inprimatu
Eta Aualon aldera abiatuz naiz
Izenburua:
Eta Aualon aldera abiatuz naiz
Sinadura:
Brut Lawemon
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Joseba Sarrionandia)
Egilea(k):
Sarrionandia, Joseba

Lawemon, Brut

Argitalpena:
Mazantini.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
4.zk.
Orrialdea:
10

Eta aualon aldera abiatuko naiz

 

Brut Lawemon

(XII.mende hasierakoa)

 

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia

 

 Eta Aualon aldera abiatuko naiz

 Dontzeilarik ederrena dagoen lekura,

 Argantegana, erregina,

 Eta berak sendatuko ditu ene zauriak,

 Osasuna itzuliko dit

 Senda edariak medio,

 Eta gero ene erresumara

 Etorriko naiz berriro

 Eta bretoiekin biziko naiz

 Arras zorionean

 

 Hitz hauk esaten zituela,

 Itsasotik untzi labur bat

 Arribatu zen

 Olatuek ekarriak,

 Barruan edertasun miresgarriko

 Bi andere zetozela,

 Eta Arthur erregegana inguratu

 Eta jaso zuten eta lehunki

 Etzun erazi zuten untzian

 Eta berarekin aldendu ziren.

 

 Horrela obratu zen

 Merlinek behiala esandakoa,

 Arthur abiatzerakoan munduaz

 Oinaze itzel bat jabetuko zela.

 Bretoiek uste dute

 Oraindik bizirik dirauela,

 Eta Aualon aldean bizi dela,

 Fatarik ederrenarekin,

 Eta Bretoiek Arthur itzuliko den

 Egunaren esperoan daude.

 

 Ez da egundo sortu,

 Ez da anderez erditu

 Arthur erregeri buruz egiatan

 Deus gehiago esan dezakeen gizakumerik.

 Baina behiala bazen

 Merlin zeritzan igarle bat,

 Eta harek hitzez hitz eta

 Egiazko hitzez igorri zuen:

 Arthur noizbait

 Bretoien herrialdera itzuliko dela.

 

 


inprimatu