inprimatu
Cayo Valerio Catulo
Izenburua:
Cayo Valerio Catulo
Sinadura:
Cayo Valerio Catulo
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Koldo Martinez)
Egilea(k):
Katulo, Kaio Valerio
Koldo Martinez

Argitalpena:
Korrok.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
6.zk.
Orrialdea:
66-69

Cayo Valerio Catulo

 

Cayo Valerio Catulo

 

euskaratzailea: Koldo Martinez

 

         Cayo Valerio Catulo latindar literaturaren lehen lirikoa kontsidera

 dezakegu. Bere jaioturtea ez dugu segurtasun osoz ezagutzen, bainan Jeronimo

 Deunak bere "kronika" delakoan 86. urtean (Kristo baino lehen) finkatzen

 duenez, ba, tira, horrela izanen da, gutti gora behera. Pliniok, Ansoniok,

 Ovidiok eta Marcialek Veronan jaio zela diote, beste batzuk bere jaiotza Garda

 lakuaren ertzean dagoen Sirmionesen finkatzen badute ere. Sendia oso aberatsa

 zuen, eta aita, Julio Cesarren oso laguna zen. Catulo Erromara joan zen

 estudiante, eta bertan, tontoa ez baitzen, plazer guztietara entregatu zen.

         Hortensio, Ciceron, Asinio Polion, Quintilio Varo eta Cornelio Nepote

 izan zituen lagun minak. Laister, eskola modernoko Licinio Calvo eta Helvio

 Cinna poetekin bildu zen.

         Plazeretara dedikatu baitzen, zuen diru gehiena galdu zuen, eta gazte

 hil zen, 40. edo 54. urtean, Kristo baino lehen. (Zer nolako kutsu moralista

 atera zaidan esaldi hau egitean!. Normala. Opusen ikasteak karakterra

 imprimatzen du).

         "Bertso paperak"en antzeko poemak idazten zituen, nahiz eta gero obra

 bakar batetan bildu zituen arren. Denetara 116 obra kontserbatzen da, hiru

 zatitan banatua. Calimaco eta Saforen itzulpenak ere egin zituen, grekotik

 latinerara.

         — Lesbia,Apuleyok dioenez, Clodia zen, P. Clodio Pulquerio tribunoaren

 arreba eta Quinto Metelloren emaztea. Erabat maitemindu zen Catulo Clodiaz, eta

 gustora eman zuten dendora elkarrekin, rolloa bukatu zitzaien artean. Bere

 poematxoetan guztiaren berri ematen digu Catulok.

         — Gelio,Catuloren lagun handi bat zen. Clodiak, bera hil nahi izan

 zuela akusatu zuen, eta horregaitik epaitua izan zen. Gelioren defentsa

 Ciceronek egin zuen, eta lan horretan Clodiaren erretrato ez oso atsegingarri

 bat utzi digu.

 

LXXXIX. Gellius est tenuis: quid ni? Cui tam bona mater

 

 Gelio mehe dago. Nola ez

 hain ama on eta osasuntsua izanik

 hain arreba ederra izanik

 hain osaba ona

 eta neskez hain beteriko sendia izanik?

 Nola ez da lehor izango?

 Zeren, debekaturik dagoena besterik

 ukituko ez balu ere, sobera ohartuko zerate,

 zergaitik dagoen hain mehe.

 

XCVIII. In te, si in quemquam, odici pote, putide victi

 

 Norbaitengaitik esatekoa bada, Victio zikin hori,

 zutaz esan beza

 txoro eta hitzontziengaitik esaten dena;

 mihingain horrekin, kasua suertatuko balitz,

 ipurdi eta abarka arruntak

 xurga zenitzake.

 Guztiok erabat galdu nahi bagaituzu,

 ireki ezazu ahoa, Victio,

 eta nahi duzun guztia lortuko duzu.

 

V. Viuamus, mea lesbia, atque amemus

 

 Bizi gaitezen, Lesbia, maita dezagun,

 bost axola zakigula

 lerdoen marmara.

 Eguzkia hil daiteke eta birjaio,

 bainan, behin gure argi laburra hilda gero,

 lo dagigun, gau betiereko bat gelditzen zaigu.

 Emaidazu mila musu, gero ehun,

 gero beste mila eta berriz ere ehun

 beste mila batzu arte eta gero ehun.

 Eta milaka ugari sumatuko dugunean,

 birhasiko gara zenbat musu daramagun

 jakin ez dezagun

 ez eta balbetsu bekaiztirik

 jakin ez dezan ere.

 

IX. Verani, omnibus e meis amicis

 

 Veranio, nere lagun guztien artetik

 hirurehun mila baleude ere, nahiena,

 etxera itzuli ahal zara zure jainkotxo,

 zure anaiarreba elkartu eta ama zahartxoaren ondora?

 Itzuli zara. Zer berri ona neretzat!

 Osasuntsu eta salborik ikusiko zaitut,

 eta Iberiako toki, bentura eta herrietaz

 kontuak entzungo ditut, egiten duzun bezala,

 eta zure lepoa besarkatuz, begietan eta

 zure aho irrikorrean musukatuko zaitut.

 Oh, gizon benturos guztien artean,

 zein ni baino zoriontsurik?

 

XXXIX. Egnatius quod candidos habet dentes

 {TITULUA}

 Eņakik, hortz zuriak dituelako,

 edozein gauzataz barre egiten du.

 Hobenduririk lankan ikustera heltzen bagara,

 hizlariak negarra sorterazten duen bitartean,

 berak barre egiten du.

 Seme jainkotiar bakarraren txondorraren aurrean

 ama kontsolaezinaren aurrean,

 nehar egiten bada,

 berak barre egiten du.

 Non nahi eta norekin nahi, berdin zaio,

 beti barre egiten du;

 eritasun hori dute,

 ez dena —nere ustez— ez egoki ez dotorea.

 Aholku bat eman behar dizut, Eņaki on hori:

 hiritar ala sabino ala Tiburrekoa,

 unbro jangartsu ala etrusko gizena,

 lanubino beltzaran ala —nere hiritarrak ere aipa ditzadan—

 traspadanoa, hots, hortzak garbiki

 garbitzen dituen edozein herritakoa...

 ez zintuzket ikusi nahi, Eņaki,

 edozein gauzataz barre egiten, ez baitago

 barre ergel bat baino

 ergelkeria haundiagorik.

 Baina zeltiberoa zara; Zeltiberian

 goizero, norberak pixatu duena biltzen da eta

 hortzak eta hoi gorrixkak marruskatu, leunago ager daitezen

 eta pixa edaten duzuela areago aldarrika dezaten.

 

LXXXVIII. Quid facit is, Gelli, qui cum matre atque sorore

 

 Zer egiten du horrek, Geliok,

 bere ama eta bere arrebarekin atsegin hartzen duen horrek,

 eta berekin, gaua ematen duena, tunikak erantzirik?

 Zer egiten du bere osaba senar izan dadin uzten ez duenak?

 Ez al duzu ikusten egiten duen bidegabekeria?

 Ez Tetis gorenak

 ez ninfen aita Ozeanoak

 garbi ez dezaketen bidegabekeria itzela

 egiten du Geliok.

 Zeren ez dezake bidegabekeria haundiagorik egin,

 ez eta, burua makurtuz, bere zera

 irentsiko balu ere.

 

LVIII. Caeli, Lesbia nostra, Lesbia illa

 

 Oh, Celio, gure Lesbiak, Lesbia hark,

 Catulok bere burua baino gehiago

 eta berea zen edozein baino gehiago

 maitatu izan zuen Lesbia hark,

 orain plaza eta kaletxoetan,

 Remo gogohandikoaren semeei

 kanpaia jotzen die.

 

XV. Commendo tibi me ac meos amores

 

 Zuri gomendatzen naiz, Aurelio,

 ni eta neure maitasuna. Eta mesede sotil bat

 eskatzen dizut: hondoan, norbait

 desiratu izan baduzu, garbi eta ukigabeko zedin

 saiatuz, mutiko hau lotsatik at gorde iezadazun;

 ez dizut herriarengandik at esaten: alde batetik bestera

 kalean zehar beren gauzetaz arduraturik doazenengandik

 ez nago beldur;

 bainan, zutaz nago beldur, hau errugabe eta gaiztoen

 mehatxua den zure zakilaz nago beldur.

 Mogi ezazu nahi duzun haina, zuk nahi lekuan,

 kanpoan denean eta prest;

 bakar bat kentzen dizut, sotilki —uste dut—:

 zeren zure hira eroak eta zuren sen gaiztoek, eraile,

 hain erru haundira bultzatzen bazaituzte,

 eta bere bizitza jukutriez limurtzen baduzu...

 Ai, errukarria orduan, zorigaitzeko zu!:

 bernak bereizirik, ate zabalikan zehar

 errefauak korrika joango zaizkizu.

 

 


inprimatu