inprimatu
Xalbador eta Mattini
Izenburua:
Xalbador eta Mattini
Sinadura:
Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Panpilli

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1974
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1253.zk.
Orrialdea:
5

Xalbador eta Mattini

 

Zubiria, Jean Pierre (Panpilli)

 

 1

 

 Kantuak irakurri baiditut kazetan

 Berri hau ikasi dut nik uste-gabetan

 Mattin eta Xalbador direla penetan

 Lausengatu nahi tut hemen biak betan.

 

 2

 

 Ezin haundia dela hoien bihotz-mina

 Etxetik partiturik semetan lehena

 Horrela berextea da gauza samina

 Zeren etxean baitzen leku hoien dira.

 

 3

 

 Pertsulari haundiak Xalbador ta Mattin

 Jendea jostatzen da beti jeun hoiekin

 Denetan alegera ikustiarekin

 Nola pentsa zutela hoik bihotzean min.

 

 4

 

 Primaderan xoriak iten du kafia

 Amodioz artatzen bere familia

 Gero umatu eta indarez betia

 Airetan partitzeko jiten gutizia.

 

 5

 

 Lande hegian eder gerezi ta eltxaur

 Lehenago gazteak izan gure guhaur

 Zaharren errana dut erreberritzen gaur

 Umeak ez direla beti egoiten haur.

 

 6

 

 Bertzentzat atxemaiten errex kontseiluak

 Horrek eztu sendatzen bihotz zaurituak

 Nahiz etxetik diren ainitz urrunduak

 Oroit biak direla orai gizonduak.

 

 7

 

 Bihotza triste eta arpegia ilun

 Semeak partituak etxetik hoin urrun

 Desire hau bieri, oi, egin dezagun

 Laster meta dezaten hor zenbeit miliun.

 

 8

 

 Batean pena eta bertzean malura

 Guretako munduan hoi baita ardura

 Adixkide maiteak, ez triste sobera

 Zuen semeak berritz etxerako dira.


inprimatu