inprimatu
Hor nago, bestaldean, hor zaude,...
Izenburua:
Hor nago, bestaldean, hor zaude,...
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Zintzhilik.
Urtea:
1992
Argitalpenaren urtea:
Alea:
7.zk.
Orrialdea:
34-36

Adiskidetasunaren etsaia: amodioa

 

Eukene E. Alzibar

 

 Asperturiknengoen. Ez nekien zer egin, oso deprimituta sentitzen nintzen. Eta

 horrelako kasu guztietan egiten dudan bezala, San Nikolas irlaren puntara joan

 nintzen itsasoaren haunditasuna eta edertasuna mirestera.

         Guztiz barneliluraturik nengoen zerbait sentitu nuenean nire atzean.

 Begiratzerakoan, emakume itsu bat ikusi nuen. Nireganantz zetorren. Oso zaharra

 zirudien baina tente zebilen, eta bere aurpegiak bitxitasunen bat ezkutatzen

 zuen, edertasun harrigarri bat , "Gaztetan oso ederra izango zen" —pentsatu

 nuen orduan.

         —Zer, neskatxo, gustatzen zaizu ala? -esan zuen bere ahots sendoarekin.

 Bere buruarengan segurtasun haundia zuela zirudien.

         — Zer, itsasoa? Bai, asko. Beldurgarria da, indarrarekin jotzen du

 harrien kontra eta, berriz, han urrunean, zein bare dagoen! Ze errespetua

 jartzen duen! Eta kolorea? Harrigarria da kolorez nola aldatzen duen.

         Hori esan nuenean bere aurpegia begiratzen nengoen, bere begiak

 bereziki. Guztiz zuriak ziren! Adierazpen gabekoak! Baina azken hura esan

 nuenean, aldatu egin zen, ezin izango nuke esan zer, begiak edo aurpegia, baina

 bai, aldatu egin zen. Zerbait gogoratu zuela esango nuke. Bere tentetasuna

 galdu zuen eta nire alboan jarri zen. Gazteagoa zirudien orain, eta zera esan

 zidan:

         — Gustatuko litzaizuke ipuin bat entzutea?

         — Nola ez ba?

         Han nengoen ni, ezezagun batekin (oso berezia gainera) eta ipuin bat

 entzuteko prest. Zer gehiago espero nuen, ba, arratsalde aspergarri batetatik

 ihes egiteko?

 

 "Bazenbeste garai eta lurralde batetan, bi lagunen istorio bat. Elkarrekin

 egoten ziren beti, bikote paregabea osatzen zuten, aldentezinak. Beraien

 izenak: Elgaf eta Gidor.

         Elgaf oso mutil berezia zen. Edertasun harrigarria zuen. Bere zetazko

 ile beltzak aurpegitik zehar zebiltzan. Begi beltz, sakon eta leunak, baina

 harroak aldi berean, ziren gehien nabarmentzen zirenak. Gorputz bizi eta argala

 zuen. Beti zuen irrifarre ironiko bat aurpegian. Denari egiten zion barre,

 gauza serioei batez ere. Mundu guztia zegoen beraretaz maitemindubik eta berak

 bazekien. Horregatik bere jite harroarekin neska batengana hurbiltzen zenean,

 bere besoetara erortzen zen erremediorik gabe.

         Gidor, berriz, oso serioa eta errespetutsua zen. Bere ezaugarririk

 nabarmenena indarra zen. Aurpegia polita zuen, gogor samarra beharbada. Oso

 trebea zen, baina problematiko samarra ere. Beti zegoen burrukaren batetan, eta

 beti irabazten zuen, noski. Beste arrazoi batzuengatik, bera ere oso maitatua

 zen.

         Nahiko desberdinak ziren, baina horregatik ziren hain lagunak;

 osagarriak ziren. Ez zuten inoiz eztabaidatzen, ez gauza serioez behintzat.

 Beti zeuden humore onean. Beraientzat ez zegoen adiskidetasuna baino gauza

 garrantzitsuagorik, ezta familia ere. Horregatik, Elgafen aitak erabaki zuenean

 beste lurralde batetara eramatea, bere semeak lana bila zezan, golpe haundia

 izan zen bientzat elkarrengandik aldentzea.

         Bezperan, beraien lekurik maiteenera joan ziren, eta han egon ziren

 arratsalde osoan hitzik egin gabe, negarrez. Ez zetorren beraien izakiarekin

 bat, batak ez zuelako ezer seriotzat hartzen, eta besteak uste zuelako

 indartasunarekin ez zuela zer ikusirik negarrak. Edonola ere, halako egoera

 batetan ez zegoen zertaz lotsaturik.

         Hurrengo egunean Gidor ez zen joan Elgaf agurtzera, baina honek ulertu

 zuen. Haiek ez zekitena zera zen: beste lurralde batetan, eurei begira zeudela.

         Gaizkia zegoen haiei begira, barrezka. Laster apurtuko zuen

 adiskidetasun hunkigarri eta hautsi ezin hura.

         — Bai, Jauna, lortuko dut. Lortu dut bestetan, ezta? —zioen emakume

 batek, bere begi hotz eta ederrak Elgaf eta Gidorrengandik aldendu gabe.

         — Oso ederrak dira gainera. Bai, gusto handiz egingo dut.

         Elgafek lortu zuen lana, hala ere, ez zegoen pozik, han ez zeukan

 lagunik, neskarik ez zuen falta baina.

         Taberna batetan zegoela, mozkortu asmoz, burua bueltatu zuen aurretuste

 batekin bezala. Ezin zuen sinetsi. Emakume zoragarri bat sortu zen tabernan.

 Inoiz ez zuen horrelako emakumerik ikusi. Edertasun ikaragarria zuen. Berehala

 maitemindu zen berataz. Elgafengana hurbildu zen irrifarre batekin. Ile gorria

 eta luzea zuen. Begiak urdinak zituen, inoiz ikusi ez zituen begirik

 harrigarrienak ziren. Siuna zen bere izena. Siuna, zein izen misteriotsua!

 Salatzen zuten gauza bakarra bere begiak ziren... hain hotzak! Baina Elgafek

 edertasuna bakarrik ikusten zuen. Laster sortu zen erromantze bat haien artean.

         Hilabete zoragarriak pasa zituen, ez zuen ezta Gidorrez pentsatu ere

 egin. Inor baino gahiago maite zuen neska berezi hura. Jainkoa, bere begiak!

 Egunero aldatzen ziren kolorez! Nola aurkitzen zen animoz, hala zituen begiak.

 Triste zegoenean marroiak zituen. Misteriotsu eta arriskutsu zegoenean grisak.

 Urdinak eta orlegiak, pozik zegoenean.

         Baina egun batetan, penaz beterik, Siunak joan egin behar zuela esan

 zion. Eta besterik gabe, han utzi zuen Elgaf lur jota, guztiz txunditurik.

 Siuna maitea! Nora zihoan? Non zegoen Gidor, hainbeste behar zuen laguna!

         — Zoragarria zara, ene maitea. Apurtu duzu beste bihotz bat —ziren

 Gaizkiaren Jaunak irrifarre maltzur eta nazkagarri batekin.

         Siunak ez zion, iadanik, barre egiten.

         — Zer gertatzen zaizu, ba? Ez zara maitemindurik egongo, ezta? —egiten

 zion garrasi adierazpen beldurgarri batekin bere begi hotzetan.

         — Utz nazazu pakean!

         Paseatzen zegoela mendian, zerbait ikusi zuen mugitzen zuhaitz artean.

 Jainkoa! Inoiz ikusi zuen neskarik ederrena zen. Bere ile luze eta gorriarekin.

 Irrifarre batekin bereganatu zenean ikusi ahal izan zuen bere begi orlegiak,

 zein leun eta beroak ziren (berak hala uste zuen behintzat). Bere lagun mina

 bezala, Siunaren besoetan erori zen eta inor baino gehiago maite izan zuen.

         — Zer diozue, Elgaf etorri dela? Ezin dut sinetsi! Maitea, zatoz, nire

 lagunik hoberena aurkeztuko dizut eta.

         Nolakoa izan zen Elgafen harridura, bere lagunminaren maitalea bere

 Siuna maitea zela ikusi zuenean! Bihotza gorrotoz bete zitzaion. Nor, eta bere

 laguna! Baina, nola!

         Gidor ere enteratu zen Siuna Elgafen maitalea izan zela lehenago.

 Gorrotoak beren bihotzak menperatzen zituen. Haien adiskidetasun paregabeko

 hura mila zatitan apurtu zen. Beste garaipen bat Gaizkiarentzako. Eta dena

 emakume batengatik.

         Egun batetan, gertatu behar zena gertatu zen. Prest zeuden. Bakoitzak

 bazuen bere ezpata. Borroka gogor eta gupidagabea izan zen. Elgaf izan zen

 ezpata sartu zuen lehena, baina berehala erantzungo zion Gidorrek. Biak erori

 ziren lurrera, elkarri begira. "Baina zer egin dugu?". Jadanik ez zegoen

 erremediorik. Elkarri eskua emanda hil ziren.

         Siuna zuhaitz baten atzetik irten zen eta beraienganatu zen. Bere

 begietatik bi malkok irten zuten. Bai, maite zituen eta berak hil egin zituen.

 Bapatean, gorroto haundia sentitu zuen bere buruaz. Begi haiek! Ezin zituen

 jasan! Ze hotzak ziren eta hain beroa zuen orain bihotza! Negar batetan,

 itsasorantz abiatu zen (kolore gabekoa zen orduan), begi gorrotagari haiek

 atera zituen eta itsasora bota. Horrez gero, begi haien kolorea hartu zuen.

 Batzuetan urdina, beste batzuetan grisa...".

 

 Begizurietatik malkoak erortzen ziren. Bere izena Siuna zen.

 

 


inprimatu