inprimatu
Omar Khayyam
Izenburua:
Omar Khayyam
Sinadura:
Amaia Guijarro / Omar Khayyam
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Khayyam, Omar

Argitalpena:
Enseiucarrean.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3.zk.
Orrialdea:
79-84

Omar Khayyam

 

Amaia Guijarro

 

 17 urteeta 3/4 nituelarik ezagutu nuen nire liburutegian ezezik nire bihotzean

 ere leku berezia hartuko zuen orri horiskadun liburutxo hau: OMAR KHAYYAM

 olerkariaren RUBAIYAT izeneko poematxo bilduma, Plaza eta Janes argitaletxekoa,

 1975. urtean Rotativa delako sailean publikatua.

         Orduantxe ere rubâi batzuk euskaratzeko asmoa izan banuen ere, ez dut

 orain arte kapritxo hori bete. Hona hemen, beraz, nahiko arbitrarioki

 —arbitrarioa bait da mundu honek bira egiteko hautaturiko norabidea nahiz

 katearen bueltan dagoen okindegiaren izena— aukeratu ditudan 7 rubâi.

         Lantxo honen helburu bakarra zuei ere poematxo hauek heldu eta behin

 erreflexionarazi zidan lan poetiko horren atala eskaintzeaz batera, zuen

 jakingura ere esnatu beste guztiak irakur ditzazuen litzateke.

         Atsegin baduzue ahapalditxootan agertzen den filosofia, horri jarraitu,

 eta horrela gertatu ezean, lan poetikoa dastatu. Edota hurbilketa biotaz

 baliatu eta bai ahapaldion poetikotasuna bai bizitzaren prosaismoari onura

 atera.

 

Olerkaria eta bere lan poetikoari buruzko bizpahiru argibide

 

 OmarKhayyam olerkari pertsiarra, Naishapurren jaio zen XI. mendearen erdialdean

 eta bertan ere hil hurrengo mendearen lehenengo laurdenean. Matematikak eta

 astronomia ikasi ondoren pentsio moduko diru laguntza eskuratu zuen sultanaren

 Gortearengandik, matematikak eta izarren ikerketari ekiteko. Horrenbestez,

 Naishapurren erretiratu eta, poesia ere lantzeaz batera, bertan ihardun zuen

 bere azterlanetan, hil arte.

         Antza, lan egunak atsedenaldiekin tartekatzen zituen. Adiskidez

 inguratu eta hauekin solasean eta edaten aritzea omen zen gustokoen zuen

 plazerra. Horretan iharduten zuen ilargiaren pean, etxeko terrazan, kantari,

 dantzari eta laute jolez lagundurik, etzanda, neska-zerbitzari eder batek

 urrezko edontzian ardoa isurtzen ziolarik.

         Omar Khayyamen lan poetikoak Rubaiyat du izena, hots, rubâi delakoaren

 pluralerako hitza. Rubâia 2 puntutako ahapaldi pertsiar ezaguna dugu, silaba-

 kopuru berdineko 4 lerrotakoa, 1., 2. eta 4.ak elkarrekiko errima dutenak.

 Erabili dugun liburuak rubâi horien bilduma eskaintzen digu, 250 rubâi ezberdin

 hain zuzen.

         Bertso zoragarri hauen bidez, olerkariak errealitatera hurbildu nahi

 gaitu. Gizakion sufrimenduaren kausa, hil ondorengoarekiko beldurrak eragindako

 larritasuna omen da. Paradisu eternalaren saria helburua izanik, sakrifizioz

 beteriko bizimodua daramagu. Baina gerta liteke Paradisua geure asmakari hutsa

 izatea. Benetakoa dugun bakarra lur honen gaineko bizitza denez, eta bizitza

 hau hain ederra izaki, horren probetxu hartu behar dugu.

         Hala ere, irangankorra da gizakia eta jabeak izatea uste genuen

 Unibertso horren alde ńimińoa besterik ez gara. Denbora ere, geure asmakizuna

 baino ez da, geuk sortu egiten bait dugu Denbora kontzeptua, esistentziaren

 iragana eta etorkizunari begiratuz. Oraingoa da errealitate bakarra, eta

 Denboraren ideia hori baztertuz gero, ez ginateke Heriotza eta Eternitatearen

 beldur izango. Beraz, Denboraren kontra borrokatu behar eta horretarako,

 zentzumenen plazerraren eskakizuna betetzea dugu armarik egokiena. Ez genuke,

 hortaz, bizitzaren zergaitia azaltzeko alferrikako ahaleginetan aritu beharko,

 munduak eskaintzen digun edertasuna gozatu baino.

         Bukatzeko liburuaren atze-azalean irakur daitekeenaren berri emango

 dizuegu oraintsu: "Khayyamen rubâi ospetsuak sinpletasun handiaz, bizitzaren

 iragankortasunaren aurreko giza angustia, munduaren zentsugabekeria eta

 gizakiak egoera honetan pozbide bakarra duen plazerraren izate hutsaren

 adierazle dira. Arrazionalista edo ateoa baino gehiago gureagandik guztiz

 ezberdina zen gizarte aberats, gailen eta dekadente baten emaitza dugu Omar

 Khayyam".

 

Arrapaladan irakurtzeko zenbati Rubâi

 

 Ez dakit zer dela eta munduratu eta

 eman zidaten bizitza. Zelan kexatuko naiz ba

 berorren laburtasunaz? Eskertu egin beharko nuke.

 Ekar biezaidate ardoa, bizitza profitatu nahi dut eta.

 

 Utziozu berekoitasun horri; ez izan pobretasunaren beldur.

 Ez joan urrearen bila. Eta edan egizu, zeren eta

 hainbat atsekabez betetako gurea bezalako bizitza beti ere

 amets sakonean edota guztiz mozkortuta pasatu behar bait dugu

 

 Naturak larrosa sortu eta suntsitu ere egiten du

 lurrari bueltatuz. Hodeiek ur gabe

 hautsa irentsiko balute, munduko azken

 egunerarte maiteminduen odola genuke euria

 

 Nire moduan, pitxar hau ere maitale triste bat izan zen,

 emakume baten ileari heldua. Begiraiozu

 euskarriari. Berau izan da hamaika bider

 emakume eder baten sama zuri zuria inguratu duena.

 

 Bazter ezazu edertasuna maite ez duen bihotza.

 Pasiorik gabeko gizakia mespretxugarria da.

 Ez du merezi ez argitzen gaituen eguzkia,

 ezta nahigabeak arintzen dizkigun ilargiaren musua ere.

 

 Zergaitik izan Heriotzaren beldur? Nik ezinbestekoa dugun

 helmuga hori dut nahiago jaiotzeaz ezarri zitzaigun besteori baino.

 Zer da bizitza? Eskatu gabe eman zidaten zerbait,

 eta erdeinuz bueltatuko dudan zeozer.

 

 Maitale bat larrean eta edontzi bete ardo,

 horixe da eskatzen dudan bakarra. Plazerrak momentuan

 nahi ditut bete. Etzazu sines Zeruaz esaten dena.

 Bertan nor egon da, ba? Nor bueltatu da infernutik?

 

 


inprimatu