Urte ondarrean...
Gotzone Sestorain
Urte ondarrean
herri eta hiri anitzetan
ezkilak jo izan dira
eta sendiartean bildurik
mahats aleak jan txapainarekin bustirik,
aurten ere han nonbait ezkilek jo duten bitartean
gu biok Leitzelarreko borda hotz harretan
lurreko su sakratuaren aintzinean jezarririk,
nola indioek bakearen pipa erre ohi zuten
(jadanik indiorik baden zalantzan baitut)
urte zaharrari adio
errito berri batez
egin diogu.
Gogoratzen al duzu, Elena,
kandela zahar eta keatu hura?
Poxpolo nimino batekin piztu genuen,
eta orduak bota genituen berari so
nola galdatxoak desegiten,
suntzitzen zuen argizaria.
Zenbaitetan hain azkarra zen galdatxoa
izar iheskorra zirudiela,
bestean, aitzitik hain motela
nekez urratzen zuela kandelaren gorputza.
Eta gogoratzen al zara
kandelaren azken suspiriok zein luzeak
izan ziren?
Urteak ez zuen amaitu nahi
edo agian guk ez genuen amaitu nahi urtea.
Bainan kandela desegin zen
eta sua itzali.
Ziklo bat honez gero betea zegoen.
Kandela berri bat piztutzera zihoan
ala piztutzera gindoazen
Oraindik utopian sinisten dugunoi
ezinarekiko inpotentzia sentitzea dagokigu.
Uneoro
Boterearen misilek
portzelanazko arima erdiz erdi
zilatzen bait digute.
Utopiak, erreka garden izanikoetan
odoloostuz