inprimatu
Zeru lainotuaren...
Izenburua:
Zeru lainotuaren...
Sinadura:
Dac oragne
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Dac Oragne

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
21.zk.
Orrialdea:
48-49

Dac Oragne

 

                                             (Dac Oragne, Europa ifar sortaldeko

                                         poetaren bost obra tipiren translazioa,

                                                     haien itzala doi doi dena)

 

           I

 Zeru lainotuaren

 azpian uhainak

 hondartzako urratsak desegiten,

 tristura basahate

 lerro bat da

 aidean iragaiten,

 gero eremu

 bakartietan ez da

 ezer geratzen,

 salbu eta amodio

 gutunen bat

 

           II

 Bizitza: ez da

 atzeruntz itzultzen

 eta, aurreruntz,

 ez garamatza inora.

 

           III

 Asun hostoak gara.

 Beste lekutara

 aldatu ezinak,

 haizeak gupida gabe

 astintzen gaituela,

 besarkada mingarriaz salbu

 amodiorik ezin dugula,

 igitaia zorrotzen irrikaz

 zimelduz bizi garela.

 

           IV

 Hare erlojua

 aleka aleka,

 eta haizeak

 ez du harearen

 erorketa astintzen.

 Kristala nekatua,

 hauskorra da

 mailu kolpearentzat,

 baina ez dago kolperik

 eta hareak, hareak

 agintzen du denbora.

 

           V

 Eta une bakoitzean

 herio nimino bat erratzen da

 errautsetarik, handi handitzen

 eta haran guzian

 nagusitzen da,

 behelainoa bezala,

 zirrikitu guzietarik sartuaz

 gizasemeen bihotzak konkistatuaz.

 

 


inprimatu