inprimatu
Emakumeen loreak
Izenburua:
Emakumeen loreak
Sinadura:
Jean Louis Davant
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Davant, Jean Louis

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
2.zk.
Orrialdea:
48

Emakumeen loreak

 

Jean-louis Davant

 

 Euskalduntsen ederra

 Zazpi loretakoa

 Maitaleen arauera.

 

 Gizona baldin bahaiz,

 Xarpotxa ta morkoa,

 Larrosa ta sagarra.

 

 Matxoa baldin bahaiz,

 Asunaren mingarra.

 

 Pottoka bahaiz,

 Ote lilia.

 Astoa bahaiz,

 Kardu lilia.

 

 Edozein abereri

 kapar eta elorri

 Arantzaz ugaria

 Baina lorez urria.

 

 Nork bere izaria

 Xuxen du ezarria.

 

 Gizonki maitatzea,

 Zuhurtzian sartzea.

 

 Euskalduntsaren ederra,

 Maitalearen arauera.

 

 Izpiriturik badugu,

 Toki legorren artean

 Artzain-lorea mirets dirogu

 Arkaitzen bakardadean.

 

 Bihotz bat aurki dirogu

 Liliaren gorputzean,

 Ta izpiritu argi bat

 Emakumeen bihotzean.

 

 Iparraldeko erdaran

 korte jakintzaz josita

 Mintzatu zen, Margarita;

 Zure kantore Nafarra.

 

 Euskaraz ote mutua

 Emazteen izpiritua?

 Eta gure hizkuntza maitean

 al da ezin laudatua ?

 

 Arimarik badutenentz

 Emakumeek, zalantza zen.

 Izpiriturik Euskal-Herrian

 oraino zaie ukatzen.

 

 Amodioa euskaraz

 Kanta ez dezakegia,

 Arkanjeluen gisara,

 Ez bada, oso nagia?

 

 Emakumea euskaraz

 Kanta ez dezakegia,

 Beste herrien gisara,

 Arima et'aragia?

 

 Ala herri donadoan

 Ama, birjina, gelari

 Sehi eta sukaldari

 Egon behar du zokoan?

 

 Mutil zaharrez betea

 Emakumerik gabea,

 Herri hau ezin da hola bizi,

 Ez ar eta ez emea,

 

 Gizonak badu teknikaz

 Lur osoa menperatu,

 emakumeak du oro

 Xotilki zibilisatu.

 

 Lurra teknikaz idorra,

 Hotza, motza, sorra, gorra,

 Basa urguluz mozkorra,

 Bonba batez da izorra

 Et'esperantzaz agorra.

 

 Teknika hutsaren botza

 Aski entzun da, zorrotza.

 Ezti bedi arraren adarra

 Ta mintza berriz bihotza.

 

 Mintza barneko argia,

 Funtsezko entelegia,

 Zeinek baitu argitzen guztien

 arima et'aragia.

 

 Arima du aragitzen,

 Gorputza du arimatzen.

 Itsu ta mando gure indarrak,

 ez baditu arrimatzen.

 

 Euskalduntsaren ederra,

 Zokotik zaite atera

 Barnetik duzun indar gordea

 Ez dadin egon alferra.

 


inprimatu