inprimatu
Roque Dalton -El Salvador-
Izenburua:
Roque Dalton -El Salvador-
Sinadura:
Roque Dalton
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Gorka Arrese)
Egilea(k):
Dalton, Roque
Gorka Arrese

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
23/24.zk.
Orrialdea:
144-149

Roque Dalton

—El Salvador—

Roque Dalton

 

euskaratzailea:

Gorka Arrese

 

         Roque Dalton, salvadortarra, 1935ean jaioa, 1975ean eta Ejército

 Revolucionario del Pueblo (ERP)ren militante gisa bere herrira

 klandestinitatean sartu zelarik asasinatua...

         Jesuitetan ikasi, eta gero El Salvador, Chile eta Méxicoko

 unibertsitateetan izan zen ikasle. Partidu Komunistakoa, behin baino gehiagotan

 giltzaperatu zuten, eta 1960an heriotzera kondenatu —ez zen bete ordea epaia,

 José María Lemus diktadorea exekuzio data baino lau egun lehenago erori bait

 zen—. Birritan ihes egin zuen kartzelatik. Herbesteratua ere bizi izan zen

 luzaz: Guatemalan, Méxicon, Txekoeslovakian, Cuban.

         Ondoren datorren Nazim Hikmet-i gutuna"La ventana en el rostro"tik

 (1961) hartu dugu. Ondorengo 357garrena,"Taberna y otros lugares"etik (1969).

 Azkeneko Albiste txarrak...berriz, "Poemas de la última cárcel" deitu bilduma

 txikitik. Horietaz gain beste lanok inprimarazi zituen: "El turno del ofendido"

 (poesia, 1962); "César Vallejo" (saiakera, 1963); "Los testimonios" (poesia,

 1964); "¿Revolución en la revolución? y la crítica de la derecha" (saiakera,

 1970); "Miguel Mármol" (testimonioa, 1972); eta "Las historias prohibidas de

 Pulgarcito" (prosa eta poesia, 1974).

 

Nazim Hikmet-i gutuna

 

 Nazim kamarada:

 

 goiz honetan gogoan dut Peredelkino-ko zure etxea

 pinu erraldoien artean basoko bihotzaren pareko,

 gogoan dut begi antartikarren zure anaitasun zabala,

 zure poesiaren kristalinitatea.

 

 Gorderik dauzkat zure opariak: goilarea

 zurezko nabarra eta Lenin-en portreta

 eta espero dut Izalco-ren buztinezko buru beldurgarria

 zure eskutan utzi nuena

 sarritan mintzatuko zaizula ene herri txiroaz

 eta bere ogi gogorraz.

 

 Nazim kamarada:

 asalduraren auzotik idazten dizut,

 El Salvador-eko

 Quinta Bartolina de la Penitenciaría Central-etik.

 

 Ezin izan nuen lehenago egin aske bait nintzen

 eta askatasun jostalari eta burbuilatsuaz batek ezin ditzake

 hitzak presoen gailurreraino altxatu,

 preso zahanenganaino zeinak zuk bezala erakutsi zuten bidatza

 behatuz gartzelari harrizko pasagune nimiño bat gehiago bailitz

 guztion etorkizuneko askatasunetik pitin bat merezi izateko bidean.

 

 Preso naukate, kamarada, orain hemeretzi egundanik.

 Burdin gori azidoez larrosa iluna,

 euren abeniaren bihotza, urratzen duten horietxek

 hartu zuten ene askatasuna objetu single baten gisan

 eta gorrotoz, ziegazainez eta harresiz inguratu ninduten

 eta kendu airearen bihurriak,

 izarrak, kaleak, neskatoen begiak,

 latitude hauetako euri frangoa

 gure larruazala bilatzen duena sua kausituz.

 

 Eta hemen naukazu, bere gogoz kontra asesino gizajoarekin batera,

 lapur eta estupradore eta erratuarekin batera,

 gure eguneroko irain eta lohia konpartitzen

 aldarrikapen amankomunean hatsa elkar nahasiz ziega hagen atzean,

 hegal mindu enara nekatuak bezalako egunen joan etorriak ikusmira,

 edozergatik akusatuta esperantza maitatu eta bizitza defendatzeagatik

 eta behin behingoz gizon izaten hastearren,

 dena emanda, dena hartuta,

 gertaeragatiko ene harrotasun begibistakoari

 errepaso emateko apenas gelditu gabe.

 

 Noiz irtengo naiz hemendik? Horrek bost axola.

 Balio duena, gorrotoaz, oinazeaz, zalantzaz gaindi

 tinko jarraitu behar dugula bihotzaren taupadan

 beti borrokarekin bat, esperantzari so,

 eta alegera, alegera oso, oso alegera...

 

 Barkatuko duzu ene esamoldearen eta ideien traketsa:

 sukar pixka batez nabil, logura apur bat

 ene esku ero eta zerebroaren artean;

 gainera, egunkariak

 beste lagun batzu atxilotu dituztela dio...

 

 Badoazkizu azken egun hauetako poema batzu,

 non ziegako lagunak diren mintzo,

 batzu bakarrik, hirurehun eta hogei bagara eta.

 Agurtuko duzu Memet? Biziki zaindu behar da

 bihotza.

 Batez ere gaur Amerikak

 hamaika ate dituelarik zuretzat eta zure bertsoentzat.

 Ez dizut gehiagoz zure denbora puskarik kendu nahi

 —urtu al da honez gero Moskuko elurra?—

 eta lerrook amaitzen ditut besarkada bero batez.

 

 Gero arte. Darraigun

 egunsentia mastaratzen.

 

Albiste txarrak egunkari puska batetan

 

 Gaur lagunak hiltzen direlarik

 euren izenak bakarrik dira akabatzen.

 

 Putzu bortitz honetatik nola gura ukan

 haruntzago heldu ahal izatea tipografiak baino,

 distirazko belzgune fin

 memoria intimoetarainoko gezi.

 

 Gartzeletatik ate bizi denak bakarrik

 ondra ditzake gorpuak, sendatu

 euren hildakoengandiko oinazeak,

 hatzazal eta malkoz marraskatu hilarriak.

 

 Presoek ez; xistu baino ez dagigu

 oihartzunak mutu dezan albistea.

 

357-garrena

 

 Ziegazainak talde desberdinetan banatzen dira. Jardinetik barrena korrika ahoan

 ostaiskak dituztela konejuak harrika segitzen dituztenena, adibidez. Nire ziega

 parean herritar hitzak oihukatuz eta beren erlojuetan euriaren aparra ikusiz

 saltotxoka dabiltzanena. Eta goizaldean pisa egin eta batera (beren lanparen

 argiak nire aurpegia milikatuz) esnatzen nautenena, gaur are hotzago dagoela

 muzin esanez. Ez da inongo talde horietarikoa 357garrena, artzain eta musiko

 izan zena eta mendeku ez batere garbi bategatik polizia sartua eta zeini

 (357garrenari, alegia) hilabete honetan baja emango dioten. Dena, gau batean

 aldegin eta bere emaztearekin goizeko bederatziak arte lotan egon zelako,

 arauen iseka. Orain egun batzuk, 357garrenak zigarreta bat eman zidan. Atzo,

 fabrikatu nuen makil gako batez hesiraino hurbildu nuen anis-belar bat

 mastekatzen ikusi ninduelarik, Cubaz galdetu zidan. Eta gaur agian berarentzako

 —Chalatenangoko mendiez— poema txiki bat idatz nezakeela sujeritu du,

 oroitgarri gisa gordetzeko, hiltzen nauten eta gero.

 

 


inprimatu