inprimatu
Maitasun hau
Izenburua:
Maitasun hau
Sinadura:
Jacques Prevert
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Maya)
Egilea(k):
Prévert, Jacques
Maya

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
16-17

Maitasun hau

 

Jacques Prevert

 

 Maitasun hau

 Hain jauzkor

 Hain hauskor

 Hain goxo

 Hain etsitua

 Maitasun hau

 Ederra eguna bezala

 Eta txarra denbora bezala

 Denbora txarra denean

 Maitasun hain egiazko hau

 Maitasun hain eder hau

 Hain uros

 Hain alai

 Eta hain ezdeusa

 Ilunetan beldurrez daldaran haurra bezala

 Eta hain segurra

 Gauaren erdian gizon geldia bezala

 Maitasun hau besteei beldur emaiten zuena

 Mintza arazten

 Hits arazten zituenak

 Maitasun barrandatu hau

 Barrandatzen ginituelakoan

 Setiatua, zauritua, zangopilatua, kalitua, ukatua, ahantzia

 Setiatu, zauritu, zangopilatu, kalitu, ukatu, ahantzi dugulakoan

 Maitasun oso-osoa

 Eta dena iguzkiaz estalia

 Zurea da

 Nerea da

 Izan dena

 Gauza beti berri hau

 Eta aldatu ez dena

 Landare bat bezain egiazko

 Xori bat bezain daldaraduna

 Uda bezain beroa, uda bezain biziduna

 joan eta itzuli

 Gu biek ahal dugu

 Ahantzi

 Eta lo egin

 Iratzartu, min hartu, zahartu

 Eta lokartu berritz

 Herioarekin amestu

 Atzarri, irriño ta irri egin

 Eta gaztetu ahal dugu

 Hor dago gure maitasuna

 Asto tzarra bezain kaskogogorra

 Biziduna gura bezala

 Bihotz gogorra oroimena bezala

 Zozoa urrikiak bezala

 Goxoa oroitzapena bezala

 Hotza marmola bezala

 Ederra eguna bezala

 Hauskorra haurra bezala

 Irriño batekin so egiten dauku

 Eta deusik erran gabe mintzatzen dauku

 Eta nik daldaran entzuten dut

 Eta oihu egiten

 Zuretako oihu egiten

 Neretako oihu egiten

 Otoizten dut

 Zuretako, neretako, elgar maite duten beste denendako

 Eta elgar maite zutenendako

 Bai, oihu egiten diot

 Zuretako, neretako

 Eta ezagutzen ez ditudan beste denendako

 Hor zaude

 Zauden lekuan

 Lehen zinauden lekuan

 Hor zaude

 Geldirik zaude

 Etzaitela joan

 Guk elgar maitatu dugunek

 Ahantzi zaitugu

 Zuk ez gaitzazula ahantz

 Munduan zu baizik ez ginuen

 Hoztera ez gaitzazula utz

 Beti urrun-urrunago

 Eta nun nahi

 Zure berri emaguzu

 Berant-berantago oihan hegian

 Oroimenaren sasietan

 Bat batean jalgi zaite

 Eskua zabal ezaguzu

 Eta salba gaitzazu

 


inprimatu