inprimatu
Giro epeleko geldiunea
Izenburua:
Giro epeleko geldiunea
Sinadura:
Gorka Setien
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Setien, Gorka

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
10/11.zk.
Orrialdea:
30-31

Giro epeleko geldiunea

 

Gorka Setien

 

 gozagarri da askotan

       bizitza bitxiek espaloietan uzten duten

         aztarna ahantzematea,

     ikustea nola izkutatzen diren

     aunitz begi pare atarietan

 

           gozagarri benetan

         kanuto eginberriari su ematea

       keak nota harrapatuko zaituen zain,

   kalean kaixo edo agur

       abiadaren erritmoa hautsiz,

 zuzen zehaztasunak deusezturik behin eta berriro.

 

   eder dira udan

     zuhaitz eta emakumeak

 —itzal eta laztan—

   haize geldiezin lehun adiskide artean

   auzoko plazan iji ajaka ezinbestean gerra faltan,

   bromak huskeria, tratuak poliki

       egitekoak garrantzirik gabeko solasaldi...

   goseak etxeko platera oroitarazten duen arte.

 

   otordua dela eta, pausoek bide bakarra dute

 bizitzaren gustoak urdaileko zukuak zuzpertzen ditu

 eta fruituen saporea berdintsua dela

   ohituraz uste duzunean

   giroan aldaketa bitxi bat gertatu ote den

   sumatzen duzu,

 barrurantz edo kanporuntz begiratu behar den

       jakin gabe.

 

       esplika ezin, hitzik ba dago baina zertarako

       ez lukete heuren amaiera aurkituko

         egunkariak bezala

   arrain frejituen hondakinak gordetzeko izango lirateke

 azkenean.

 

         adierazi ezina, baina sentigarri konprenigarri.

         gauzak dauden lekuan ongi samar daudela

             uler dezakezu une horietan,

   egunero bazkatzen dena dela bizitzaren edertasuna

         eta ni mila ur zatitan hausten banaiz ere

 tanto bakar bakartia naizela.

   horrela beldurrak ez luke zergatikakorik

 pena ez litzateke beltz, more iheskor baizik,

       irrifarra fruitu beharrezko

 gorrotoa lege ospetsu edo folklore

             eta amodioa ohitura bat besterik...

 

 —euriak melankolia xamurra erein zuen atzo,

     bere hotsa memoria da orain—

 

       heriotza gertu dagoenean

     memoriak zeru lurrak irekitzen ditu

           euria soroetara doa nigar egitera

         eta denak dagoen bezala jarraituko duela ikusiz gero

   ez naiz izutzen. beldurraren arrazoinari zergatik galdetzen bait diogu

 eta pena mores da bai, baina ez hain iheskor

       irrifarra ez da fruitu beti, baina egunero beharrezko

     gorrotoa lege bai, ez folklore... amodioa ohituratik urrun

         maitasuna odol bero bera,

               amodioa zu Ğmassağ

 

 


inprimatu