Gaueko atseginak
Pavese
Haizea biluziena den momentuan gu ere
gaua hatsartzeko gelditzen gara: karrikak
haizez hoztuak dira, usainak eroriak;
dilindan dauden argiei altxatzen dira sudurrak.
Gure itzultzearen beha dagoken etxe bat daukagu
denek; lotan ilunean emakume batek itxoiten gaitu
gelako usainak astunak dira. Lotan eta hatsartzen
ari den emazteak ez du haizea ezagutzen; haren gorpuaren
berotasuna, gutan murmurioka dabilan odolaren beroa da.
Gauari irekiak diren karrika sakonetik datorren
haize horrek garbitzen gaitu; dilindan dauden argiak eta
gure sudur gogortuak borrokan ari dira larrutsik. Usain
bakoitza orroitzapen bat da. Ilunean, urrunetik jeiki da
hiria lehertzen duen haizea, mendixketan zehar jautsiz,
eta pentzeetan, eguzkipean bero den belardian barna, eta
omorez beltza dagoen lurrean barna. Guretzat orroitzapena
usain kiretsa da, bere leizeen hatsa neguan azaltzen duen
lur zaurituaren gozotasunik gabeko usaina. Usainak beltzean
itzali dira, eta hirian, xoilik, haizea dator gugana.
Gaur, lotan dagoen emaztearen ondora joango gara, eta gure
behatz hormatuek haren gorputza xerkatuko dute, berotasunak
odola inarrosiko digu, omorez beltza den lurraren berotasunak
hats biziak.
Hura ere eguzkiz hantua
Hura ere eguzkiz hantua da, eta bere biluztasunean, orain,
egunaz desagertzen eta lur gostua duen bizitzarik
gozoena erakusten du.