Ana Oiharbide
Eznuen uste zerua lainotuko zenik, baina zer ajola zitzaion pertsianaren
zulotxotik eguzki ņirņirrak argitzen zuen bitartean. Despetadoreak zortzirak
direla adierazten zuen, jeikitzeko ordua, bilerara joateko. Anttonekin geratu
zen bederatzietan autobus geltoki parean. Jantziak, gabean utzi bezala, alki
gainean zeuden, zapatak ikustean, ahaztezinezko goiz hura etorri zitzaion
burura. Ez zuen zapata soka aurkitzen, ez zekien non sartua izango zuen, behin
eta berriz gelaren bazter guztiak begiratu eta ez, alperrik!, ez zuen inon
ikusten etsi etsian ohe azpian begiratuko zuela pentsatu zuen, ez zegoen han
ere, baina eskua pasatzerakoan, hauts artean bereiz ez zitekean zerbait ikutu
zuen, oh! botoi bat, botoi xuri mate nakarrazko polit nat ikusi zuen, zein
polita! izugarri ederra iruditzen zitzaion begiratzen zuen bakoitzean. Sokaren
falta bete ahal izango zuen pentsatzen saiatu zen, baina ez zuen hartarako
balio, ala ere eginkizun bat aurkituko zion, politegia zen lau zulotxoz
zauritutako nakarrezko botoi hura bazter batean ahantzi edo eta mahai gaineko
hautsontzian, ileak lotzeko erabiltzen zituen gantxo bitxien artean uzteko.
Bazekien, Gorkari oparituko zion, Gorka, zuela hamabost egun biltokian ezagutu
zuen mutil hura, gustatzen zitzaion, bazuen halako zerbait, definitzerakoan
ezinezkoa gertatzen bazitzaion ere, orain oroimen triste bat besterik oz zuen
gordetzen... eginkizun bat aurkitzen bazion ere, maitasun muestra bat bezala
hartuko zuen. Hau ez zen horrela izan eta argi ikusi zuen. Gorkak, "nere
lagunari maite osoaz" zion papera kendu eta botoi arrunt hura ikustean, ez
zegoen burutik sano, adarra jo nahi ote zion? konturatua zen jadanik arin
xamarra zelaz, nola esan ahal izan zion bestela, ez zela bera maite zuen
bakarra. Baina gustatzen zitzaion Nekane, bere gauzak esateko era agian, gauzak
gehiegi gustatzen ez bazitzaizkion ere, bere espontaneitatea, ez zekien.
Nekanek mutil bat baino gehiago maitatzea, ordea, onartezina zitzaion, horrela
esan zion guztia hurrengo larunbatean biltokian ikusi zuenean. Gauzak ezin
zitezkeen hala izan, nolabaiteko zihurtasun bat behar zuen. Orain Nekanek
gertaera triste bat legez oroitzen zuen. Eztabaida gogor hartan, bere burua,
bere idei, asmo, pentsaera, gauza maitatuenak pakete batean sartu, zinta lila
hestu batez bildu eta, Urumeara botatzen sumatu zuen, ahaztezina zitzaion gau
hartako lokamuts samin hartan bezalaxe, eta ondoren sentitutako huts, hotz,
bizi zentzu galtze hura berpiztu zitzaizkion barnean, ez zuen horrelakorik
egingo, maiteegiak, bereegiak zituen gauza guzti haiek. Atzo Ion, Suen eskutik
ikusi zuen kalean, pozik zirudien. Zortzi t'erdiak ziren, dutxa bat hartu eta
lasterka gosaltzeko denbora bazuen oraindik, bilera interesgerria izango zen.
Antton, geltoki parean zain izango zuen.