza eskubideak.
Soweton menturaz
pasatzen dira manifestalariak.
gaztelu zahar plazako ehun eroak.
banderola higatuaren gibelean.
larrunbat arratsaldez.
beti eskatzen
kanporatzerik ez!
beti eskatzen
presoak etxera!
beti kolpeak biltzen.
zubi gainean korrika.
lurrean eroriak batzuk
ba ahal dago medikurik?
detenituak barreiatuak hatsantuak.
poliziek gero,
klausewitzen gerla taktikak segituz
ghetoa inguratzen dute.
frantses bandera haizean.
pacem in lapurdum.
II.
KONTROLA
nortasun agiria
eskuak gora
nondik nora hoa
zein lanbide
non bizi
frantsesa ahal haiz
zergatik hago hemen
gauez
bakarrik
karrika honen erdian
zer daukan sakuan
bonba bat agian
eskuak gora
eta liburu horiek
propaganda ote
zinezko tabakoa
ala belarra
zergatik hago hemen
gauez
bakarrik
ate honetan joka
KONTROLA
III.
burgesek, beren etxe hustuen zaintzeko
hargin munizipalei
ahalgearen hormak altxa arazten dituzte.
ordena eta zimenta.
squatt board blues.
IV.
demokratikoki eta gehiengo osoaren arabera
herriak hautatu
kazike baten egoitzatik bestera ibiliko gara
luzaz
diru eske.
aurten, defentsa nazionalaren buxeta
ehuneko berrogeiez emendatuko da.
hogei ta hamalau miliar
urpeko mizil nuklearrentzat,
hiru ehun eta larrogeita hamazazpi miliar
awacs iankitarren erosteko,
bizpalau miliar armada modernizatzeko.
hogeita zortzi miliarreko zuloa
sekuritate zozialaren kaixetan.
ekonomiak egin behar dira.
orain gutunak tinbratzen ditut.
demokratikoki eta gehiengo osoaren arabera.
eta gu
urtetik urtera
kazike baten egoitzatik bestera ibiltzen gara
hamar milioi ttikiren eske,
demokratikoki
(poliziz setiaturik)
guttiengo xoilaten
errebendikazio oinarrizkoak
plazaratuz.
Paribas bankoaren pribatizazioak
larrogei miliar ekarri ditu
gobernu eskuindarrari.
demokratikoki eta gehiengo osoaren arabera.