La porta oberta en el cel, i aixo
Itxaro Borda
I
herri hau aipatzen diguten aldi oroz,
elizetako
barne mukurru beteak erakusten dizkigute,
emazteek beherean
"zuk kentzen duzu munduko bekatua"
eta
gizonek galerietan
"urrikal jauna"
kantatzen dutela.
"emaguzu bakea" deiadarkatze
bakoitzean, irri bat desagertzen da
hemengo bizidunen ezpainetan.
II
requiem dio haizeak.
udako lantzurda maltzurrik
egiten ez duen
lurrak ez zaizkit gustatzen.
nere azken egoitza ankerra
josiko doten
xurxuriak laztantzen ditut.
requiem dio haizeak.
III
etxez etxe noa
ganaren bakar minean
entzungo nauen norbaiten bila.
IV
mugaz bestaldean dago
biziteko estakuru ahularen marka,
mugaz bestaldean dago
etseitzeko arrazoin azkarraren bidea,
mugaz bestaldean dago
ebatsi nizun musuaren orroitzapena.
mugaz bestaldean dago
dena,
eta deusik eztago...
V
estatistika ofizialen arabera
euskal herri barnean
jende baino ardi gehiago dago
horregatik
gasna
urre xuria da.
eta nik gasna ez dut maite.
estatistika klandestinoen arabera
euskal herrian
ardi baino polizi gehiago dago
horrengatik
bakea
segurtatua da.
eta nik bakea ez dut maite.
VI
besteen aho zoriontsuetan
nihauren bakartasunaren
eremu desolatua
izar dezaket.
no woman's land erraldoia.
askatasun biluziegiaren
madarikazio mutua
jasan behar dut
oraindik.
VII
ogre handiaren
aurka
daramazkigun
borrokak oro
debaldezkoak ote dira
montsegur?
consolamenturik gabe,
hilgo
edo
joango gara.
haize hotza
harrien
arteka eskainietan
emeki
lokartzen da, kabitzen zaizu,
montsegur.
noiz eta nola sinets
irabaz dezakegula?
VIII
arkaitzak moztuz
barrikadak altxatzeko
gogoa ematen didan
mare nostrum.
zeren bila hoa
balantzaka
ezpain herbailduak
lizunki
gaziten ditunalarik?
uhin haserretu honek
amodio eskas gaitzak
betiko
urkatuko ditin
mare nostrum.
gure itsasoa baino maiteago haut.
IX
eguzkiak
ez dezake
ekaitzen ondorioz
ireki
leize lohitsua
lehor.
sega
ditzala
orduan
mendiak bezala
nere beso
kurutzatuak.
el nostre pa de cada dia...
X
AVUI
declaracio oficial del govern central:
la guerra civil espanyola ja és
definitivament
historia
amnesia
gora
bartzalona olinpikoa!
XI
opari bat eman nahi nizun,
eta karrika nagusian
eske zebilen
beltzez jantzi andreari
julufri gorria erosi nion.
loreak,
zure senargaiak eskainirik baizik
onhartzen ez zenituela
konpreni eraziz,
ez zenidan julufraia hartu...
orduan,
lili umila ezpaineratu nuen
apalik
grandola vila morena
terra da fraternitade
kantatuz.
XII
gauero
hiri berdinaz
amets dagit,
gauero
zure itzalari
loturik
haserre traketsak
laztantzen ditut.
gauero
metroko arroiletan
kantu zaharren eran
maite zaitudala
errepikatzen ditut.
eta
zuk
gauero
kaioletan salgai dauden
txori exotikoen
ikustera naramazu
erranez
begira
zer
ez dugun
bllakatu behar.
XIII
nola asmatuko dut
argazki xuribeltzean
zure begien kolorea?
nola entzunen dut
argazki xoilaren bidez
zure irriaren karkara?
STOP handia.
XIV
noraino joan ditezke portuko untzi hauek
itsas gainean behin abiatuz gero?
kaiertzean jarririk
gaudenean
arrotzegi senditzen
zaitut,
ametsetako ugarte tropikalak
baino urrunago
oooooo...
kristobal kolonen harria
portuari begira dago,
amerikak?
urrez kargatu txalupak menturaz
greziara doaz.
maremar...
sant pau karrikako nesken
usaina haizeak
hirian zehar barreiatzen du,
eta generalitat plazan jendeek
sardanak dantzatzen
dituzte larunbatero.
mosso del esquadra.
gaudiren izpiritu damutua.
montjuich
sutan
ikusi nuen
antoni ribasen filmetan.
noraino joan ditezke portuko untzi hauek
ni hemen zure zain nagoen bitartean?