Pabel Ortzantza
Lapurketa
Zilegitzat nuen poemak idaztea,
baina mundu hau
ez dago kontu askotarako
Ene poemak
poliziak kendu zizkidanean
komisarioak esan zuen
el cuaderno de las chorradas
desartikulaturik zegoela
Berriro ere
Bankujabeek gerrak antolatzen dituzte,
bonbek hiriak suntsitu,
"contra"k eskolak erre
eta poliziak poemak lapurtu
Ondoren,
herriak
hiri eta eskola hobeagoak
berreraikitzera ditu,
eta poetak
bertsoak berregin
Munstroaren hezurdura
Apika,
norbaitek pentsa lezake
paranoiko bat naizela,
baina zeldako leihotik
begiratuz gero
munstroaren hezurdura
dakusat
Gure espetxea gutxi balitz
beste bat parean digute egin
eta yankiek beren abioiekin
kriston zarata ateratzen dute
Gainera
inguruetan dauden
koartel militarreko
tronpeta hotsak
entzuten dira
Zoroetxetik hurbil ez egotea
da gehien
harritzen
nauena
Exterminio
Espainiako demokratek
ozenki dinote:
aqui no hay pena de muerte
Eta bitartean
kartzelako medikuek
mila kolorezko pastilez
preso gaisoak dituzte asetzen
...eta isolamendua
eta urrunera
eta gosea
eta ur hotza
eta munstroaren eskuetan
gaudela jakitea...
Gaur goizean zeldak irekitzean
sei urte zeraman preso
lagun baten gorpua
aurkitu dute
Presaka gabiltza
Gerrilero bilakaturiko
Etxarriko zurgin hori,
jo ezak,
jo Nikolas, jo!
Alboan laguna,
haruntzago Luzea.
Presaka gabiltza
eta bitartean
buruari galdezka
ze nolako poesia
egin behar den une hauetan
hiztegirik begiratzeke
idatzi eta irakurtzeko modukoa?
Momentu hau
poema epiko baten ahapaldia
herriak izkiriatutako
etengabeko poeman kokatua
besterik ez da
Noiz maitaide?
Itsasertzeko lilia zu,
eta ni,
amets hautsien marinela,
irlarik irla errakor,
katibu
Gauetan izarrak,
gaur hitz eta loreak,
hauxe duzu mementuz
enekiko zurea
Bihar izanen da bisita,
bizarra ondo moztuta,
pintxo jarri eta atera;
aldez aurretik nekien
etorriko zinela
Beti erretzen ditut zure eskutitzak,
azkenekoa ezik