inprimatu
650 milioi gorpu zuri Afrikari...
Izenburua:
650 milioi gorpu zuri Afrikari...
Sinadura:
Asier Serrano
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Serrano, Asier

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1994
Argitalpenaren urtea:
Alea:
33.zk.
Orrialdea:
6

Asier Serrano

 

650 milioi gorpu zuri Afrikari

 

 Opa diezaiogun Afrikari

 azken otoitz bat:

 ez zituen zuri beltzak gona argiko

 zerraldoak bizar atxurrarekin pairatzerik izan

 laztanen laztanez ihes egin zuen

 Abrahamen aitonaren tenisera jokatzeaz aspertu zen beltzak

 burdinolazko mahaietan hil zuhaitzak landatzen zituen

 —650.000.001 zuhaitz landatu guztira—

 olatu itsaskor azido nitrofosfatiko bat noiz agertuko esperoan

 ito zedin kanposantuko ehortzailea

 —nahiz eta izena inoiz gustatu ez izan—

 baina bazen zerbait eta Isaac-i egin zion apustu

 eta gero Moises-i

 eta gero zuhaitzen ordez hilen gorpuak landatzen hasi zen

 burdinolazko magma gori eta biguinean

 —650.000.002 gorpu landatu guztira—

 jada ez zuen itsasorik desiratzen

 euri azidoa etorri zitzaion gorputzeko beltza zurituz

 eta Afrikaren falta sentituz

 bere bakarkako lanean

 itolarria eta berriro ere gorpu faltan

 berea ehortzi zezakeela otu zitzaion

 baina herriminaren mendekuaren ardaskak ez zion inoiz

 sekula

 bere

 hazitik

 atera

 kontinentea.

 

Aro berria jaio da

 

 Nire begi beltzek elurpeko ganbarak dituzte laket

 ez baneza zilorik urratzeko

 ez banintz Afrikako seme

 beren bakardadeko penetan

 non da ama oihukatzen ohituak dira

 jaioberri gosetiak

 baina ez dut erantzunik jasoko

 —ulerkaitza—

 gainera imintzio negar gehiegi da munduan

 jaioberri gosetiekin nahasteko

 egin dezatela Babelgo dorre bat

 baina egungo demokraziak ez die barkatuko

 baina independentziaren egarriak ez die zigortuko

 ezkerralderantz okertuz gero

 nor dira bada

 oker fisikoa okerra dela argudiatzeko

 jainkoak baleza arraza oro elkartu

 aro berria jaio da

 negartiena galtzaileena

 ezkerrera okertzen direnena apila

 jaioberri gosetiek beraien ahultasuna onartuko dute

 ez dira makurtuko hala ere

 balizko jainkoen altzoan ahultasuna ezkutatzeko

 onartuz denbora geldituko diote agure mitomanoari

 aro berria jaio da

 baina

 nire begi beltzek elurpeko ganbarak dituzte laket

 ez baneza zilorik urratzeko

 ez banitu bi begi labanaz irekitzeko

 jaioberri gosetiak itsu dira

 odolez garbituz amaren malkoak

 ez da negarrik ahulak dira

 aro berria jaio da

 

 


inprimatu