inprimatu
Irauli eta...
Izenburua:
Irauli eta...
Sinadura:
Pantxoa Etxegoin
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxegoin, Pantxoa

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
6.zk.
Orrialdea:
18-19

Irauli eta...

 

Pantxoa Etxegoin

 

 Maiatz, maiatzaren hastapena

 Zure lehen argizpiak

 Iguskiak iraitzean,

 Xut agertzen zirenean

 Pazko-loreak xaradietan

 Gorrindol kolore zure aurpegian

 nere gogoa zait,

 hamalau urteraino itzultzen hasia

 oraintxet irauli nahian

 maiz idazten nuena

 nere buru munetan.

 

 ***

 

 Argi zirrintak,

 luhartzeari dei egiten zionean

 lurraren egunkaria zetorren;

 zintzo bezain urgoi

 Iraulariak,

 bere matraza gainean makurturik

 barnakor idekitzen zuen,

 lurraren bular kolpatu eta

 ekoizlea.

 Larruzko uztarriak

 elgarri tinko atxikitzen zituenak,

 Hangi! emeki! ez hor geldi

 ez dik aski tiran kadena hori!

 gorputz lerden eta, sakon begi

 kopeta pizu eta zimur batez

 aurrera zebiltzan,

 erritmo berean, nekez.

 Eta halere,

 goldeak pikatzen zuen mokor

 erdi-idekirik, purruxkan zihoan

 ke-adarretan,

 burdin erdoilduaren atzetik,

 belarrak dardaran utzirik,

 bizitzaleak urraturik

 bere bular ertzetik,

 ez zezaketen asma holakorik.

 Eta haintxe zegoen,

 lur karrakatuan,

 Ohe hondatsu bat,

 helduden eraintzaren pausagi.

 

 ***

 

 Azken eraintzaren alea,

 erroak hazi nahian

 lurraren ibilaldi luze luzean.

 Eta, eguraldien eraginean

 sasoinaren pizuak

 lerratuko zaizkiolarik

 espalda gainetan,

 Urre eta zilar uharkadan,

 Hazia hozi, hozituko da

 bainan,

 zoriona labur dakarzu

 Zure fruitutze beteak

 hain tinko zeudenak

 esku herstu batzuetan,

 zarrastan eramango dituzte

 eta, zeure indarrak sekailduz joanen dira

 San Juliako oiharpetan,

 erauts bilakatzeko.

 Eta zu,

 Selauru batetan naretuko zara

 edo beharba, ez jakinean zure izena

 ttipiegi den zaku batean, zaharragotuko

 arnasa galtzeko punduan

 Eta ni, jauzi eta jauzi!

 ateko krixketa ere iratzarrarazi!

 eta artekatik,

 hurbiltzen natzaizu

 laztanduz zure azken ileak

 zure hatsak, haurko orroitzapenetan,

 itsutuki mozkortzen nau;

 nere bizitza, denboraren errota bezala

 alea xehatuz eta xehatuz doa,

 udazkeneko lehen haize boladan.

 


inprimatu