Jose Luis Otamendi
paperik ez daukat
zuhaitzik ez dago
urrun dabiltza enaren hegoak
biguinegia da itsaso zabala
bertan idazteko
eguzkia oso ederra
pozaren sustraietaraino
lumaren muturra sartuz
nire bularrean idatzita utziko ditut
maitasun arrunt honen
zenbait pasarte hautatu
triste nago
geldoa naiz
sentipenak ditut nagi
bizitzeko
istripu bat behar begirada bakoitzeko
untzirik ez da ageri
gure herriaren antzerakoa:
pobre askorekin igande eguerdiz
ez dira etorri kaiuak
harkaitzik salbatzera
mutiko xaloen igurtzietatik
gaur ez da galdu
nire eskua
gerritik behera luzamendutan zurekin
ta bizkarrean poema hura
eguzki kremaz
ez dut nik hasi
ederrak dira
marinel askoren bisaietan
itsasoaren aingurak bekokiraino sarturik
belauntzien mihisetan tximeletak
itsasoa urrunegi amestu zutenak
hego eta hanka
neonezko iragarki eroak
sexurako deika abioiak
horra non dabilen
itxaropenaren azken odol tanta libratu ezin
gure sabelean
kemen faltan
hona non datozen
haize murmurioak
oso eme
autobusetako leihatiletatik euli grisengana
eta txartel baliogabea
memoriara baino ez doana
enamoratuok
asko pentsatzeke hiltzen gara
pozaren kariaz
ni jaiotzerako eginak zeuden
Txinako murraila
polizia pilak
Mediterraneoa
leialtasuna historia liburu beltzetan
ordutik hona
galdera asko erantzun dira
beste asko itotzen utzi harkaitz artean
jende asko hil da
ni hazi maitemindu eta
ergeldu egin naiz pixka bat
zu bakardadearen sinonimoak
ikasi ezinik zabiltza
katuen ikuspuntutik zure leihoa deskribatzeagatik
bizia ematera noa
atzo
elkarren arimaraino
iritsi ginen amodioan
gero
gaztelu zaharkitu
eta enaraz beteriko
amets banarekin lo hartu genuen
higandik ez oso urrun
zure sabelpetik arrain gorriak
ateratzen hasi dira
zuhaitzak hostorik gabe geratu
edertasuna begira
eguzkia irrikaz kixkali
zure izatarretan gora
ez naiteke bizi maitea
gure paisaiak aldika aldatzen ez badira
enarak nire adatsean
udazken bila