Sei poema atenporal eta amodiozko gutun bat
Iņigo Aranbarri
Eta dembora futuroa
contenituric dembora pasatuan.
Jainkoa zurekin, Elvira.
Hasera oro da zaila, ene guzizko andre noblia. Diego hil egin da. Atzo
ehortzi genuen. Nuevo Errotik irten eta kalenturaren infernuak inguratu zuen
hirugarren egunerako, Guatabitako bidean, sekulam ezagutu bageko gizon eta
emakumeei izkribatzen hasi zenean. Zazpigarren egunean, gurekin dugun indio
batek oihaneko matalpa artean Eldoradoko etxeen teilatu urreztatuak ikusi ahal
izan zituen egun berean, hemen bidaltzen dizkizudan poema hauek idatzi zituen.
Hogeitabatgarren egunean, eta beste zenbait gutun eta poema zirriborratu
ondoren, oinazez itorik, dohakabe haren su estalgaitzei amaiera ematea erabaki
genuen ezpata kolpe batez. Eldorado ez da inoiz ere nostalgikoena izanen
Elvira, eta zeuk ere badakizu horrenbeste. Geroa orain da hemen, eta iragana
oraina. Gutti falta zaigu oso gure tonbak urrez jantzi ahal izateko Elvira,
orduan, eta orduan bakarrik itzuliko naiz zugana, nire nekeak zuk eskainitako
ardo eta fruitu gozoetan behin betiko ur ditzadan.
Ahalguztidunak lagun zaitzala denbora infinitu honetan. Nuevo Erron.
1561eko udazkenean.
Hiru epitafio
Kaspar Hauser, Gizajo
Dorre zaharkituetako beleak
Zure gorpu hotzean
Habiratzen
Aintzira beltzak harrotzen
Jeremias, Profeta
Urrezkoak basoak
Urrezkoak lautada eta ametsak
Egunak haizeak legez
Magnolio hostoak zeramatzala
Novalis, Poeta
Oilar gorro doilorra
Erraien sakontasunean
Lanbroa larrazkenean
Itsu galtzen doala
Trakli bidalitako gutunetik
Itsuak gorderik zituen mizpirak
Irakutsi zenizkidan, Georg,
Eta hegazti urtu ginen
Ilargi odoleztatuaren zurrunbiloetan
Ozeano hustuan itotzen ziren
Suge Gorriak ahoratu nahiean
Nastassja Kinskiren portretari begira
Bada oren bat arratsean
Non zure eskua errauts den
Non zure ezpainak amapola zimel
Bada diztira bat oihanean
Non teilak zure azal diren
Non tenplua zure piku
Springsteen delako bati
Lurrari begira gelditu ginen: Hondarra
Eta belar iharrak
Zaldi lainotuen beldurrez
Eskuak eztanda egin zigutenean
Eta ezkutua lurralde beltz bat
Eta ezpatak urkien itzalak