Juanjo Olasagarre
Egunen lanbrotan galduta
antzinaren poderioz eroriak, erromes
huntzak itotako arkeologitan zehar
mugek mugatuak derrigor
bi ziren
ala hiru?
Pasaporte oro debekaturik
bere buruez eri, bere buruez izu
belarretan gogoratu zituzten
baserri egunak, heroeak, gudak
eurenak gehiago ez
eurenak ez
Bizitzen ikasi zuten
bizitzea denborari aurre hartzeko
modu bakarra dela dakitenen modura
mugaz harandik desbideratu isladaren esperoz
hementasun izugarriz
hemen
Bata iraganaren geroa zen
bestea, ordea, geroaren iragana
orainaren sarraskiak jarraitzen zuen artean
bi ziren edo hiru
edo batere ez?
Ohiturak, gorpuz ereiniko muga estu hori,
gaixotu egin zituen, bentzutu ia ia
ispilua begi itsua baitzen
arratsean norbait hiltzen ari zeneko eskenatokia
tokia besterik ez
Iparraldeko paisaia ikusten dudanean
Baigorri esaterako, edo Hendaia
nihaur nuzu ene bihotz ttipier beha
mendi muino guzti horiek, itsasorantz erortzen
'etxe ttikitto aitzin txuriak', laborari airosak
ene euskalduntasunaren paisaia gauzatuak.
Bortu elurtutan barna jaisten diren ur dostalari horiek
ugaderaren palazio, basajaunen pausaleku otzan,
putzu eta zingiretan amiltzen diren ur horiek
axit, urdin, ispiluaren errainu faun dira
ene baserri-ezinaren seinale, magal elbarria.
Zuhaitzek ohitura arkaikoei jarraituz
ipar-jendearen jiteak ereiten dituztenean
euriaren legeari atxikitzen natzaio
paradisua aurkitu dudalakoan oro berde
oro lanbro, irauteko leku bat.
Dena galtzera doala dirudielarik karriketan
sudur handi eta gihar horiek ikustean
desioa hantutzen zait begiratzearekin bat
garaia zaharretako haragi fresku horri
ohantze erraldoia erizten.
Iparraldeko mintzoak entzuten ditudanean
bozkarioak aire hartzen du kometa bailitzen
eta xangrina diot, zinkurina diot, altzürükü
gezurra diot, karana eta zonbait eta
kopon... zein ergela haizen!