Xenpelar:
Idia adarretik, gizona hitzetik
Mikel Azurmendi
Orain 150 urte, Oihartzun erreka ur-garbi eta apalak ez zuen Misisipi
zabalarekin antza handirik izango. Gaur ere ez, noski, baina orduan eta orain
beren urak itsasoak berdintzen. Itsasoak, erreka-hibai ororen azken ama eta
heriotz, denak berdindu; bere barrenean ur berezi guzti haien arrasto
gehiagorik ez. Gozoak eta gezak gazi, handiak eta ttipiak berdin. Panta
Rhei,den dena ixuriaren ixuri, ezerk irauten ez. Ixurlekuak bakarrik gelditu
eta iraun.
Frantzisko Petrirena gaurko Oihartzun errekabazter haietara baletor, ez
lituzke urak ezta bazterrak ere ezagutuko, akaso xipa-amuarrainak non gordetzen
ziren bai, baina bere «fabrika handia» non zegoenik ere ez luke asmatuko.
Zurezko hortzak bueltan bueltan mugitzen zituen gurpil handi borobilari iturka-
muturka ura dariola Misisipin zehar gora eta behera ibili ohi zen bapore
hartako Samuel Lanhorne Clemens kapitainak ere ez lituzke bere etxeko bazterrak
eta landak atzemango. Halere erreka-hibai bazter horietan sartu, xipli xapla
ibili, busti, arrantza egin, salta eta gozatu egin zutela badakigu. Urak pasa,
bazterrak alda, baina beraien mundua, beraien oroitzapena bizirik gaurdaino,
hitza bihurturik. Xenpelar eta Mark Twain. Aurten 150 urte sortu zirela. Urak
erreka, adarrak idia, eta gizona hitzak. Gizona hitz. «Xenpelar probatzeko /
egin dute faza / gizon baten hitzari / eman diyot traza /...»
Oihartzun aldera, Errenderi parteko Senperelarre-ko baserrian sortu
zenari bizitzak ez zion laztan handirik eman, ostikoak berriz mandotzar batek
baino sarriago. Errenderiko oihal fabrikan eule aritu zen, destajo lanean,
oihal pieza bat bukatu ahala bestea hasiz. Gazterik hil zen, 34 urte zituela,
1868-70 urtetako izurrite gaitz hark jota. Bata betiko joaten zenean, bestea
Quaker Cityitsasuntzian zihoan, munduan zehar bidai erromantikoenik egitera,
eta oraindik beste 40 urte luze eta oparo biziko zen.
Mark Twain eta Xenpelarren literatur-bertso lanaren aipu eginaz,
geureak baino zintzarri ikasiagorik jo dezake luze eta ederrago. Halere,
tamalez, aurten Xenpelarri egin zaionik ez dugu entzun, geuk behintzat. Eta
euskal kulturari Peñaflorida kondeak bezain zerbitzu aberatsa Xenpelarrek egin
ote zuen, ez naiz galdezka hasiko. Nork, bere zuzenak bere; eta kito.
Giro latza Xenpelarri tokatu zitzaiona. Gerlaren suak bazter oro
luzerako hartu eta gerlaren txikizio eta elkar-ikusiezin ezagunaz aparte beste
gaitz ilun bat ere erantsi zion euskaldunari gerlagiro luze harek: bihotzean
kristau-odol saindua zeramala uste izatea. Kristautasunak gerla herrikoiratu
zuen bezala, gerlak herria kristaundu egin zuen gogotik. Azkenik, euskaldunak
goitik behera eta guztiz, kristaua behar zuen. Izena eta izana: hanarteraino,
gauza bat bera ez, baina hartaz geroz, inori kristaua esan edo pertsona izan,
gauza bera. Egoera harek, besteren artean, miseria seksuala sendotu egin zuen,
birgiria, mozorroeta beste hainbeste ohitura zahar oblikuo eta anbiguo askori
azken estokada eman. Gizonezkoa sagardotegira bultza eta emakumezkoa sukaldera,
gazteak bazekien non ikas: arrakjan-edateko lekuetan («...gure kolejiyuak /
sagardotegiak» zioen garaiko bertsolariak Hernaniko plazan), emeakate barreneko
eginkizunetan («ama, begira ezazu, leihotik plazara...»). Neska-mutilen arteko
etendura honen adierazia ez da Elizako dekretoetan bakarrik azaltzen, ez;
garaiko poetak ere ongi jakin zuen erotismorik gabeko egoera haren tristezia,
malenkonia eta arrengura adierazten. Eta Xenpelarrek beste inork baino hobe.
Ezkondu baino mutilzahar hobe, omen, baina mutilzaharrena ere ez zen egoera
txukuna, ez horixe. «Ama, ezkondu!» ala ez ezkondu, zer hobe? Dilema antzua,
idi horren bi adarrak zein baino zein okerrago, seksoren arteko pasadizoan
desioak ez bait ditu bere sare grinatsuak tartekatzen.
«Ese Sempelar fue un famoso improvisador dio R, M. Azkuek bere
Cancioneroan, hijo de Renteria, reputado de formal, autor de una porción de
bertso berriacque años atrás se han vendido profusamente por las calles» eta
salatzen ditu haren «erderakadas y léxico macarrónico por lo general, a los que
sin escrúpulo, inconscientemente, suele recurrir». Bertsolaria ordea hizkuntzan
inconscientementedagoen poeta da, eskrupulorikgabe hitz barrenean dago igeri,
hitzezko imajin baliagarrienak fabulatzen. Azkueren eritzi hori urak ekarri
bezala, urak eraman, baina poetaren hitza iraunkor beti.
MUTIL ZAHARRAREN BENTAJA
1/
Dozena bat bertso berri
gaztien konsolagarri
nere mingaña sano dan arte
nai nituzke jarri;
begiratuaz alkarri
andrerik ezin ekarri,
mutil zarraren despeida zer dan
esango det sarri.
2/
Egon zaitezte aditzen
zartuta nola gabiltzen,
gazte denboran ezkondu gabe
erraz da gelditzen;
oraiñ ajiak berritzen
indarrak ere urritzen,
soldata gabe oraiñ jarri naiz
anaia serbitzen.
3/
Anaiak nauka mendian,
koñata aldamenian,
gazte denboraz akordatzen naiz
sasoia joanian;
ez det gularik janian,
gau ta egun beti lanian,
ondoegin da esker gaiztua
gero azkenian.
4/
Illobak nauka arrotza:
«Ua emendik orrontza!»
nekia franko, esker gaiztua,
alimentu otza;
soldata gabe morrontza,
begiratua zorrotza,
animosua ez dago mutill
zarraren biotza.
5/
Iñork nai badu ikasi
nere librua ikusi,
mutill zarraren testamentua
irakurtzen asi;
illobak dauzkat nagusi,
indarrak juan igesi,
onez aurrera orien mende
biarko det bizi.
6/
Ezurrak zaizkit gogortu,
belarriak ere gortu,
modu onetan mutill zarraren
enbidia nork du?
Andrerik ez nuen artu,
oraiñ anparo biartu,
fraile naita're ezin niteke
komentuan sartu.
7/
Engañatu naiz ederki,
merezi baño obeki,
neskatxak ere ez dirate nai
aterik iriki;
badute milla aitzaki,
gaztiaguak izaki
estimaziyo txarra nola dan
mutill zarrak daki.
8/
Mutilla bere zarrian,
neskatxak ere indarrian,
egun guzian aien pardelak
nere bizkarrian;
gero illunabarrian
estimaziyo txarrian
ibiltzen naute soñeko galtzak
kendu biarrian.
9/
Lenago erromerian
dama gaztien erdian,
jira ta bira ibiltzen nitzan
panparroikerian;
oraiñ tristura begian,
nago estadu erorian,
pipa bat artu ortzian eta
suaren guardian.
10/
Mutill zarraren pobreza.
iñork ikusi nai-eza,
eskarmentua duenik bada
konsidera beza;
bakardadeko tristeza,
nork izango ez du pereza,
illobarentzat utzi bearra
bere interesa.
11/
Nik daukadan ganantzia
badaukat nori utzia:
bi alkandora, galtza pare bat,
anaiak autsia;
au da esperientzia,
munduko diferentzia,
mutil zarrari tokatzen zaio
orlako jantzia.
12/
Orra illoba gaztiak
nola dauzkadan trastiak,
irabazirik ez du izango
oiekin sastriak;
enredo eta nastiak
orla dagoen tristiak,
ala ere ezin eskarmentatu
nerekin bestiak.
13/
Onekin amairugarren
premizia edo amarren,
ondorenguen eskarmentua
egongo da emen;
ezkon zaitezte lenbailen,
sasoia juan baño len,
orra nik esan mutill zarraren
istillua zer den.
BERTSO BERRIYAK (SENARRARI)
1/
Bertso berri batzuek
euskeraz jartzia,
gustua det neki au
neregan artzia;
ezpanaiz suertatzen
gazterik iltzia,
penagarriya daukat
munduko zartzia.
2/
Nere senarrarekin
daukadan bizitza,
kantatuko det iñork
ikasi balitza;
fiña izango zala
eman ziran itza,
akerraren adarrak
bezela gabiltza.
3/
Goizian tabernara
joanda alperrian,
begiyak zintzilikan
erdi negarrian,
ziraldoka etxera
illunabarrian...
gaiztotzen asiya da
ondu biarrian.
4/
Tabernatik etxera
orren pausajia,
irrintzi egiteko
badu korajia;
errespetua biar
zuen parajia,
amaren sabelian
aztuta lakia.
5/
Lotsak errespetua
dakar juiziyuan,
laga zuen amaren
abitaziyuan;
salduko nuke nere
ernegaziyuan,
iñork artu nai badu
bere preziyuan.
6/
Ni engañatu arte
zintzo eta umill,
mingaiñ ederrarekin
berrogei maratill;
oraiñ lana egin bañan
naiago luke ill,
bere ta besterenak
zurrupatzen dabill.
7/
Etxian kanporako
aguro kejatu,
daukan ofiziyuan
eztu nal nekatu;
jan da eran ongi eta
jokuan jokatu,
biziyo txarrak iñork
eziñ debekatu.
8/
Mozkortuagatikan
gaitza da erortzen,
lagun gabe etxera
badaki etortzen;
andriak egon biar
bizkarra berotzen,
gizonaren eskutik
azotiak artzen.
9/
Gizon gaztiarentzat
ai zer jeniyuak!
eztu gustorik gure
matrimoniyuak;
maniya txarrak dauzka
burura iyuak,
eman biarko zaizka
ebanjeliyuak.
10/
Baldin bazenakite
lengo egun batez
nola ekusi deran
gizona suertez...
neskatxak kortejatzen
dabil borondatez,
andriari jipoia
diruaren partez.
11/
Umiak negarrez ta
nedoni antsika,
gizona mozkortzian
etxian musika;
erantzuten badiyot
kontrako itzika,
nere bizkarrak eztu
sentitzen otzika.
12/
(...)
erariyak nasi,
kanpuan itz ederrak,
barrendik itxusi;
arrapatzen duena
purrakatzen asi,
etxia mugitzen du
zimendo ta guzi.
13/
Barrendik animoso
erdi mozkortzian,
korajia sartzen da
orren biotzian;
gabian eztu eman
pakerik etxian,
luak errenditzen du
pultsuak iltzian.
14/
Gizon ederra daukat
munduan legia,
fandangolaria da
parerik gabia;
lanian gogorik ez,
agindu zalia,
jokalari ona ta
ardo-eralia.
15/
Ederra zalakuan
engañatu nitzan,
orain askok badaki
gu nola gabiltzan;
orra bertso berriyak
daukagun bizitzan,
lengo jeniyo txarrak
desanpara ditzan.