inprimatu
Arrosa urezko ihintzetan atseginean galtzear...
Izenburua:
Arrosa urezko ihintzetan atseginean galtzear...
Sinadura:
Amaia Irureta
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Irureta, Amaia

Argitalpena:
Zintzhilik.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
8.zk.
Orrialdea:
2-3

Arrosa urezko ihintzetan

atseginean galtzear...

 

A. Irureta

 

 goroldio eta otalore artean

 maitasun jokoaren eztiak

 dastatuz lehen aldiz

 amaigabeko belardian

 musu eman genion elkarri

 bihotz sutuez...

 

 amodiozko berba laztanetan

 tentazioz bustirik gure begiradak

 zure hatza miazkatuaz

 nire ezpainak laztanduz

 zapore mizke batez...

 

 gauaren itzaletan izkutatuz

 dardar batetan musukatuz

 gure mihiek bat egin arte...

 

 begirada iheskorrez

 zure hatsa belarrian sentitzean

 eta lepoan barna irristatuz

 diti puntetaraino

 sabelpeko dardara

 hotzikara

 kilikadura amaigaberat

 zoramen apurrak

 zoramenaren mamiak

 mihiaz xukatu nituen zurekin

 gazi-gez...

 

 gure gorputzak deskribatzen zituzten

 izerdi tanttak izotz

 xurgatuz eromen batetan

 urtuz

 zure arnas beroa nigan

 nire bilo bustian nabigatzen...

 

 izarren argitik edan genuen

 haizearekin larrutan

 lore ximelen ferekan

 amodiotan ito ginen

 ihintzezko izaretan

 marrubi irrifar

 ezin asez

 igurtziz

 laztanez

 desiotan erdituz

 hustuz

 nire ezpainak zureetan itsatsirik

 nire esku hezeak zureetan indarrez

 zuku kilikagarri baten egarriz

 ezin asez

 denbora lehertuz

 orduak arezko erloju bati xixkatuz...

 

 sukarretan biztuz

 olgatu ginen

 gorputz ximur guztietan

 bukaerarik gabeko ahienean

 lazkatu zitzaigun gaua...

 

 gauaren musikaren

 dantza karnalean

 airearen kulunkan

 ttu gesal zaporez

 amodioz zauritu ginen

 arrosa urezko ihintzetan

 atseginean galtzear...

 

 


inprimatu