inprimatu
Supazter xokoa neguan
Izenburua:
Supazter xokoa neguan
Sinadura:
Aragon, Pierre
Urkizaren iruzkina:
,9
Egilea(k):
Aragon, Pierre

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1975
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1274.zk.
Orrialdea:
5

Supazter xokoa neguan

 

Aragon, Pierre

 

 1

 

 Oi neguko aratsak supazter xokoan!

 Haizea ari dela hixtuka kanpoan,

 Ateak hetsirikan suaren ondoan,

 Elgarri kontra denak sukalde beroan.

 

 2

 

 Elurra firurikan jausten da zerutik

 Uria xorta xorta teilatu gainetik

 Arimak sartu nahiz atearen azpitik

 Herratuak intzirez ibilki kanpotik.

 

 3

 

 Azantz bakar bat ez da kanpoan ageri,

 «Xuriko» ber bera da erausika ari

 Zorigaitz arats huntan mendian denari

 Tanpa, tanpa ilunbean bakar dohanari.

 

 4

 

 Zer goxoa beraz gaur, gure etxeñoan,

 Kanpoan hotz bezainbat goxoño barnean.

 Xingar gorri, esnea lodia kaikuan

 Gaztenak pinpi panpa zartaka paderan.

 

 5

 

 Aittatto jarririkan bere zizeluan,

 Pafa, pafa ari da pipa bat ahoan,

 Aita erne ernea, kanita eskuan,

 Xitxuketan eman da, Aittattoin ondoan.

 

 6

 

 Otoitz bat egin eta, huna afaria,

 Erregek ere ez du gure janaria,

 Bakotxak beratz hartzen bere izaria,

 Sototik ekarririk mamatxo gorria.

 

 7

 

 Harat hunat badoha gure ama ona,

 Erle bat kofoinean iduria dena,

 Ze ama deutzuna Jainkoak emana.

 Erregina batentzat sal ez litakena.

 

 8

 

 Bere gopor esnea lorian husturik

 Amatto hasi zauku, kiloa harturik,

 Piru piru iruten, ezpainak bustirik

 Errhi luze xurietan ixtupa bihurturik.

 

 9

 

 Haurrak oro orduan, Amattoren gana,

 Lerro, lerro doatza. Sematxi lehena

 Lausengaka, oihuka: «oi Amatto ona,

 Ixtori bat errazu duzun pollitena».

 

 10

 

 Aitattok berriz dauka pipa ezpainetan,

 Aitak ere kanita bere eskuetan,

 Ezti, eztia hasi zeie konderetan

 Amatto, irriño bat ageri hortzetan.

 

 11

 

 Haur gaixoak tokian baitira lokartu

 Otia su-ondoan ari, dena kantu,

 Arraxin mukuzua, emetzi da hurtu,

 Attatto, pip'errerik, ahorrosikatu.

 

 12

 

 Hots, haurrak, otoitzean eman gaiten denak

 Izpiritu gaixtoa urrunt dezan Jaunak,

 Kanpoan kanta beza haize gaixtoenak,

 Ez gaiten ez beldurtu etxean girenak!


inprimatu