Deithorea
Joxe Austin Arrieta
(1.983)
"uda-ilunabarrerantz abiatu nintzen
amodio urrun baten mirra mingotsa
ostertz zabal sukartsuan erretzera"
(A. Machadorenetik)
Hiria zeharkatu nuen
autoen ihes-hodien gaindi,
nire amets triste baten
kondaira tristea
isladatzen zuten
bideko hainbat itzal
zurrun
higikorrek:
semaforoz bazkatu ziren
nire begi-leizeak,
deithorearen zimurrek
zidaten
ilea urdindu
ahalkearen horzkadek
urratsa nagitu.
Eta han
hiriaz bestalde
ijitoek aterbe duten
eremu elkorrean
irazeki nuen
su motelean
ehortzi nuen
gaztaroko irri urria.
.....................
Eta elur-malutak
mara-mara
jausi ziren
ebatondoen gainera.
|