inprimatu
Amodio eta desamodioaren harietan irule
Izenburua:
Amodio eta desamodioaren harietan irule
Sinadura:
Xabier Mendiguren Elizegi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendiguren Elizegi, Xabier

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
16.zk.
Orrialdea:
64-69

Amodio eta desamodioaren harietan irule

 

F.J. Mendiguren

 

           I

 Penelope

 hel zakizkit

 eta jostunen ofizio apala erakutsi

 nola josten duten behatzek

 sare harrapatzailea

 nola askatzen duten gero

 korapilo libraezina

 egunez egindakoa

 gauez desegiten

 egunez ahaztutakoa

 gauez berrikasten

 

           II

 Afrodita

 jainkosa zaharra

 zergatik eskatzen diozu horrenbeste sufrikario

 zure erlijionean

 iniziatu nahi duenari?

 

 Isthar

 atso zaharra

 zertarako erre behar zaizu horrenbeste eskeintza

 aldare gotor horretako

 betiereko suan?

 

 Astarte

 puta zaharra

 zer eskeintzen diezu zure meneko gaixoei

 malkoizerdiodolezko

 sakrifizioen ordain?

 

           III

 Julieta

 zuk badakizu

 eskailera erortzen

 uzten baduzu

 zurubian gora

 igoko zaizuna

 lehen floria

 are bizia

 ohostuko dizkizun

 herio hotza

 puinal zorrotza

 izanen dela.

 Julieta

 huntzak ezin dio

 igotzeari utzi

 eta zuk ezin eutsi

 amiltzeko agintzen dizun

 barrengo abotsari.

 

           IV

 Bokila luzea

 ezpain gorrietatik

 apartatu eta

 ke hari mehe luzea

 aurpegira bota zenidanean

           (A edo B)

 A: lurrun urdinska

     aidean galduz zihoan neurrian

     burdinezko kate motz eta astun

     bihurtu zitzaidan:

 B: ene sorleku eta izena

     ahantzi nituen eta

     gauza bakarra jakin

     aurrera begira:

 zure nauzu betirako

 Lili Marlen

 

Appendix: eranskin eta soberakina

 

         (Ehungintzan beti izan dira litsak. Izan bezate lekua, behin batean

 bederen, inolako jazkirik osatzera heldu ez diren eta zakarretarako izan ohi

 diren litsok)

 

 1.— Jeiki berria nahi zintuzket

       Nagiak maindire arteko jolasean kendu, berrezarri

       Zilborraren gau usainaz horditu

       Bizkarraren loguraz pausatu, etzan

       Larruazalaren zimurretan ametsen pusketak bildu

       Begi ninietako ur zipriztinez aztoratu

       Jeiki berria nahi zintuzket

       Guzti horretarako

 

 2.— Hedonista izanik

       aszeta izanda

       baldin zure behatzek

       apur bat doi-doia

       ukituko balute

       nere haragia

       eragingo luketen

       zainetako zartak

       buruko iletatik

       hatzazaletara

       larru azal guztia

       dardara bizian

       ipiniko lidake

       nahitanahiezean

 

 3.— Zure koloretea gorrixka da

       eta masaileei sagar onduen eitea eman nahi die.

       Koloretea duzu bigarren azala

       axalekoa

       zeren

       koloreteak ez baititu nere muxuak maite

       sentitzen ez dituelako eta

       akabua dakarkiotelako.

       Halaz guztiz ere

       maite zaitut

       koloreatuta ere.

 

 4.— Anguloa sekula osatzera

       Heltzen ez diren bi lerroren

       Arteko bisektriza ezarri

       Nahian nabil baina ezin

       Bertiza bilatu eta

       Segmentuek bat egin arte

 

 5.— Buzoian

       olbidoaren armiarma

       hiloihala fruten ari

       harategi berriko prezio merkeen propagandaz

 

       Telefonoz

       urrutiko izkinatik

       entzundako tutu erritmikoak

       kiriobera bihurtzen hezurmuinak oro

 

       Aurrez aurre

       begitarte hieratikoaren

       mustapil izoztuetan irakurri

       azken sententzia apelaezina: ene suizidioa

 

 6.— Neronen sentimenduen

       aktore txar eta erridikuloa

       besterik ez nintzen.

       Komedia bera ere

       zaharra, betikoa, ezagunegia

       —nere adaptazioa benetan kaxkarra—.

       Zuzendaritza lana

       tamala, negargarria

       —zer zuzenduko nion bada nere buruari?—.

       Nīk tristearena egiten nuen

       baina, egia aitortu behar badizuet,

       oso triste nengoen.

 

 7.— Taberna zikin bateko

       lababoko ispiluan

       karminez idatzi nizun

       azken mezu izkutua.

 

 


inprimatu