Old Death.en azken bidaia
Iņigo Aranbarri
Bi poemok korsario batek eskuartean duen domino fitxa bat osatzen dute.
Bata eta hirua. Luzea da, luzeegia seguraski sablez eta ezpata itsuz bakarrik
aurre egiteko bataren bruxula orratzari jarraikiz hegorako bidean aurki
dezakegun itsas suge dizdiratsua, hala nola den luzea hiru puntu hoietatik
irtendako untziaren bidaia zurrunbilotsua. Dena den, beti iruditu zait
Maracaiboko altxor ororen gainetikoa domino fitxa bakan horrek bere baitan
gordetzen dituen bi poemetako antologia hau, heriotzaren faro beltza atzean
utzi eta heriotzaren faro zurirantz itsu itsuan doan goletaren abentura
zaharkitu hau, faroaren argi ahula inguratzen duen arrezifearen bihotzean
hondarratzen den arte, haizkorazko haitz guziak suizidaz eta ume hilez
zorrozten diren arte.
Poema do neno morto
Hemen ni nagoen lekura dator ene ondora
eta urreztatzen hildako mutil baten azala
eta uso ttipi zuri odoleztatua
hildako mutilaren esku haustertuaren gainean
eta kanta berri sarraileztatua
hildako mutil honen ezpainen gainean
elur zimelduak eta eki hilak
ene begien eta hildako mutil honen artean
otoitza eta egurraren logika
hildako mutilarengan egun jaioak
olibaondo antzuaren ondoan urreztatzen da
hildako mutil honen apar azala
f. sesto novas
Presuicidium, verbi gratia
Oraindik daramat eskumuturrari loturik
iazko sanjuanetan oparitu zenidan
isidore ducasse erloju hura
zure lore morea bezain beharrezkoa
izan dezakedalako atea zabaltzean, limoiurezko egun moteletan.
Ez dut hitzik izkiratu.
Ezagutzen nauzu, c'est trop topique
Menbrilo liketsuen lanbroari begira
entzun dut zure iztarrarteko horbel hotsa, marrubizko olatua.
Eta arratsaren errautsa atearen hutsean.
Bai, berandutzen ari zait.
r. mervin